Pazkoaldiko 5. igandea A 2017-05-14
HOMILIA

Anai-arrebok!

Esan genezake, gaurko ebanjelioaren muina Jesusen esapide hau dela: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Eta beste honek argiagotzen duela aurreko hori: «Ni ikusten nauenak Aita ikusten du».

Gaurko ebanjelio honen jatorria edo sustraia ikusteko, Joanen ebanjelioko 13. kapitulura jo beharko genuke. Kapitulu horretan, lau gai nagusi harrotu ditu ebanjelariak: Jesusek ikasleen oinak garbitu; Jesusek Judasen saldukeria iragarri; Jesusek agindu berria eman: maita dezazuela elkar, nik maite zaituztedan bezala; Jesusek Pedroren ukoak iragarri.

Jakina, giro horretan, ikasleak ez daude batere lasai. Hori dela-eta, hitz hauekin hasi da gaurko ebanjelioa: «Ez izan kezkarik: sinetsi Jainkoagan eta sinetsi nigan ere». Eta horren ondoren, testu honen muintzat eman ditugu bi esaldiak: batetik, neu naiz bidea, egia eta bizia; bestetik, ni ikusten nauenak Aita ikusten du.

Txikitan irakatsi ziguten Kristoren Eliza, gu guztiok alegia, «bat, santua, katolikoa eta apostolutarra» dela. Oso ondo. Gure Eliza bat al da, santua al da, katolikoa al da, apostolutarra al da. Lau ezaugarri horiek banaka aztertzeak luze joko liguke. Aipa dezagun hauxe bakarrik: munduan hainbat eta hainbat zuzengabekeria ikusten dugularik, ba al da gure artean batasunik, horren kontra joateko?

Dena den, kontzeptu abstraktu horien aurretik. Beste puntu konkretuago bat gogo eman beharko genuke: gure Eliza honek, guk geuk alegia, ba al dugu Jesusen antzik. Jesusen antzik ez badu, Jesusen antzik ez badugu, neurri berean ez gara egiazko Eliza ere. Jesusen Elizak Jesusen elkartea esan nahi du.

Jesusen antzeko izateak, hura bidetzat hartzea esan nahi du. Haren ildoan, haren golde-arrastoan ibiltzea. Eta zein bide egin zuen Jesusek: miseria salatu, zuzengabekeria salatu, pobretasuna salatu, norbera zuzena dela eta besteak bekatari direla uste izatea salatu, eskuartean zuena partekatu, harrokeria alde batera utzi eta oinak garbitu, Jainkoaren egoitza omen zen tenplua negozio-leku eta lapur-zulo bihurtu izana salatu, bere barruak esaten zion bidea eten eta beste bat, erosoagoa, hartzeari uko egin eta mundua salbatzeari ekin jakinik heriotza ekarriko ziola. Jesusen bidea, senideok, munduarentzat bizitza duinago baten bila ibiltzea izan zen.

Azken batean, Jesusen bidea maitasun izatea izan zen. Egiazale izanik, bai Jainkoarekin, bai hurkoarekin, bai norberarekin. Batez ere, esango nuke, norberarekin. Ez baita hau hain erraza. Zenbat aitzakia asmatzen ditugun geure kontzientzia lasaitzeko! Eta hirugarren, bizia maite izanik. Bizia, bere esanahi osoan: amaren erraietan dagoenaren bizia, goseak dagoenaren bizia, mugiezinik bizi denaren bizia, giltzapean dagoenaren bizia, oker handi bat egin dizunaren bizia. Betiere, bizia den bizia. Existitze hutsa baino gehiago den bizia. Poza den bizia, Bakea den bizia.

Senideok, Jesus ikusteak zeruko Aita ikustea esan nahi du. Jainkoak nahi dezala, gu ikusteak jende bat Jesus ikustera eta Jainkoa ikustera eramatea. Erregutu diezaiogun Fatimako Andre Mariari lagundu gaitzan.

Dionisio Amundarain