PAZKOALDIKO 5. IGANDEA A 2017-05-14
SARRERA
Senideok, Pazkoaldian aurrera goaz. Komeniko litzateke bakoitzak bere buruari galde egitea: zertaraino aurreratu dut pazkoaldi honetan Jesus berpiztua ezagutzen, eta harekin bat egiten?
Gaurko ebanjelioan Jesusen hitz hauek entzungo ditugu: «Neu naiz bidea, egia eta bizia». Judasen saldukeriaz eta Pedroren ukoaz Jesusi entzutean, nahasirik bezala dauden ikasleei esandako hitzak dira. Arazoa ez da Jesusen irakatsiak ulertzea, baizik eta Jesus bera onartzea, konfiantzaz: gidari ona dugula, egiazale hutsa dugula, bizia eman digun maitasun hutsa dugulako konbentzimenduz, Jesus onartzea da kontua. Sakontasun handiko hitzak dira Jesusen horiek: bidea, egia, bizia.
Horixe izan zen lehen mende-bukaerako kristauen esperientzia. Jesusengan Jainkoaren presentzia sumatu zuten. Jesusengan zeruko Aita bera ikusi zuten. Guri ere, Jesusen Jainko hori aurkitzen saiatzea dagokigu; beti ere Jesusen Espirituaren argiaz.
Hain zuzen, hemendik hiru astera ospatuko dugu Espiritu Santuaren etorrera. Eska diezaiogun, gida gaitzala Jesus ezagutzera eta onartzera; ezagutzera eta maitatzera; onartzera, Jesus dela gure bidea, gure egia, gure bizia.
LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (6,1-7)
Hasierako Elizaren kontakizunetan, Eliza izena oso familiar ageri zaigu; Apostoluen agintea ez da monarkikoa; ez dute esaten: guk agindu eta zuen obeditu. Elkarte osoak hartzen ditu erabakiak; adibidez, lehen zazpi diakonoak kristau-elkarteak aukeratu ditu; apostoluen egitekoa, haiei eskuak ezartzea izan da, Espiritua har dezaten. Gaur egun Elizan gotzainen, apaizen eta abarren izendapenak nola egiten diren hausnartzera garamatza horrek.
Beste alde batetik, lehen kristauen elkarte haiek giro zerutarrean bizi balira bezala hitz egin digu liburuko seigarren kapitulua arte Eginak liburuak. Gaur, ordea, besterik esan digu. Batetik, greko kulturako kristauek kexu dira, beraien arteko pobreei kasurik egiten ez zaielako. Geroago beste arazo bat harrotuko da: kristau juduzaleen eta paganismotik etorritako kristauen arteko tirabira.
Horrek guztiak begiak irekirik bizitzera gonbidatzen gaitu. Zein tirabira bizi ditugu gaurko Elizan? Nola konpontzen dira edo okerragotzen? Eska diezaiogun Espiritu Santuari argia kristau guztientzat.
BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehen gutunetik (2,4-9)
Entzungo dugun zati honetan, Elizaren teologia sakondu nahi da. Zer da Eliza? Eta erantzun hau ematen digu: apaiz-herria da, sakrifizio espiritualak eskaintzen dituen apaiz-herria. Eta hau gaineratzen du: Jainkoari sagaratutako herria da, ilunetik argira etorri dena, Kristogan oinarritua. Beraz, kristau guztiak gara apaiz, Jesus bera bezala. Hartzen al dugu hori gogoan?
Jesusekiko fedeak egiten du Eliza. Gurutzean hil duten, baina Aitak piztu duen hura onartzeak definitzen du Eliza. Horrek guztiak, izateko eta bizitzeko modu berri bat esan nahi du. Arazoa ez da Jesus ezagutzea; arazoa da, Jesus ezagutu, maitatu eta haren jokabidea geure egitea.
Senideok, zer diogu horretaz? Gaurko Elizak benetan bizi al du Jesusekiko fedea? Beraz, gaur Eliza benetan al da benetako Eliza? Eliza esatean, kristau guztiok eta bakoitza esan nahi da.
EBANJELIOA San Joanen liburutik (14,1-12)
Jesus Afaltokian dago, hil baino ordu batzuk lehenago. Une horretan egin du «Afariko Hitzaldia» deitu ohi dena. Oso luzea da. Besteak beste, Jesusek badoala agertu die ikasleei. Behin eta berriz eten diote ikasleek Jesusi hitza. Ikasleen galderez baliatuz agertu die bera joatearen arrazoia eta esanahia. Honela laburtu genezake: Aita eta biok bat gara; ni ikusten nauenak Aita ikusten du; neu naiz bidea, egia eta bizia.
Jesusekin bat egiten duenak, Aitarekin ere bat egiten du. Jesusekin bat egiteak, harengan sinestea esan nahi du. Harengan sinesteak, harengan konfiantza izatea esan nahi du. Harengan konfiantza izateak, Aitak Jesusi gomendatu dion lanean parte hartzea esan nahi du. Beti ere, jakinik, Jesus geure artean eta geurekin izango dugula.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Elizan «egiteko» berezi bat dutenen alde: beren lanbidea zer eta zertako den pentsatzen jar daitezen, lanbide hori ebanjelioaren araberako bihurtzeko. Eska diezaiogun Jaunari.
2.- Beren barruko kezka eta ardura agertuz, Mezan hau eta bestea egin beharko litzateke pentsatzen eta esaten dutenen alde: Jesusen eta Liburu Santuen arabera, Meza zer den hausnartzera jo dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Mundu osoan, galdurik, norabiderik gabe edota nora doazen pentsatu ere gabe bizi direnen alde: lagun hurkoaren laguntzaz, dagokien bidea aurkitzeko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Gu guztion alde: zailtasunen orduan, argia Kristogan bila dezagun. Eska diezaiogun Jaunari.