Pazkoaldiko 4. igandea A (2017-05-07)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko ebanjelioaren arabera, Atea da Jesus guretzat, benetako osasunerako Atea. Ate honetatik sartu-atera dabilena salbatuko da.
Pasadizo hau ulertzeko, bi gauza izan behar dira gogoan.
Bat. Jesusen garaian, eta gaur ere zenbait tokitan, artaldeak ez ziren izateko mila burukoak. Egunean artalde bakoitzak bere artzaina izaten zuen. Gauean, artalde desberdinak biltzen ziren eskorta berean zaindari bakar baten ardurapean.
Bi. Ebanjelioaren gaurko pasartea, Joanen ebanjelioaren 10. kapituluaren hasiera da. Honen aurreko zatian, 9. kapituluan, Jesusek sendatu duen itsuarena dator. Fariseuek ezin onartu izan zuten sendatze hura, larunbatean egina zelako. Eta itsu izandakoa Jesusen miresle agertu zelako, sinagogatik, hau da, juduen elkartetik kanporatu egin zuten.

Bi puntu horiek kontuan harturik, egoki ageri da Jesusek gaurkoan dioena. Ni naiz benetako Atea. Ni naiz benetako Bidea. Ni naiz benetako Argia. Maite ditut ardiak. Besteak lapurrak dira. Gezurretan ari dira. Jakina, sendatu duen itsua kanporatu dutenez ari da.
Alde honetatik, bada ipuin bat, argigarri gerta dakiguna. Eskortan zeuden ardietako batek zulo bat aurkitu zuen. Handik irten eta haren poza! Lasai eta libre zen nahi zuena egiteko. Honetan, otso bat ikusi du segika. Ardiaren larria! Berehala agertu zitzaion artzaina. Artzainak libratu zuen otsoaren hozkadatik. Eta Artzainak ez zuen itxi nahi izan eskortako zulo hura. Jesusen eskorta ez da kartzela; aske eta libre zara sartu eta irteteko.

Senideok, ebanjelio hau entzutean, ez genuke gelditu behar duela bi milako pasadizo batekin. Gaur-gaurkoa dugu. Bi mezu ditu. Bata, gaurko artzainei dagokiena. Bestea, gaurko ardiei dagokiena. Gaurko artzainei dagokiena azpimarratuko dut.

Tristura handia ematen duten gertaerak bizi izan ditugu azken alditxo honetan. Joan den apirilaren 4an irakurri genuen EUTSIBERRITUZ Gipuzkoako kristau-talde batek ahotik: Elizalde Gasteizko gotzainak, Bilboko eta Donostiako gotzainekin bat, galarazi gin du, Pagola Gasteizko Teologia Fakultateko Doctor Honoris Causa izendatzea. Eta kazetariak komentatu du: gotzain hauek Frantzisko aita santuaren aldia noiz bukatu irrikaz bizi dira, aurreko eliz egoera hartara itzuli ahal izateko. Benetan tristea niretzat behintzat. Zein iritzia jaso dute gotzain horiek. Gaurko ebanjelioa begi aurrean eta bihotzean dugula, esan beharra dugu: uste dute, ardurapeko kristauak direla beraien zerbitzari. Aitzitik, Jesusen arabera, artzainak, gotzainak, dira ardurapeko kristauen zerbitzari. Gotzainak izan behar du kristauen zerbitzari, eta ez kristauak gotzainaren zerbitzari. Ala? Zerbitzatzera etorria naiz, eta ez zerbitza nazaten, esan digu Jesusek.
Eta beste pasadizoa, are okerragoa. Donostiako Munilla gotzainarena. Hau ere joan den apirilaren hasierakoa. Ohi duen bezala, ozenki hitz eginez, Italiako Boloniako Zuppi artzapezpikua deskalifikatu nahian, ETAren armagabetzekoan Baionara etorri zelako. Zeinen izenean hitz egin zuen horrela Munillak. Betikoa: ni neu beste guztien jaun eta jabe. Eskerrak, kasu honetan, Gasteizko Elejalde gotzaina Munillaren kontra atera zen; nahiz eta, zurrumurru batek dioenez, Elejaldek ere gerora, bere hasierako deklarazioa urardo bihurtu omen zuen.
Hirugarren kasua, Kataluniako Solsonako Novell gotzainaren eta apaiz-talde batena. Gotzainak: elizetan ez dela egin behar berariaz elizako ez den jarduerarik. Apaiz-talde handi bat, ez duela aintzat hartuko agindu hori.

Senideok, Frantzisko aita santua behin eta berriz ari zaigu esaten: ebanjeliora itzuli behar dugula. Apaizei eta apaizgaiei esan die: ez daitezela bihurtu funtzionario, ez daitezela bihurtu arribista edo goranahi, ez daitezela ibili nola gora egingo karguetan; joan den aste honetan berean esana die: ez daitezela izan erdipurdiko.
Baina ez da nuntzioen, gotzainen eta apaizen arazoa bakarrik.
Hitz egiten ari zaizuen honek berak, arratsean, egunaren errepasoa egitean, izaten du zeri uko egin beharrik eta beste zeri atxiki beharrik.
Aste honetan berean irakurri dut, ez dakit zeinen esaldia den: gurasook, ez itzazue hezi seme-alabak aberats izateko; ez itzazue ipini diruaren bila; ipin itzazue zerbitzari izatera.
Eta zer esan politikoez, militarrez, boteretsuez. Kardinal batek esan berri die: gerla ez da irtenbidea, gerla egitea erabakitzen duzuenean, ez zarete ari zeuen burua arriskuan jartzen: betikoek nozitzen dituzte zuen erabakien kalteak: pobreek, umeek, emakumeek, soldaduek. Irtenbidea elkarrizketa da.
Jesusen Espirituak argitu eta bideratu gaitzala egiazko Atea den Jesusen ondoren ibiltzera.

Dionisio Amundarain