Pazkoaldiko 5. igandea A (2017-05-14)
Eliza jaio berri, sufrikario-jasaile, sinesle

Joan den igandean esan nuenez, Pazkoaldiko igandeetako hiru irakurgaiak Elizaren jatorriaz mintzo zaizkigu, Elizaren kontrako pertsekuzioez eta Jesusekin dugun erlazioaz.

Eliza jaio berria

Lehen irakurgaiak diakonoen eratzea dakarkigu, eta kristau-elkartearen ugalde hazkorra, apaizak ere atxiki zitzaizkiola azpimarratzen duelarik.

Jerusalemgo elkartea hebreera hizkuntzako juduek eta greziera hizkuntzako juduek (segur aski, jatorriz atzerritarrek, Diasporakoek) osatzen zuten. Bazituzten orduan ere hizkuntza-arazoak, gure garai honetan hain tipikoak direnak. Hebreera hizkuntzakoek goragoko jotzen zuten beren burua, jatorrago eta egiazkoago. Eta horrek bazuen zerikusirik emakume alargunekiko arretarekin. Lukasek, Apostoluen Eginak liburuko beste pasarte batzuetan elkarrekiko maitasuna eta parekotasuna hainbesteraino azpimarratzen duenak, ezin ezkutatu du kasu honetan, bazirela arazoak hasieratik beretik kristau-elkartean ekonomia-arrazoiengatik.

Diakonoak zazpi dira; kopuru sinbolikoa, betearena. Ematen du, eginkizun material hutserako hautatuak izan zirela, apostoluei aukera emateko apostolutzari eta otoitzari emanik bizitzeko; egiaz, alabaina, lehen bi diakonoek, Estebanek eta Felipek, zeregin apostolutarrean ere lan handia egin zuten. Esteban izango da, gainera, lehen kristau-martiria.

Eliza sufrikario-jasailea

Pedroren lehen gutunak gogora dakartza hasierako elizak jasan zituen pertsekuzioak eta zailtasunak. Ikusi genuen joan den igandean eta ikusiko dugu segidakoetan. Igande honetan, ordea, Jesusi eta beronen ebanjelioari uko egiten dietenak aipatzen dira; indartsu gogorarazten zaie difamatuak eta irainduak izan direnei Jainkoak eman dien egundoko duintasuna: «Arraza hautatua zarete zuek, errege-apaizgoa, nazio sagaratua, Jainkoak eskuratutako herria, ilunpetik irtetera eta haren argi miresgarrian sartzera dei egin zizuen haren egintzak hots egiteko».

Eliza sineslea

Ebanjelioak azken afarian kokatu gaitu, Jesusek ikasleei agur esan dien mementoan. Badu Jesusek, bakarrik gelditzean sartuko zaien beldurraren berri, eta bihotz eman die ikaratu ez daitezen, berriro aurkituko dutela eta behin betiko elkarrekin egongo direla azpimarratuz.

Testu honetan, definiziorik hoberenetako bat ageri da Jesusez, egokiena bera aurkezteko: «Ni neu naiz bidea, egia eta bizia».

Bidea, Aitagana iristeko (ematen du, ebanjelioak iradoki nahi duela, ezen Aitagana iristeko bide asko direla, baina Aitatzat harturiko Jainkoagana iristeko, Jesus dela bide bakarra).

Egia, duda-muden artean eta apur bat geroago Pilatok agertuko duen eszeptizismoaren aurrean, Pilatok esango baitu: «Zer da egia?»

Bizia, guztiok amestua, inoiz bukatuko ez dena, betiko bizia, jada mundu honetan hasiko dena eta honetan datzana: «ezagut zaitzatela zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk bidali zenuena, Jesu Kristo».

Laugarren ebanjelioan beti gertatu ohi denez, testuak agertu du erronka bat ere fedearentzat. Jesusengan sinestera gonbidatu gaitu, Jainkoagan sinesten dugun bezala; sinestera, bera ikusten duenak Aita ere ikusten duela; sinestera, bera Aitagan dagoela eta Aita beragan. Eta azkenean, erronkarik handiena: sinestera gonbidatzen gaitu, guk geuk, Jesusengan sinesten badugu, berak egin zituenak baino egintza handiagoak egingo ditugula. Ezina dirudi. Haur epileptikoaren aitak esan bide zuen: «Sinesten dut, Jauna, asko falta zaidala. Ordezka ezazu zuk zeuk nigan den fedegabearena».

José Luis Sicre