Pazko igandea A 2017-04-16
HOMILIA

Anai-arrebok!

Behin eta berriz errepikatuko dugu, bai gaur, bai pazkoaldi osoan: Kristo berpiztu da; Jainkoak berpiztu du Jesus. Bi esaldi horiek laburbiltzen dute Itun Berriak Jesusen piztueraz esaten diguna.

Beste era askotan ere agertu nahi izan du misterio handi hori. Eta, gainera, Jesusen piztuerak guretzat zer esan nahi duen agertuko digu.

Gaurko ebanjelioak (Joan 20,1-9), hainbat xehetasun agertu dizkigu.
Batetik, Maria Magdalena, larunbata, legezko atseden-eguna, igarorik, goizean goiz doa hilobira. Ezin bizi da maite duen Jesus hura gabe. Eta harritzeko gauza: hilobiaren estalkitzat emana zuten harlosa kendurik ikusi du. Erabat harritu da. Eta korrika doa ikasleengana. Esan die: eraman egin dute Jesusen gorpua; auskalo nora. Maria Magdalena ez da iritsi artean Jesus piztu dela sinestera. Sinestea, batetik, Jainkoak emandako dohaina da; bestetik, prozesu bat da.
Bigarren, Magdalenari entzunik, korrika irten dira Pedro eta ikasle maitea. Bigarren hau gazteagoa da, eta Pedro baino lehenago iritsi da. Baina ez da sartu hilobian.
Pedro iritsi eta sartu da. Eta ez daki zer esan. Ikasle maitea ere sartu da Pedroren ondoren; hau berehala jo du fedeak: ikusi eta sinetsi du. Honek bazuen bere barnean Pedrok baino zerbait gehiago, federa berehala iristeko: bihotz garbiagoa?, Liburu Santuen ezagutza finagoa?, Jesusekin finago bizi izana?, Pedro baino apalago izana? Ez dakigu. Pertsona baten barnea misterio bat da. Misterio handiagoa pertsona baten fedea. Gehiegitan ari ohi gara neurtu nahian, bataren eta bestearen eta bestearen kristau-nolakotasuna. Norberak ere ezer gutxi jakiten du bere fedeaz. Jainkoaren esku utzi beharko genuke auzi hori.
Dakiguna da, Jesusen piztuerak guztiok ipini gaituela salbazio-bidean, askatasun-bidean. Eta hori bizitzen eta besteei adierazten saiatu beharko genuke.
Joanen ebanjelio honek mezu handia dakarkigu: Jesusen piztuera ez da engainu bat (hasiera batean Mariak pentsatu izan duen bezala), Jesusen piztuera ez da zer pentsa ez dakigula uzten gaituen zerbait (Pedrori hasiera batean gertatu zaion bezala); ez eta ez; jauzi edo salto handi bat egitera gonbidatzen gaitu (ikasle maiteak egin duen bezala): Jesus piztu da, Jesus bizi da.
Eta Jesusen piztuera aitortzearekin, neure eta geure piztuera aitortzera gonbidatzen gaitu. Egundokoa da Paulok (Kol 3,1-4) esan digun hau, hain borobil eta biribil, esana: «Anai-arrebok, piztu zarete jada, ibil zaitezte goiko ondasunen bila»; ez al da handia, hain seguru esatea «piztu zarete jada»?
Gaurko mezako lehen otoitzarekin, esan dezagun bihotzez: «Jainko Jauna, egun honetan biziaren ateak ireki dizkiguzu zeure Semearen bidez, bera heriotzaren garaile bihurtuz; egizu, beraren piztueraren jaia ospatzean, eta Espirituak berriturik, bizi dezagula geure betiko piztueraren esperantza».

Dionisio Amundarain