PAZKOALDIKO 4. IGANDEA A 2017-05-07
SARRERA
Senideok, Pazkoaldiko laugarren igandea ospatzen dugu gaur. Gaurko liturgia guztia, aitorpen honen inguruan borobilduko da: «Ni naiz ardien atea… Nigandik sartzen dena onik aterako da; sartu eta irten ibili ahalko da, eta aurkituko du larrerik… bizia izan dezaten etorri naiz ni, eta bizia, ugari izan dezaten; lapurra, berriz, lapurtu, hil eta dena hondatzeko sartu ohi da».
Saia gaitezen konbentzimendu hau sakontzen eta hausnartzen; gaur inoiz baino gehiago. Jesus dugu atea, Jesus dugu egia, Jesus dugu bizia, Jesus dugu bidea Jainko Aitagana iristeko, betiko bizira iristeko.
Egun dezagun geure otoitz, duela urte asko, Moisesek Yahveri egin zion eskari hau: «Agertu guri, Jauna, zeure aurpegia».
LEHENENGO IRAKURGAIA Apostoluen Eginak liburutik (2, 14a. 36-41)
Gaurko pasarte hau, Mendekoste egunean Pedrok Jerusalemen egin zuen hitzaldiaren azken zatia da. Kristo berpiztuaz, aintzatuaz, mintzo zaie, Aitagana igo den Jesus berpiztu eta aintzatuaz, alegia.
Senideok, Kristo berpiztuagan Jainkoa bera agertu zaigu; horren aurrean, ezin da inor axolagabe gelditu. Hain zuzen, Pedrori ere, entzuleek galdera hau egin zioten: «Zer behar dugu egin?» Eta Pedrok konbertsiorako deia egin zien: damu zaitezte, bataiatu zaitezte, Espiritu Santua hartu ahal izateko.
Horra guri ere egiten digun gonbita. Pazkoaldi guztian bataioa berritzen ari gara. Izan dadila benetako itzultzea Jesusengana.
BIGARREN IRAKURGAIA Pedroren lehenengo gutunetik (2,20b-25)
Kristok asko sufritu du gizadi osoa askatzeko. Beharrezkoa da guk ere haren urratsei jarraitzea, hura bezala guztiok piztuerara iristeko. Sufritzean, haren urratsei jarraitzen diegu; baina gizadia salbatzeko sufritzen dugu. Eta Kristorekin batean guztiok pizteko.
Sufritzen duen Kristogan pentsatu eta hausnartzeak, era bizian eragin behar die fededun guztiei. Guk sufritzean, bat egiten dugu Kristoren sufrimenduarekin; baina baita haren indar salbatzailearekin ere. Kontua, beraz, ez da sufritzea sufritze hutsagatik. Sufritu, gizadiaren salbaziorako sufritzen dugu. Mundua salbatzeko joan zen Jesus gurutzera. Beste horrenbeste egitea dagokigu; jakina, segur aski, ez gara gurutzean hilko; baina egunero ari gara hiltzen, geure bizitza Jesusen urratsei jarraituz bizitzen ari garen neurrian. Eta benetan, jendearen onerako bizi al dugu geure bizitza?
EBANJELIOA San Joanen liburutik (10,1-10)
Joan ebanjelariaren kristau-elkarteak sakon bizi du Jesusen ahoan jartzen duten esaldi hau: «Neu naiz ardientzat atea».
Jainkoaz hitz egiteko erabiltzen ditugun irudi askotako bat da atearen hori. Jesus dugu geure zorionerako atea, bidea. Ate zuzena. Jesus atetzat eman ohi dugu; hau da, ikusezina den Jainkoaganako bidea da Jesus. Jainkoa agerian jarri digu Jesusek. Jesus da Jainkoa ezagutzeko dugun era eta modu nagusia, Jainkoagana iristeko modu nagusia. Baina ez da ezagutze intelektual hutsa. «Bizia izan dezaten etorri naiz ni».
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: Pedroren entzuleak bezala, galdera hau bihotzez egiteko gai izan daitezen: «Zer behar dugu egin?» Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gizaki guztiek beren barruan egiten duten galderari, nola erantzungo dabiltzan guztientzat: Atea eta bidea eta egia eta bizia den Jesus ezagutzera irits daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Beren herritik iheska dabiltzan guztien alde. Aterpetu guztien alde. Familia aurrera nola aterako dabiltzan guztien alde. Presoen alde. Gaixoen alde. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Kristau guztien alde: katoliko, protestante, ortodoxo: Jesusek gurutzetik ikasle maiteari eman zion ama, Andre Maria alegia, geure ama dugula pentsatuz bizi gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.