Pazkoaldiko 2. igandea A (2017-04-23)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Pazko zortziurrena ospatzen dugu gaur. Gaurko mezu nagusia hauxe dela ematen du: Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek. Eta berehala bere hatsa, bere arnasa, ufatu zuen ikasleen gainera, eta esan zien: Har ezazu Espiritu Santua; bekatuak barkatuko dizkiezuenek barkatuak izango dituzte, eta barkatzen ez dizkiezuenek ez.
Juduentzat, gure igandea astearen lehen eguna zen, lan-eguna. Zazpigarren egunean larunbata (xabata) ospatzen zuten, jai-eguna, otoitz egiteko eguna. Larunbat biharamunean piztu zen Jesus, igandean. Horra zergatik duen garrantzi berezia guretzat igandeak: aro berriaren asteko lehen eguna da; kreazio berriaren hasiera da. Jesusen piztuera, interpelatzen, galdatzen digun gertaera handia da: erronka bat da guretzat. Paulok esana dugu: «Kristo piztu ez bada, hutsala da gure predikua eta hutsala gure fedea» (1 Ko 15,14.17).
Gaurko ebanjeliora etorririk, hainbat gai ditugu azpimarratzekoak:
• Ateak eta leihoak itxirik dituztela, Jesus agertu zaie ikasleei. Ez da lehenengo agerpena. Kostatu egin zaie Jesusen piztuera sinestea. Esan nahi da, sinestea ez dela gauzatzen gauetik goizera. Prozesu bat behar izaten da. Bestalde, egun batzuen buruan, sinetsi dute Jesus piztu dela, baina artean ez dira jabetu piztuera hori erronka bat dela sinesten dutenentzat. Horregatik, behin eta berriz agertuko zaie.
• Eta gaurko agerpen honetan, garrantzizko osagai bat ageri da. Jesus berpiztuak bere arnasa ufatu die ikasleei, eta esan: Har ezazu Espiritu Santua. Eta gehitu die: Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet nik zuek. Horra erronka. Kristo sinesten duenak Jesusen egitekoa bere betera eramaten saiatu behar du. Inoiz egin al diot neure buruari aitorpen hau: neure bizieraz, neure hitzez, neure egitez, Jesusen beraren egitekoa gauzatzen ari naiz munduan? Aitorpen horrek gure jarrera sakontzera eragin beharko liguke.
• Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenek, barkatuak izango dituzte. Sicre biblialariaren ustez, hitz hauek ez dagozkio sakramentu-aitorpenari; ohitura hau geroago hasi zen Elizan. Autore beraren ustez, bataiora onartu ala ez zegoen jokoan: izangaia prestatua zegoen ala ez erabakitzea zegoen jokoan.
• Azkenik, Tomasen pasadizoa. Aitorpen handia egin du Tomasek: Ene Jaun eta ene Jainko. Dena den, aitorpen horrez gainera, Joan ebanjelariak zoriontasun berri baten formula dakarkigu. Tomasen aitorpena bezain inportantea: Zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak. Bai. Beste behin, garbi ageri da hor, begiak eta begiak ditugula geure bizitzan. Begi fisikoak eta bihotz-begiak. Jesusen zoriontasun hori honela uler genezake: Zorionekoak, begi fisikoez ikusi gabe, bihotz-begiez ikusten dutenak. Eta honek guztiak urrunera garamatza. Ebanjelioan Jesus berpiztuaz ageri diren esapide asko ezin ditugu hartu hitzez hitz eta materialki: Tomasek hatza eta eskua iltze zuloetan sartu zituela, Jesus berpiztuak arrain-puska bat jan zuela, Magdalenak Jesus berpiztuari oinak besarkatu zizkiola… Horiek guztiak ez dira materialki hartzekoak. Jesus berpiztua Jainkoaren mundura igaro da. Jainkoa begi fisikoez ezin ikusi dugun bezala, Jesus berpiztua ere ez. Ebanjelioko esapide horiekin, hau adierazi nahi digute ebanjelariek: piztu den Jesus, fedez ikusi duten (eta dugun) Jesus hori, Andre Mariagandik jaiotako Jesus bera dela, gurutzean hil duten (eta dugun) Jesus bera dela.
Bukatzeko, senideok, gogoan har dezagun, Jesusen piztuera erronka handi bat dugula. Gure bizitzeko moduak Galilean Jainkoaren erreinua predikatzen ibili zen Jesusen usaina izan beharko luke, gurutzean hil zuten Jesusen usaina. Horretarako, ireki diezaiogun bihotza Jesusek agindu, eskaini eta eman digun Espiritu Santuari. Zatoz eta bete nire bihotza Jesusen kutsuaz.
Dionisio Amundarain