Pazkoaldiko 6. igandea A (2017-05-21)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Batzuetan galdetzen didate –eta galdetzen diot neure buruari−: «Kristauok nolatan predikatzen duzue pozik bizitzeko, nolatan abesten duzue ALELUIA, nolatan aritzen zarete AINTZAKA Jainkoari? Nor bere baitan triste denean, nork bere familian ezbehar bat izan duenean, nork bere munduan miseria ikusten duenean?» Batzuetan galdetu izan didate horrelakorik, eta galdetu izan diot neure bizitzari.
Zaila da erantzun konbentzigarri bat ematea. Ezinezkoa, giza ikuspegi hutsean gelditzen bagara. Gaur (larunbata) goizeko irakurgaien otoitzaldian San Agustinek pista bat eman digu. Hasi da esanez: «Oraingo gure bizitza guztia Jainkoaren gorespen izan behar du, horixe izango baita geroko bizitzako betiko poza». Jakina, Agustin ez da gizon zozo bat. Eta gauzak bereizten badaki. Jainkoa goresten dugu, baina geure intziriak ere agertzen dizkiogu. Izan ere, oraindik ez daukagu eskura hitzeman zaigun hura.
Beraz, bi aldi bereizi behar ditugu esan digu Agustinek: orainaldia, probaldi eta atsekabe artean bizi duguna, eta geroko bizitza, poz betean biziko duguna. Pazkoaldi haurreko aldiak orainaldiko bizitza adierazten du. Pazkoaldiak, berriz, betiko bizitzan biziko dugu zoriona adierazten du; geroko bizitzako poz hau gogoratzen eta ospatzen dugu ALELUIA abesten dugunean. Beraz, aleluia eta gorespena dira gure kantu, bukatzen du Agustinek.
Horrenbestez, gure Aleluia, gure gorespenak, gure pozak ESPERANTZA dute oinarri eta sustrai. Eta esperantza hori janaritzeko eta elikatzeko elkartzen gara Mezan. Buruan ondo itsatsirik eduki beharko genuke hori.
Zoragarria da gaurko lehen irakurgaian entzun duguna. Herriak eskaturik, apostoluek diakono izendatu dituzten 7 diakonokoetako bat da Felipe hau; ez da Felipe apostolua. Esteban hil ondoren, kristau-predikariak mundura ateratzen hasi dira. Felipe diakonoa, nora? eta Samariara doa. Gogoratzen al zarete? Jesus eta emakume samariarra Jakoben putzu ondoan solasean: «Nolatan eskatzen didazu zuk ura niri», zu judua eta ni samariarra izanik?», esan zion Jesusi emakume samariar hark. Juduak eta samariarrak ez ziren konpontzen. Halere, Felipe hor doa Jesusen berri ematera. Eta samariarrek onartu! Zer xarma zeraman Felipek etsai zituen samariar haiek onartua izateko? Zer pentsatu handia guretzat, benetan. Alde batetik, norberaren aurreiritzi guztiak kanpora bota ditu Felipek, eta lehen etsaitzat ematen zituenetara joan da. Bestetik, nola joan, etsaitzat zaituztenek bera gogotik eta pozik onartzeko?
Eta ebanjelioa! Jesusek Espiritu Santua agindu digu. Parakletoa. Defendatzailea. Abokatua. Bitartekaria. Erregutzailea. Kontsolatzailea. Senideok, hori guztia da Jesusek agindu digun Espiritu Santua. Zein on handia egingo ligukeen, Andre Mariak egiten zuen bezala, hitz hauek bihotzean gorde eta hausnartuko bagenitu. Gure esperantza indartzeko bide handia eskaini digu Jesusek. Espiritu Santua.
Aldi berean, ordea, geu ere parakleto, defendatzaile, abokatu, bitartekari, erregutzaile, kontsolatzaile izan behar dugu besteentzat. Izan ere, ezin ahaztu dugu aste honetan HITZAn Iñigo Lasa biologo ikertzaileak esan diguna bezalakoak hor ditugula munduan. Esan digu: «Farmazia enpresek dirua egitea dute xede. Diru gutxi ematen du gaixo gutxi dituen gaixotasunak». Horrelako gaixotasun bat gogorarazi nahi izan digu Frantzisko aita santuak aste honetan berean: banan banan besarkatu ditu gaixotasun arraro bat, Huntington sindromea, jasaten duten 100 gaixo baino gehiago.
Horrelakorik egiteko okasiorik izango ez badugu ere, mila eratan izan gintezke guztiok esperantza-emaile. Felipe diakonoak Samarian egin duena bezalakorik ere ezin badugu egin, gaixo bati, pobre bati, hain gustukoa ez dugun bati… eskua luzatzen ahal genioke. Jesus berpiztuaren amak lagundu gaitzala esperantza hori bihotzean gero eta sakonago itsasten. Eta onar dezagun Jesusek eman nahi digun Espiritu kontsolatzailea.
DIONISIO AMUNDARAIN