JAINKOAREKIN GUSTURA (Joan 4,5-42)
Garizumako 3. igandea A (2017-03-19)

Hunkigarria da pasadizoa. Bideaz nekaturik, Jakoben putzuaren ondoan eseri da Jesus. Handik laster, emakume bat iritsi da ur bila. Herri erdi-paganokoa da, juduek mespretxatzen duten herrikoa. Guztiz espontaneoki, hizketan hasi zaio Jesus. Ez du hartzen inor ere mespretxuz, baizik maitasun handiz. «Emakumea, emadazu edaten».

Harritu egin da emakumea. Nolatan ausartu da samariar batekin hizketan hastera? Nolatan beheratu da emakume ezezagun batekin harremanetan hasiz? Are gehiago harrituko da Jesusen hitz hauekin: «Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke».

Jende asko urrundu da, azken urte hauetan, Jainkoagandik, beraren barruan gertatzen ari denaz egiaz ohartu gabe. Gaur, «izaki arrotz» gertatzen zaio Jainkoa. Harekin erlazioa duen guztia gauza huts iruditzen zaio, eta zentzurik gabeko: haurren mundu, gero eta urrunagoko.

Ulertzen diet. Badakit zer senti dezaketen. Ni neu ere urrunduz joan naiz pixkanaka «neure haurtzaroko Jainko harengandik», neure baitan halako beldurra eta atsekabea sortzen zidan harengandik. Segur aski, Jesus gabe inoiz ez nuen topo egingo niretzat ontasun Misterio den Jainko batekin: presentzia adiskidetsu eta abegikorra den harekin, zeinengan uste osoa izan baitezaket beti.

Inoiz ez dut gustuko izan, neure fedea froga zientifikoekin egiaztatzen ibiltzea: uste dut, errore bat dela Jainkoaren misterioa tratatzea, laborategiko gauza bat izango balitz bezala. Dogma erlijiosoek ere ez didate lagundu Jainkoarekin topo egiten. Soil-soilik, Jesusengan dudan uste onari utzi diot eraman nazan, urteekin haziz joan den uste onari.

Ez nuke asmatuko zehatz adierazten, nola eusten diodan gaur egun neure fedeari, gainerako jendea bezala ni neu ere nahasten nauen krisi erlijioso honetan. Soil-soilik esango nuke, Jesusek eragin didala Jainkoaz dudan neure fedea bizitzera, era xumean, barru-barrutik. Entzuteko prest banago, Jainkoa ez da isiltzen. Bihotza irekitzen badiot, Jainkoa ez da ezkutatzen. Uste ona agertzen badiot, onartzen nau. Neure burua eskaintzen badiot, sostengatzen nau. Lur jotzen badut, altxatzen nau.

Uste dut, lehen esperientzia eta garrantzizkoena, Jainkoarekin gustura bizitzea dela, «presentzia salbatzaile» bezala sumatzen dudala-eta. Pertsona bat jabetzen denean zer den Jainkoarekin gustura bizitzea, jakinik, gure eskastasun, errore, egoismoak eta guzti, garen bezalako onartzen gaituela, eta bizitzari aurre egitera eragiten digula, nekez utziko du fedea. Jende askok uzten du gaur egun Jainkoa alde batera, Hura ezagutu aurretik. Jesusek kutsatzen duen Jainkoaren esperientzia ezagutuko balute, haren bila ibiliko lirateke.

Jose Antonio Pagola