GARIZUMAKO 4. IGANDEA A 2017-03-26

SARRERA

Senideok, igande honetako irakurgaien berezitasunik handiena itsu bat argitu izana da. Jaiotzetik itsua den bati bista eman dio Jesusek. Hori dela eta, hau entzungo diogu Jesusi: «Munduaren argia naiz ni, zuen iluna argitzen duen Salbatzailea naiz». Baina argi hori modurik sakonenean ulertu behar dugu. Itsuak, hasieran, «gizon bat» esan du Jesusez; geroago, «profeta bat» esango du; hirugarren, Jesus Gizonaren Semea dela aitortuko du. Ez da ikusmen fisikoa bakarrik; bihotzeko ikusmena da batez ere.
Paulok ere, bigarren irakurgaian, Kristo gure argia dela esango digu; jakina, guk onartzen badu.
Lehenengo irakurgaiak, berriz, Jainkoarentzat gizakien artean inportanteenak zein diren agertuko digu; Samuel profetak Jeseren semeetan itxurarik ederrenekoa aukeratu nahi du Israelgo errege; baina Jainkoaren jokabidea besterik da: Jeseren semerik gazteena eta fisikoki kaxkarrena aukeratu du.
Esan nahi da, Jainkoak ez dituela ikusten gizakiak eta gauzak gizon-emakumeon iritzien arabera. Pobreak, gaixoak, bekatariak maite ditu Jainkoak beste inor baino gehiago. Izan ere, Jainkoaren beharra sentitzen duena salbatzera etorri da. Saia gaitezen, geure burua Jesusen buruaren araberako bihurtzen, Jesusen Espirituari argia eskatuz.
Gaur, bestalde, Caritas eguna ospatzen dugu. Behartsuez modu bereziagoaz gogoratzeko eguna. Jarri al gara behin ere pobretasunaren eta pobreen arazoaz pentsatzen? Munduan hainbat eta hainbat pobre, eta zenbat aberastasun duten ez dakiten gutxi batzuk; gutxi, pobreen kopuruaren aldean.

LEHENENGO IRAKURGAIA Samuelen lehen liburutik (16,1b.6-7.10-13a)

Bibliak luze ematen du David erregearen historia. Israelgo lehenengo erregea Saul izan zen, baina ez zitzaion leial izan Jainkoari. Bigarren erregea David izan zen; nahiz astakeria handiak egin, sakonean fededun handia izan zen David. Behin eta berriz errepikatuko da: «Jauna harekin zen». Gaur egun, mezakoan guk esan ohi dugunaren antzekoa: «Jauna zuekin» esaten baitugu.
Gogoan hartzekoa da David aukeratzean, esaten den hau: «Jainkoak ez du ikusten gizon-emakumeek bezala; hauek itxurari begira jartzen dira; Jaunak, berriz, bihotza ikusten du». Jainkoaren irizpidea, beraz, gizakiarena ez bezalakoa da. Jaunaren ikusteko modua zein den bilatzen saiatzea da kontua guretzat.

BIGARREN IRAKURGAIA Efesoarrei egindako gutunetik (5,8-14)

Kristo Jesus argia da gizon-emakume guztientzat; argi horrekin bat egiteko gomendioa dakar Efesoarrei egindako gaurko pasarte honek. Bai Testamentu Zaharrean, bai Berrian, askotan ageri da kontrakotasun hau: «argia eta iluna». Indar sinbolikoa du horrek. Esan nahi du: gizakiaren barruan bi indar ari direla elkarren kontra. Argiak fruitu onak dakartza: ontasuna, justizia eta egia. Ilunak, aldiz, egintza lotsagarriak eta baztergarriak dakartza: inbidia, elkar ezin ikusia, nor bere kontura ibili nahi izatea, harrokeria.
Kristauak bizi duen borroka horren aurrean, hau esaten digu gaurko pasarte honek: «Esna zaitez lo zauden hori, altxa zaitez hildakoen artetik eta Kristo izango duzu zeure argi». Hildakoen artetik altxatze horrek hau esan nahi du: bekatua eta bizioak alde batera uztea, Kristoren argian argitsu eta argi-emaile bizitzeko.

EBANJELIOA San Joanen liburutik (9,1-41)

Argia sinbolotzat hartuz, konbertsio baten historia dakar pasarte honek. Jaiotzetik itsua den gizon batengan, Jainkoak bihotzez maite duen pertsona bat ikusi du Jesusek, eta bista eman dio.
Baina Jesus ez da horretan gelditu. Jesusek bihotzeko begiak ere ireki dizkio, eta Jesusen aurrean ahuspeztu egin da itsu izandakoa. Begi fisikoetako argiarekin batean, bihotza ere argituko dio Jesusek.
Jesus munduko argi bezala ageri da. Nahi dezala Kristo berpiztuak guk ere bera bizi-bizi sentitzea. Horretarako, begietan ditugun lakarrak kendu beharrean gara. Horretara dei egiten digu Garizuma osoak, «bihotz-berri zaitezte» esatean.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Kristau guztien alde: Jesus bezala, izan gaitezela gai eta lagun, ilunean eta nekepean bizi diren guztiengana hurbiltzeko. Eska diezaiogun Jaunari.

2.-Munduan esplotazioa eta indarkeria jasaten ari diren guztien alde. Egoera bidezkoagoak ikusteko eta bizitzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.

3.-Bizitzeko behar adinakorik ez dutenen alde: Boterea dutenak saia daitezen ondasunak guztien artean banatzen, zerga handiagoak ezarri behar badituzte ere. Eska diezaiogun Jaunari.

4.- Caritasen lan egiten dutenen alde: jendeak ikus ditzan ez, baizik eta, pobreengan Kristo bera ikusiz, zintzo eta bihotz handiz joka dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.