Erramu igandea A (2017-04-09)
SARRERA (Eliz atarian bedeinkazioaren aurretik)
Ongi etorri, senideok. Aste Santuko ospakizunak hastera goaz. Geure erramu-adarrak eskuan ditugula, Jesus Jerusalemen sartu zela gogoratu eta gertaberritu nahi dugu: Jesus asto gainean sartu da hirian eta jendea Jesusi goraka eta goraka ari da. Guk ere goratu egin nahi dugu, harengan sinesten dugulako; sinetsiz, egun hauetan hark egin zuen gurutze-bidea eta piztuera berritu nahi ditugulako. Haren gurutze-bidea eta piztuera geure gurutze-bide eta piztuera direla sinesten dugulako. Eska diezaiogun sendotu dezala gure fede hori.
PROZESIO AURREKO EBANJELIOAREN AURRETIK (Mt 21,1-11)
Jesus Jerusalemen sartzeak salbatzailea dela adierazten du. Testamentu Zaharrean aurre-esana zegoen bezala, apal-apal sartu da Jesus, baina herriak goratzen duela. Seinale hori, bihotz garbiz hartu dutenentzat, salbazio-bide gertatu da: Jesusengan sinetsi dute, eta goraka hartu dute.

MEZAKO LEHEN IRAKURGAIA (Is 50,4-7)
Jaunaren Zerbitzariaz ari da entzungo dugu pasarte hau. Zerbitzariak gogotik hartu du bere zeregina, horrek neke handiak ekarriko dizkiola jakin arren. Hain juxtu, Jainkoaren Hitza entzuteak eragin dio horretara. Hori bera egin zuten profetek; adibidez, Jeremiasek. Hori bera egin du Jesusek. Hori bera egitea dagokigu geuri ere.

JESUSEN NEKALDIA SAN MATEOREN LIBURUTIK (26,14—27,66)
Puntu hauek azpimarratu nahi ditu Mateok:
−Liburu Santuek esandako guztia bete da: «dena bete da» dio Jesusek.
−Israel herria itsutu egin da, eta ez du onartu Salbatzailea.
−Horregatik, beste herri batzuei agertuko zaie Jainkoaren Erreinua
−Mesias da Jesus, hau da, Salbatzailea eta Askatzailea da.
−Zuzengabekeria egin dute, bai Judasek, bai herriak, bai Pilatok, Jesus kondenatzean. Bai beste askok eta askok historian. Eta guk?
−Israeldarra ez, baizik paganoa den militar ehuntariak aitorpen handia egin du gurutzearen ondoan: Jainkoaren Semea da benetan Jesus.

Horra zertara dei egiten digun guri: bihotz-bihotzez Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzera, gizadiaren salbatzaile eta askatzaile dela aitortzera.

HERRIAREN OTOITZA
1.-Munduko herri guztien alde: Jesusengan Jainkoaren maitasuna ikustera irits daitezen. Eska diezaiogun Jaunari
2.-Jesus ezagutu eta neurri batean aitortu dugunon alde: gure fedea gero eta sutsuagoa izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari
3.-Sufritzen ari diren guztien alde: beren sufrimena Jesusen sufrimenarekin bat egiten saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan gerra ari diren herrien eta munduko estatu-buruen alde. Erabat itsutu ez daitezen, gerla bortitzago bihurtuz; partikularki, Sirian; ezta, ordea, beste inon ere. Eska diezaiogun Jaunari.