BAZKOKO LAUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

<( Bihotz berritzerako deia eta lehen bataioak)

Apostoluen Egintzetarik 2,14.36-41

Mendekoste egunean,
14 Petrik, hameka Apostoluen artean xutik, ozenki erran zuen:
36 “ Jakin beza segurki Izrael herri osoak:
zuek gurutzefikatu duzuen Jesus hura,
Jainkoak Jaun eta Kristo egin du.”
37 Hitz hauek bihotza hunkitu zioten entzuleeri,
eta Petriri eta beste apostolueri erran zioten:
“ Anaiak, zer egin behar dugu? ”
38 Petrik ihardetsi zioten:
“ Bihozberri zaitezte,
eta zuetarik bakotxa bataiatua izan bedi Jesu Kristoren izenean,
bekatuak barka dakizkizuen,
eta Izpiritu Saindua ukanen duzue dohain.
39 Alabainan, zuentzat da agintza, eta zuen haurrentzat,
bai eta urrun diren guzientzat,
eta Jaunak, gure Jainkoak deituko dituen guzientzat.”
40 Beste hitz ainitzen bidez lekukotasun emaiten zuen Petrik,
eta sustatzen zituen, erranez:
“ Gizaldi galdu huntarik salba zaitezte.”
41 Orduan, Petriren hitza onartu zutenak bataiatuak izan ziren,
eta egun hartan, hiru mila lagun inguru dizipuluetarat bildu zen.

Petrik Jerusalemen egin predikua dugu hemen, Mendekoste goizean. Jainkoaren mezuaz
betea da haren burua, Joel Profetaz orroituz : « Izpiritu Saindua hedatuko dut jende ororen gainerat
». Mezu hori orai beteko da. Jesus gizonek saldua izanik, kurutzefikatua, bainan berriz piztua eta
Jainkoak goraipatua, hari esker Izpiritu Saindua izanen da deneri hedatua.
« Jesus hori, Jainkoak Jaun eta Kristo egin du. » « Jaun eta Kristo » izenak Jesusi emanak
izan dira. Judu entzuleendako bipilak dira, zeren Kristok erran nahi baitu Mesias, beraz Izraelen
esperantza guzia Jesusen gainean pausatua baita.
Bigarren izena : Jesus Jauna da. “Jauna” izena, batean Jainkoari emaiten zaio, bertzean
Mesiasi. 110. salmoan kantatzen dugu « Jaunak erran du ene Jaunari », erran nahi baitu « Jaunak
erran du ene erregeari. » Petrik salmoko hitz berak erraiten ditu : Nazareteko gizon hori Mesias eta
Jainko dela.
Beraz, « Jainkoak Jaun eta Kristo egin du » mintza-moldeak erran nahi du, Kristo Jainko
balinbada, betikoa dela. Bainan haren gizontasuna, piztearekin bertzelakatua da eta geroztik haren
Jainkotasuna ordu artio gordea zena, agertzen da Izpiritua onartu nahi duenari.
Petriren entzuleek bihotza oso hunkitua zutela dauku erraiten Lukek. Hor dugu ikusten
bihozberritzearen misterioa. Eta jendeak galdera xinple hau egiten du : « Zer egin behar dugu ? »
errepostua izan da berdin xinplea: «Bihozberri zaitezte. »
Liburu sainduan bihozberritzea da itzultzea, berriz gibelerat jitea. Ezen baditugu beti bi bide
; tronpatzen ahal gira bidez, bidea galtzen ahal dugu. Kristoren denborako jendeek eta apostoluek
buru egin behar dute egiazko desafio bati : denak beha zauden hura Jesus dela. Bihozberritzea da
bataioa galdegitea « Kristoren izenean ». Elizaren lehen erakaspen bat badugu hemen bataioari
buruz. « Zuetarik bakotxa bataiatua izan bedi Jesu Kristoren izenean, bekatuak barka dakizkizuen,
eta Izpiritu Saindua ukanen duzue dohain. »
Orduan Petrik orroitarazten du Joel profetak errana: « Izpiritu Saindua hedatuko dut jende
ororen gainerat. » Erran nahi baita Jainkoak heiendako egina duela promesa : « zuentzat eta zuen
haurrentzat, urrun direnentzat, Jainko Jaunak deituko dituenentzat.» Petrik erraiten dituelarik hitz
horiek Izairi pentsatzen du: « Bakea urrun direneri, hurbil direneri bezala. » hala nola paganoeri,
populu hautatuari bezala. Izaik orroitarazten dauku beti bakea urrun direnentzat ere dela, zeren
populu hautatu horrek baitaki Abrahamez geroztik, Jainkoaren bakea jendalde guziarentzat dela.
Egun hartan, hiru mila judu bataiatu ziren eta girixtino bilakatu. Heiek dira, Petrik erraiten
duen bezala « hurbil » direnak, bainan gero, urrun direnak hurbilduko dira eta juntatuko Jainkoak
deitueri. Paulo heier mintzatu da erranez : « Jesu Kristori esker, zuek lehen urrun zineztenak
hurbilduak zirezte Kristoren odolaren medioz. Hura da, alabainan, gure bakea : zatitua zenaz, bat
egin du.»

Salmoa 22

Leloa: Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.

Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean.
Zer gainetarat nerabilan!
Ur bazterreko pausa lekurat banerama,
Pitz dakitan hor pitz arima.
Haren ondotik bide zuzenez ni banoa,
Haren izena zoin gozoa.
Ilunbez ala gaitz-erreketan joanik ere,
Nik ez beldurrik, hor baitzare.
Zure begia, zure makila hor direno,
Badut nik bake,badut gozo.
Zuhauk dautazu ezartzen neri mahain xuri,
Etsai guzien harrigarri;
Ixurtzen duzu nere bururat usain ezti,
Basoan badut gaindiz gaindi.
Nik zoriona eta grazia ditut lagun,
Nere bizian gau et-egun.
Banago-eta, Jaun zerukoa den etxean,
Epe luzerik luzenean.

– 22. salmo huntan, salmo guzietan bezala, Izrael da mintzo, « ni » erranik ere.
– Izraelek bere fedearen esperientzia jakinarazteko bi parabola erabiltzen ditu : apezarena
eta beilariarena. Apezak zoriona aurkitzen du Jainkoaren Etxean biziz, beilariak aldiz, apairu
sainduan parte hartuz. Bi irudi horien bidez ikusten dugu populu hautatua mirespenean eta
ikustatean bizi dela, Jainkoak hautatu duelakotz.
– Lehen girixtinoentzat salmo hunek erraiten du hobekienik heien esperientzia. Salmo hau
bilakatu da lehenbiziko Elizan, bataioko ospakizuneko kantua.
Lehen pertsua : « Jauna dut artzain, ez naiz egonen beharrean. » Abere-hazle erresuma
batean aberastasuna saldoa da. Jainkoa artzain bati konparatzen da eta haren aberastasuna populua
da.
Jainkoa artzain, artzain hoberena, harek du biltzen, gidatzen, hazten, arta hartzen, zaintzen ;
hitz batez, atzarrik egoiten dena, artaldearen zaintzeko, Jainkoa da. 22. salmoa kantatzen delarik,
sofrikarioetan eta penetan direnak gomitatuak dira konfiantza ukaitera samurtasunez betea den
Jainko-artzaina baitan.

Bigarren irakurgaia

( Guretzat pairatu duena, gure Artzain egina )

Jondoni Petriren lehen epixtolatik 2,20-25

Haurrideak,
20 ongia egin ondoan,nekeak jasaiten badituzue,
hori gauza ederra da Jainkoaren begietan.
21 Hortarat deituak izan zirezte,
Kristok berak pairatu izan baitu zuengatik,
zueri etsenplua utziz, haren urratseri jarraik zaitezten.
22 Ez du harek bekaturik egin,
ez da haren ahoan maltzurkeriarik izan;
23 laidoztatzen zutenean, ez zuen laidoztatzen ordainez,
sofriarazten ziotenean, ez zuen mehatxurik egiten,
bainan zuzen jujatzen duenaren eskuetan uzten zuen bere burua.
24 Bere gorputzean, gure bekatuak ekarri ditu
gurutzeko zuraren gainean,
gu, bekaturako hilik, zuzentasunaren arabera bizi gaitezen:
Haren zauriek sendatu zaituztete.
25 Galdurik zinabiltzaten, ardiak bezala;
bainan orai zuen artzain eta zaintzailearen ganat itzuli zirezte.

Lerro hauek gogorrak dira, erraiten baitaukute girixtinoak nola behar duen bizi. Petri
esklaboeri mintzo da, nausiek gaizki erabiltzen dituzten esklaboeri. Erraiten diote Kristok ere
sofritu duela mutil batek bezala, haren eztitasunari so egin behar diotela Liburu Sainduak erraiten
baitu : « Haurrideak, ongia egin ondoan, nekeak jasaiten badituzue, hori gauza ederra da
Jainkoaren begietan. Hortarat deituak zirezte, kristok berak pairatu izan baitu zuengatik, zueri
etsenplua utziz, haren urratseri jarraik zaitezten . »
Gomitatuak gira kristok erakutsi bidean ibiltzera, harek emana baitauku jadanik etsenplua:
“Nekeak iraupenekin jasan…” Ez dugu sofrikarioa laudatu behar, bixtan da, bainan sofritzen
dugularik segi dezagun Kristoren etsenplua, iraupenekin. Huna Kristoren etsenplua « laidostatzen
zutenean, ez zuen laidostatzen ordainez, sofriarazten ziotenean, ez zuen mehatxurik egiten, bainan
zuzen jujatzen duenaren eskuetan uzten zuen bere burua. »
Hemen enzuten dugu Izairen hirugarren kantaren oihartzuna bezala. Iraupenekin sofritzen
badugu, badakigu « hurbil dela ontzat hartzen gaituena. »
Segidan testoak gogoratzen du Zerbitzariaren laugarren kanta : « Ez du harek bekaturik egin,
ez da haren ahotik maltzurkeriarik atera.» Segur, lehenbiziko girixtinoek ulertu dute, Izairen
kanteri esker, kurutzearen eskandala (eskandala erraiten zaio grekaz, erorarazten duen bideko
harriari).
Girixtinoarendako hori da mixterioaren mamia eta ber denboran ez dakigu hortaz nola
mintza. Erraiten du : « Jainkoak salbatzen gaitu. Kristo hil izan da gure bekatuendako » Nola beraz
joan urrunago? Nola eman xehetasunik? Zertarik salbatzen gaitu? Nola? Ez dezagun egin Jainkoa
gure iduriko, Jainko mendekatzaile bat. Petrik erraiten du: « Haren zauriek sendatu zaituzte. » Gure
zauriak sendatu ditu. Gure zauriak dira gorputzeko eta bihotzeko sofrikarioak, herioa, amodioaren
ahal-eskasa, ezin barkatzea, nausitasun eskasa kreazionean. Gizadiak burua galdua du, nahasia da,
ez baitu konfiantzarik egiten Jainkoari. Petrik erraiten dauku : « galdurik zinabiltzaten, ardiak
bezala » Petrik eta ere Izaik erraiten duten bezala kristok gaitu sendatzen. Alta, zauriak Kristori
gizonak eginak diozka.
Kristo hil da beraz gizonen bekatuen gatik, eta kristori esker, herra osoaren lekua bilakatu da
amodio handienaren toki, Kristok barkatu duelarik burregoeri. Geroztik aski dugu sinestea
Jainkoaren amodioan, bertzela bilakatzeko, bihozberritzeko. Zakari profetak zion bezala : « begiak
itzuliko dituzte hil dutenari buruz…Egun hartan iturri bat jalgiko da Daviden etxearen eta
Jerusalemeko populuarendako, sendatzeko bekatutik eta zikinkeriatik.»

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Jesus, Artzain onak, bere ardiak ezagutzen ditu,
eta ardiek ezagutzen dute : heientzat eman du bere bizia.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Joaniren liburutik 10,1-10

Egun hartan, Jesusek erran zuen:
1 “ Egiaz, egiaz diozuet:
Arditegian atetik sartzen ez dena, bainan beste nonbaitetik iganez,
hura ohoina da eta lapurra.
2 Atetik sartzen dena, hura da ardien artzaina.
3 Hari atezainak idekitzen dio
eta ardiek entzuten dute haren mintzoa.
Bere ardiak, bakotxa bere izenez, deitzen ditu,
eta kanporat eremaiten.
4 Bere ardi guziak atera dituenenan, aitzinean joaiten zaiote,
eta ardiak jarraikitzen zaizkio, haren mintzoa ezagutzen baitute.
5 Arrotz bati, aldiz, ez zaizkio jarraikiko, ihes eginen diote,
arrotzen mintzoa ez baitute ezagutzen.”
6 Parabola hori atera zioten Jesusek,
bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.
7 Jesusek, beraz, erran zioten:
“ Egiaz, egiaz diozuet: ni naiz ardien atea.
Ni baino lehen etorri direnak oro, ohoinak eta lapurrak dira;
bainan ardiek ez dituzte entzun.
9 Ni naiz atea.
Nitarik sartzen dena, salbatuko da;
sartzen eta ateratzen ahalko da eta aurkituko du alapide.
10 Ohoina ez da heldu ebasteko, hiltzeko eta suntsitzeko baizik.
Ni, aldiz, etorri naiz bizia izan dezaten, eta gaindika izan dezaten.”

« Egiaz, egiaz » edo « Amen Amen » hitz ospetsuak dira jakinarazteko ordu seriosa dela
Kristoren mixterioaren agertarazteko.
Ebanjelio hunek kondatzen ditu bi parabola: artzainarena eta atearena.
Lehenbizikoak jorratzen du farisauen bizimoldea, farisauak ziren denbora hetan apez nausiak.
Jesusek erasiak egiten zituen farisaueri beren segurtamenaz ; jainkotiarrak ziren, bainan ahanzten
zuten Jainkoa bertzelakoa dela, ez dagola urrun, bainan edozoin gizonari hurbil.
Lehenbiziko parabolak kondatzen du ardien konfiantza artzaina baitan : « ardiek entzuten
dute haren mintzoa. Harenak dira, bakotxa bere izenez deitzen ditu eta kanporat eremaiten. Ardiak
jarraikitzen zaizkio zeren ezagutzen baitute haren botza ». Farisauek ulertzen dute artzaina Jainkoa
dela, baina ez dute onartzen harekilako hurbiltasuna, Jainkoaren eta gizonaren artean leizea badela
derasate. Jondoni Joanik dio : « Parabola hori atera zioten Jesusek, bainan ez zuten konprenitu
zertaz mintzo zitzaioten . »
Joanik segitzen du erranez : « Jesusek beraz, berriz erran zioten » Arrazoin duzue erraiten
duzuelarik Jainkoa dela bakarrik Saindu eta gizona ez dela hari buruz joaiten ahal bere indarrez ;
bainan Jainkoak berak idekitzen dauku atea : ate hori, ni naiz. « Ni naiz ardien atea ; nitarik
sartzen bada norbait, salbatuko da . »
Atearen parabolak bi mezu emaiten dauzkigu. Alde batetik, Jesus dela atea : « ni naiz bidea,
egia, bizia », bertzaldetik : « nehor ez da joaiten ahal Aitaren ganat ez bada nitarik sartzen
».Norbaitek erraiten badu Jainkoaren ganateko bidea bera dela, ohoina eta bandila da. Jesus da
bakarrik Aitaren ganateko bidea. Jesusen aurpegian bakarrik ikusten dugu ikus ez daitekeen Hura :
« Ni ikusten nauenak Aita ikusten du. »
Atxik ditzagun gogoan bi erakaspen : lehenbizikoa, ez dugu ahantzi behar Jainkoa dela
bakarrik Saindua, bainan guri hurbil dagola. Guri hurbil dagolakotz ez dugu ahantzi behar hura
dela bakarrik Saindua, haren gogoetak eta gizonarenak ez direla berdinak.
Bigarren erakaspena: ardiek segitzen dute artzaina, ezagutzen dutelakotz haren botza. Gure
denborako jendek ez dute Jesusen botza entzunen guk ez badugu entzunarazten.