Garizumako 3. igandea A (2017-03-19)
HOMILIA

Anai-arrebok!

San Joan ebanjelariaren ebanjelioa entzun dugu gaur. Ur-iturri bizi bezala agertu digu ebanjelariak Jesus. Segidako bi igandeetan munduaren argi bezala eta bizi-emaile bezala aurkeztu digu. Ura, argia, bizia. Gure premia handienen hiru sinbolo dira.

Gaurkoan ura. Ikusgarria da gaurko pasadizoa. Jesus nekaturik putzu ondo batean eseri da. Handik pixka batera samariar emakume bat etorri da. Ezezaguna izanik ere, hitza eman dio Jesusek. Emakumea harritu egin da; juduek eta samariarrek ez baitzuten traturik; are gutxiago gizonezko batek emakume batekin, bakarka eta emakumearen etxetik kanpo. Hizketan jarraitu ahala, gorputz-egarria asetzen duen uretik, beste ur baten beharra sentiaraztera eraman du Jesusek samariarra. Hurrena, Jesusek adierazi dionean zenbat senar izan dituen eta oraingoa ez duela senarra esan dionean, profeta dela aitortu du emakumeak. Azkenean, Jesus Mesias dela aitortu du, eta bere herritarrei albistea ematera joan da.

Horrela hasi da eratzen samariarren artean lehen kristau-elkartea. Batez ere, ordea, emakumeak izan duen parte hartzea handia nabarmendu du ebanjelioak.

Alde honetatik, ebanjelioan emakumea ageri den pasarte nagusienak gogoratu nahi nituzke.

1.-Canako ezteietan, ardoa falta zaienean, Andre Mariak esan die zerbitzariei: egizue Jesusek esango dizuena. Mariak bere burua beti bigarren mailan jarri du, Semea du salbatzailea, Semea du erreferentzia osoa
2.-Gaurko ebanjelioan, samariar emakume batek jaso du Jesusen sekretua: Mesias dela, eta han doa emakume hori ebanjelari bezala bere herritarrei albistea ematera, eta samariar askok sinetsi zuen Jesusengan: ez dugu sinesten zuk esan diguzunagatik, baizik geuk ikusi dugulako, esango diote herritarrek emakume berri-emaileari.
3.-Emakume adulteriogilea. Hau ere ebanjelari izan da: bera harrika hil nahi zutenei aurpegira bota die Jainkoaren errukia eta barkazioa.
4.-Marta. Anaia Lazaro hil zaionean, «badakit azken egunean piztuko dela», erantzun dio Jesusi. Eta Jesusek: «Neu naiz piztuera eta bizia ; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da. Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?» Martak erantzun zion: «Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena». Aitorpen handia eta zuzena.
5.-Bekari batek oinak igurtzi zizkion: kriminal bezala hiltzen zuten bat ezin gantzutu zuten. Emakume honek hil aurretik gantzutu du Jesus.
6.- Gurutzearen oinean, Andre Maria han dago, eta Jesusek esan dio Joan seinalatuz: «Andrea, hor duzu zeure semea». Joanek eliza osoa, gizadi osoa ordezkatu du, gu guztiok ordezkatu gaitu, Elizaren hasiera da. Eta Andre Maria, Jesusen esanera, Eliza osoaren, mundu osoaren ama dugu. Gure ama.
7.-Jesus berpiztu ondoren, Magdalenak iragarri die ikasleei Jesus piztu dela. Ebanjelari joan zaie Magdalena ikasleei.

Gaurko gure munduan, nahi den guztia eztabaidatuko da emakumearen zereginaz eta postuaz Elizan. Jesusek ez zigun utzi obra teologikorik gai horretaz; bere jarrera utzi zigun. Emakumeok, ez ezazu gutxitzat har zeuen egitekoa. Andre Mariak apal-apal eta esker onik espero gabe bete zuen Jainkoak eskaini zion egitekoa.

Gaur bestalde, San Jose eguna dugu. Eukaristian ez diogu oroitzapen berezirik eskainiko, igandea delako, Garizumako igandea delako. Halere, nork ez du izango bihotzean txoko bat Jose miresteko? Andre Mariaren gizona. Jesusen aita. Zer-nolako bihotzondoa Joserena, familiaren zerbitzuan, Jesusen misioaren zerbitzuan!

Azkenik, gogora ditzagun gure misioak. Misiolariak: beren bihotzean izango dituzten gorabeherak. Zenbat aldiz ez zaie etorriko burura: ez al haiz tontoarena egiten ari hemen, heure etxetik urrun, heure herritik aparte? Esker on handirik gabe! Eta misioetako jendea! Zenbat aldiz uzkur, axolagabe, ematen zaien mezuaren aurrean! Eska diezaiogun Jesusen Espirituari, argitu ditzala guztiak, berotu ditzala. Izan dezatela gogoan Andre Maria.

DIONISIO AMUNDARAIN