Erramu igandea A (2017-04-09)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Erramu igandea. Garizuma bukaturik, Aste Santua hasi dugu, Jesusen Nekaldia, Heriotza eta Piztuera gogo-emateko, kontenplatzeko aukera dugu.
Ikusgarria da Jainkoak Kristogan agertu digun maitasuna: gu salbatzeko, bizia eman du. Heriotza gainditu eta berpizturik, bere piztueran sartu eta txertatu gaitu gu guztiok. Txertatu egin gaitu, guk geuk ere, berak bezala, fruitu emateko: beste jende asko salbatu eta Jesusen eta geure piztueran txertatzeko.
Egun hauek, Kristoren maitasun horretan sakonduz joateko ditugu.
Horretarako, bai egokia Kristoren Nekaldikoan ageri diren pertsona batzuk gogoan hartzea; oso lagungarri izan dezakegu hori.
Simon zirenearra. Jesusi gurutzea eramaten laguntzera behartu zuten. Zer sentimendu bizi izan ote zituen?
Jesusekin gurutzean josi zituzten bi lapurrak. Bata, biraoka; bestea, barkazio eske: Jesus, gogoratu zaitez nitaz.
Arimateako Jose. Jesusen gorpua hartu eta hilobian jartzen. Nikodemo. Juduen beldurrez, Jesus bisitatzera, gauez joaten zen hura; orain, guztien begi-bistan, Arimateako Joseri laguntzen.
Gurutze-oinean ageri diren emakumeak. Haien maitasuna! Haien adorea!
Joan, ikasle maitea. Beste ikasleek ihesi, eta bera hor gurutze-oinean; Jesusek gurutzetik eman dion egitekoa bihotzez betetzeko prest: gizon-emakume guztiok ordezkatzen gaituela; Eliza osoa ordezkatzen duen Andre Mariaren ardura hartzeko prest: horra hor zure Ama.
Andre Maria! Batetik, bere semea munduratu zuen egun hartako pozetik urrun; bestetik, bere semearen ORDUA, bere semea aintzatua izateko ORDUA, mundua salbatzearen ORDUA… onartzeko prest; Jesusen ORDUARI bai esateko prest.
Jesus bera! Zure eskuetan uzten dut neure bizia. Barka iezaiezue, Aita, ez dakite-eta zer ari diren. Den-dena bete da.

Den-dena bete da Jesusi dagokionez. Baina neuri dagokidana falta da. Neure maitasuna gauzatzea falta da. Jesusek posible egin dit neure maitasun hori betetzea. Joani gurutzetik «horra zeure ama» esan dionean, «horra zeure lagun hurkoa» esan dio Joani. Esan dit neuri. Esan digu guztioi. Geure maitasuna zehazteko modua eman digu Jesusek. Ez digu eskatu maitasun platoniko bat. Berak bere maitasuna gizon-emakume konkretuetan zehaztu duen bezala, nik ere neure maitasuna zehazteko bidea ipini dit: hor duzu lagun hurkoa, hor duzu zeure familia, hor duzu zeure herria, hor duzu elkar suntsitu beharrean dabilen Siria estatua, hor duzu mundu osoa.
Jesusen Nekaldiak lagunduko al digu geure konpromisoak aintzat hartzen! Bera sufritzen ikustean, ikus ditzagula gaur sufritzen ari direnak. Bera berpizten ikustean, ikus ditzagula gaur munduan bakearen, zuzenaren, maitasunaren izenean ari diren gizon-emakume guztiak.
Jesusen Nekaldia, Heriotza eta Piztuera maitasunaren adierazgarri ditugu, maitasunerako eragile, poza eta zoriona dakartzan maitasunaren ikuskizun dira. Esna eta iratzar gaitzala maitasun den Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain