Garizumako 5. igandea A 2017-04-02
HOMILIA

Anai-arrebok!

Bai lehen irakurgaia, bai ebanjelioa heriotzaz mintzo zaizkigu. Baina ez heriotzan gelditzeko. Baizik eta biziaz fedea eman eta handitzeko.

Lehen irakurgaian, profetak esperantza eman nahi dio Babilonian, erbestean, den herriari. Egoera hori ez da betiko izango. Itzuliko dira beren herrira.

Ebanjelioan, Jesusek fedea handitzera eragin nahi dio Martari, hilberria den Lazaroren arrebari: Lazaro piztu da, ez du halako egun baten zain egon beharrik, dagoeneko piztu da, bizi da. Kontua ez da mundu honetako bizira itzultzea. Utzi iezaiozue joan dadin, betiko bizira joan dadin.

Senideok, beste behin, Lazaroren piztearen testua ez da hartu behar hitzez hitz. Beste modu bateko bizia du orain Lazarok. Ez da bizi fisikoa. Lazaroren piztuera Jesusen piztueraren aurrerapena da.

Joanen ebanjelioak dakartzan 7 seinaleetan zazpigarrena da Lazaroren hau. Badakigu: Jesus pobre bizi izan da, pertsegitua izan da, hila izan da. Baina bere heriotzaren eta piztueraren bidez, aintzatua izan da: Jainkoak goratu egin du. Baina baita munduak ere. Gurutzera jasoko nautenean, guztiak niri begira jarriko dira, esan digu Jesusek berak. Izatez, munduko zein pertsona izan da munduan hain maitatua?

Bai, Joanen zazpi seinale horiek, bereziki Lazaro betiko piztu izana, Jesusen aintzaren aurre-irudi izan dira. Lazaro piztu den bezala, hala piztuko da Jesus. Hobeto esan, Jesus piztuko de bezala, hala piztu da Lazaro, Jesus baino egun batzuk lehenago.

Lazaro hil izana, Jainkoa aintzatua izan dadin da. Jainkoak gizakia bizi dadin nahi du. Lazaroren piztuera sinestea, Jainkoa biziaren adiskide dela aitortzea da. Senideok, pertsona maite bat piztu zaigunean, aitortu al dugu Jainkoa biziaren adiskide dela?

Baina emaiogun begiratu bat ebanjelioaren pasadizoari.

a) Dena Betanian gertatu da. Jerusalemdik hurbil dago herri hori. Hiru senideen familia da: Lazaro, Marta eta Maria. Pobreak dira. Lazaro hil da. Pobretasuna areagotu egin da. Hara doa Jesus. Bizia ematera. Bihotz ematera. Pobreak ditu Jesusek gustuko.
b) Lege Zaharraren ordezkari asko bildu da han. Lege Zaharra ez da bizi-emaile. Jesus bai. Jesus onartua den lekuan, bizia da nagusi.
Okerrena dena, juduek Jesus hil egin nahi dute. Bizia eta heriotza elkarren aurka.
c) Piztueran sinesteko bi modu ageri dira. Martak esan dio Jesusi: «Badakit azken egunean piztuko dela». Eta Jesusek: «Ni naiz bizia eta piztuera; nigan sinetsiko duena, hila bada ere, biziko da… eta ez da betiko hilko». Jesusen arabera, Lazarok, bizitzeko, ez du zertan egon azken egunaren zain: dagoeneko bizi da. Dagoeneko garaitua du heriotza betiko.
d) Oso esanguratsuak dira ebanjelioak dakartzan hitzak: «Lazaro, zatoz kanpora». Esan nahi du: zatoz heriotzaren hatzaparretatik kanpora. Esan du ere Jesusek: «Aska ezazue. Eta utzi iezaiozu ibiltzen?» Esan nahi du, utzi iezaiozue bere bizia egiten.

Senideok, bi irakurgaiak, lehenengoa eta ebanjelioa, fede-egintza banarekin bukatu dira. Lehenengoa ez da ari piztuera fisikoaz, baizik eta Babiloniako hilobian egotetik herriratzeaz. Ebanjelioa ere ez da ari Lazaroren bizitza fisikoaz, baizik eta hilobian egotetik benetako bizira igarotzeaz.

Fede-egintza sakon bat egiteko okasioa dugu Lazaroren hau. Misterio handia da heriotza. Askoz ere handiagoa piztuera, guztiok espero duguna. Ezin ulertua dugun heriotzaren misterio handi horren aurrean, XX. mendeko teologo handi batek, Hans Küng-ek, egindako aitorpen hau izango genuke geure jarrerarik burutsuena: «Jainkoaren errukiaren misterioan atsedetea». Eta Pagolak esan duena bihotzez esatea: «Horrela nahi dut nik hil».

Dionisio Amundarain