BAZKOKO BOSGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Apostoluen lehen laguntzaileak )

Apostoluen Egintzetarik 6,1-7

1 Egun heietan, dizipuluak gero ta gehiago zirelarik,
greka-hizkuntzakoak erasiaka ari ziren
hebrear-hizkuntzakoen kontra,
baizik eta heien alarguntsak bazterrerat utziak zirela
eguneroko janari partiketan.
2 Hamabiek orduan dizipuluen biltzarra bildu zuten,eta erran zioten:
“ Ez da egoki, guk Jainkoaren Hitza bazterrerat utz dezagun,
mahainetan zerbitzatzeko.
3 Beraz, haurrideak, hautazkitzue zuen artean
omen oneko zazpi gizon, Izpiritu Sainduaz eta zuhurtziaz beteak,
eta heieri emanen diegu lan hori.
4 Gu, aldiz, otoitzari eta Hitzaren zerbitzuari emanen gitzaizkio.”
5 Biltzar osoak ontzat hartu zuen proposamena, eta hautatu zituzten
Extebe, fedez eta Izpiritu Sainduaz betea zen gizona,
Filipe, Prokoro, Nikanor, Timon, Parmenas ,
eta Nikolas, Antiokiako judu berria.
6 Aitzinerat ekarri ziozkaten Apostolueri,
eta hauek, otoitz eginik, eskuak gainean ezarri ziozkaten.
7 Jainkoaren hitza gero ta gehiago zabaltzen ari zen,
dizipuluak handizki emendatuz zoatzin Jerusalemen,
eta apez ainitz ere fededun egiten zen.

“Apostoluen Egintzek” kondatzen daukute mendekoste ondoan jende anitz giristino bilakatu
zela Apostoluen hitzari esker. Bihozberritu horiek juduak ziren bainan ez hizkuntza berekoak.
Lekukoek hebrearra mintzo zuten. Diasporako juduek aldiz grekoa zuten beren hizkuntza.
Hauetarik anitz Jerusalemen bizi ziren. Apostoluen Egintzek berek erraiten daukute elgarrekin bizi
zirela, beren ontasunak partekatzen zituztela anaitasun handiagoan bizitzeko. Gizona gizon baita,
preferantxak bazitezken. Justiziarik gabe bakerik ez. Alarguntsen artean berexkuntzak egiten zirela
ta, eztabada sortu zen. Gauzak beren ozkan ezartzeko, zer eginen dute apostoluek? Larderia gogorki
finkatuko, marmarak ixilarazteagatik? Ez, mintzatuko. “Hamabiek, orduan, dizipuluen biltzarra
bildu zuten” erabakia denen artean hartzeko. Hola egiten zen Elizaren hastapenetan eta hola egin
behar litaike gaur egun ere. Erabakiak hauek izan ziren : Apostoluen egitekoa otoitza eta
Berrionaren hedatzea izanen zela, eta jatekoaren emaitea zazpi gizonek segurtatuko zutela. Denek
baietz : “Biltzar osoak ontzat hartu zuen proposamena.” Helburua, fededunen artean bereziki, ez
ote da bakarra : “Bat izan ditela munduak sinets dezan” (Jondoni Joani).

Salmoa 32

Leloa: Gure gainerat ager, Jauna, zure betiko bihotz ona,
Gure bihotza baita dena zuri osoki, Jainko Jauna.

Bihotz garbiak, bozkario! Jaunari kantu zor baitzaio.
Garbi denari doakio Helaraztea laudorio.
Jainko Jaunaren goresgarri Xirribika jo, kantuz ari.
Kanta gogotik kantu berri, Bai soinu-kantu egin hari.
Jaunaren hitza beti zuzen, Haren egintzek oneratzen.
Zuzen legeak ditu maite, Haren bihotzak lurra bete.
Huna bai Jauna dena begi, Hari daudenen zain egoki.
Heriotzetik ditzan jalgi, Eta nasaiki eman ogi.
Salmo huntako bertset bakar zenbait emaiten zaizkigu kantatzera, Bazkoko bozkarioaren
erakusteko eta ospatzeko egokiak direnak.
“Bihotz garbiak, bozkario! Bihotz garbiak ere bekatoreak dira, bainan Jaunarekin bizi
direnak, haren baitako konfiantza osoarekin, haren xedean sartuz, Jainkoarekin eskuz esku.
“Kanta gogotik kantu berri”. “Berri” horrek ez du erran nahi sekula izan edo entzun ez
dena. Amodiozko hitzak, errepikaturik ere, beti berriak dira, hain xuxen amodioak berriz sortzen
baititu. Jainkoa ere beti berri da eta berri sortzaile, maitasun denaz geroz. Nolaz asma daiteke
Jainkoa bizar zuri batekin?
“Jaunaren hitza beti zuzen, Haren egintzek oneratzen.” Bi hitz beti elgarrekin doatzinak
Jainkoa baitan : hitz (eman), egin. Jainkoaren hitza eragile da. Ez doa hitza alde baterat eta egitea
besterat, edo hitzeman eta ez egin. Jainkoarekin beti “hitza hitz “ da, erran nahi baita erraiten duen
guzia egiten duela. Izraelek badaki horren berri. Bere historian frogatu du : Jainkoak librantza
hitzeman duelarik beti libratu du, eta libre egoitera bultzatu, Jainko faltsu guzietarik libre. Zein
nekez sinesten dugun Jainkoa libratzaile dela, ez estekatzaile, ez zapatzaile !

Bigarren irakurgaia

( Apez-herria )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 2,4-9

Haurrideak,
4 hurbil zakizkiote Jesus Jaunari:
hura da harri bizia, gizonek baztertua,
bainan Jainkoak hautatua, eta haren begietan balio handikoa.
5 Zuek ere, harri biziak iduri,
izpirituzko Tenpluaren eraikuntzan parte har zazue,
eta apezgo saindu izanen zirezte,
Jainkoari atsegin zaizkion izpirituzko opariak eskaintzeko
Jesu Kristoren bitartez.
6 Hau dio, alabainan, Liburu Sainduak:
Huna: Zionen harri bat ezartzen dut
izkin-harri hautatu eta baliosa.
Hartan sinesten duena, ez da ahalgeturik geldituko.
7 Zuentzat,beraz, sinesten duzuenentzat ohorea;
sinesten ez dutenentzat, berriz, Liburu Sainduak dio:
Etxegileek baztertu harria izkin-harri bilakatu da,
8 bai eta behaztopa-harri ere, erorarazteko harroka.
Behaztopatzen dira, Hitza ez dutelakotz onartzen:
hortaratu beharrak ziren.
9 Zuek, aldiz, arraza hautatua zirezte, errege-apezgoa,
nazione saindua, Jainkoak beretzat hartu herria,
ilunbeetarik bere argi miresgarrirat deitu zaituzten
Jainkoaren egintza miragarriak oihuka ditzazuen.

Kristoz mintzatzeko Petrik eraikin handi bat erak
usten dauku, harri pikatuz egina. Oinarria
Kristo bera da eta hartan sinesten dutenek osatzen dute delako eraikina. Kristo baitan sinesten ez
dutenak kanpo gelditzen dira, han hemenka barreatu harriak bezala.
Irudi horrekin Petrik ez du gogoan duen guzia erraiten. Pentsamendua frango koropilatsua
du eta aberatsa. Haren gogoeten hari zenbait berexten ahal ditugu :
– lehen irudia : eraikina, etxea, Jainkoaren betidanikako xedea da. Testamendu Zaharrean
testo zenbaitek “harri nausi” bat aipu dute : Mesias.
– bigarren irudia : Bi bideak, gure aitzinean zabaltzen direnak. Jainkoaren xedearen aitzinean
hautua badugu : edo eraikineko harri pikatu horietarik izan, edo kanpo egon. Hautu onak zorionerat,
argirat, bizirat geramatza; hautu tzarrak zorigaitzerat, ilunpetarat, heriotzerat. Biblian aipu direlarik
bat bestearen kontrako argi/ilunpe, bizi/heriotze, zorion/zorigaitz, hau konprenitu behar da : hautua
egin behar dugula.
– hirugarren irudia : tenploa, sakrifizioak. Emeki-emeki, bere esperientzia lagun, Izraeli
Jainkoaren egiazko aurpegia agertuko zaio. Jainkoarekin elkargoan bizitzen ikasi du, bereziki
profeteri esker. Begiak ideki zaizkio : Jainkoaren egiazko tenploa gizadia da eta egiazko kultua
bihotzeko samurtasuna.
Petrik Bibliaren erakaspen hori barneratua du : Jainkoaren xedea Jesu Kristo baitan bete da,
hura da eraikinaren oinarria, hari buruz du gizonak egiten hautu ona edo tzarra. Jesus da Jainkoaren
egiazko tenploa, harek dio Jainkoari eskaintzen egiazko sakrifizioa, bihotzetikako sakrifizio
izpirituala.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Zu zira bidea, egia eta bizia, Jesus, Jainkoaren Semea !
Zutan sinesten duenak, Aita ezagutu du.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 14, 1-12

Mundu huntarik bere Aitarenganat zoanean,
Jesusek bere dizipulueri erran zioten:
1 “ Ez dadila asalda zuen bihotza:
Jainkoaren baitan sinesten duzue, sinetsazue nere baitan ere.
2 Nere Aitaren etxean egoitza frango bada.
Bestela, erranen ote nautzuen:
banoa zuentzat tokiaren prestatzera?
3 Joan eta tokia prestatu ondoan,
berriz etorriko naiz, eta nerekin hartuko zaituztet;
eta ni nagon tokian, zuek ere egonen zirezte.
4 Eta badakizue ni noan tokirako bidea.”
5 Tomasek erran zion:
“ Jauna, ez dakigu norat zoazin; nola dakikegu bidea? ”
6 Jesusek ihardetsi zion:
“Ni naiz Bidea, Egia eta Bizia;
nehor ez doa Aitarenganat, nere bidez baizik.
7 Ni ezagutzen baninduzue, nere Aita ere ezagut zinezakete.
Oraidanik ezagutzen duzue, eta ikusia duzue.”
8 Filipek erran zion:
“ Jauna, erakutsaguzu Aita, eta aski zaiku.”
9 Jesusek erraiten dio:
“ Hainbeste denbora zuekin naizela, Filipe, eta ez nauzu ezagutzen!
Ni ikusi nauenak, Aita ikusi du.
10 Nolaz diozu: Erakutsaguzu Aita?
Ez ote duzu sinesten, ni Aitaren baitan naizela,
eta Aita nere baitan?
Erraiten dautzuetana, ez dautzuet nere burutarik erraiten;
nere baitan bizi den Aita da bere egintzen betetzen ari.
11 Sinets nezazue: ni Aitaren baitan nago, eta Aita nere baitan;
edo bederen, sinets nezazue nere egintzengatik.
12 Egiaz egiaz diozuet:
nitan sinesten duenak, nik egiten ditudan egintzak eginen ditu;
eta handiagoak ere, ni Aitarenganat bainoa.”

Lehen erranaldiak berak laburbiltzen du Jesusen solas guzia : “ Ez dadila asalda zuen
bihotza.” Dizipuluak nundik ez ziren asaldatuko? Etsaigoa sendi dute inguruan. Zenbaitek segurik
sumatzen dute beren ustea ustela dela : “Uste ginuen Izrael salbatuko zuen hura zela” erranen dute
geroxago Emauseko dizipuluek. Apostoluek ere esperantza politiko hortan sinesten zuten. Eta horra
beren buruzagia kondenatua…Ametsak lurrean dituzte. Jesus esperantza hori bere ozkan ezartzera
entseatzen da : ez du iraultza nazionalaren buruzagitza hartuko. Alderantziz, beti indarkeriaren
kontra mintzatu da. Halere, Israel beha zagon libratzailea, Jesus da. Apostoluen lasaitzeko, Jesusek
heien fedeari dei egiten dio : “Jainkoaren baitan sinesten duzue, sinetsazue nere baitan ere.” Bat
da Jainkoaren baitan sinestea, beste bat partida galdua duen baten baitan sinestea.
Jesusi emaiteko Jainkoari emaiten dioten fedea, apostoluek jauzi handia egin behar dute.
Hortarako Jesusek behar diote sendiarazi zenbatetarainokoa den haren eta Aitaren arteko batasuna :
“Ni ikusi nauenak Aita ikusi du”, “Ez ote duzue sinesten ni Aitaren baitan naizela, eta Aita nere
baitan?” Besteak beste, hitz bat bada hemen guziz ohargarria judu batentzat : “Ni naiz” .
Jainkoaren izena da. Hori erranez, Jesus Jainkoarekin parekatzen da. Bizkitartean Aita eta Jesus bi
dira : “Ni naiz bidea” (Aitaren ganakoa; bideak bi pundu berexten ditu.)
“Nehor ez doa Aitarenganat nere bidez baizik.” Horrek erran nahi du gizadi guzia Jesusen
kide dela, eta alderantziz Kristo ez doala Aitarenganat gu gabe, erranaldi hauek diotenaz : “Ni
nagon tokian, zuek ere egonen zirezte”, eta “Berriz etorriko naiz eta nerekin hartuko zaituztet.”
Jesusek solasa bururatzen du deplauki erranez : “Nitan sinesten duenak, nik egiten ditudan
egintzak eginen ditu.” “ Egintzak”, Biblian, Jainkoak egiten duen guzia da, bere herriaren
libratzeko. Horrek erran nahi du, dizipuluak Jainkoaren lankide direla munduaren libratzeko
esklabotasun mota guzietarik. Libratu libratzaileak gira, Kristorekin.