Garizumako 2. igandea A (2017-03-12)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Lehen irakurgaia eta ebanjelioa oso interesgarriak ditugu, eta alde askotatik. Bietan alde bat bera nabarmentzekotan, hauxe izango litzateke: bietan, pertsona batzuek –lehenengoan Abrahamek eta ebanjelioan hiru ikasleek− Jainkoaz izandako esperientzia ageri da. Esperientzia pertsonala.

Baina mezuari heldu aurretik, esan dezagun garbi, gure artean nahasmendu bat bederen saihesteko, gaurko ebanjelioko pasadizoa ez dela historikoa; ez da Nazareteko Jesusen lurreko bizitzan gertatua. Baizik eta, Jesusen piztueraren ondoko esperientzia da. Era positiboan esanda, ebanjelariek Jesusen Jainko izatea eta gizon izatea azpimarratu nahi dituzte. Era negatiboan harturik, berriz, hauxe salatu edo iradoki nahi dute: Jesusek, bere bizitza hilkorrean ere, aski proba eta seinale agertu zituen, pertsona berezia zela sumatzeko; are gehiago, Jainkoa zela ere sumatzeko; baina ikasleak berak ez ziren gai izan horretarako.

Beste ohar hau ere kontuan hartu beharrekoa iruditzen zait. Testu hau Liburu Santuez ezer gutxi entzun edo irakurri duen bati aurkeztu bagenio, ezer gutxi ulertuko luke. Ez lioke balio izango ezertarako. Sinboloz josia dator testua, eta, horien berri izan ezean, ulertezina. Hona batzuk: mendian agertu zaie Jesus ikasleei; Itun Zahar osoan, Jainkoaren agerpen-lekua da mendia. Moises eta Elias agertu dira Jesusekin; Moises Israel herriaren gidaria izan zen herria Egiptoko esklabotzatik ateratzeko orduan, gidaria izan zen basamortuan, Jainkoaren eta herriaren arteko bitartekoa izan zen, herriari fedean eutsi ziona izan zen. Elias, berriz, K.a. 9. mendeko profeta; Akab eta Jezabel errege-erreginen aldikoa; Israelen fedea Baalen fedean galtzetik libratu zuena.

Horiek horrela, gaurko jendearen balio handiko bi mezua nabarmenduko nituzke.

Batetik, ikasleek esperientzia handi bat bizi izan dute, Kristo piztu denean. Esperientzia hori are biziagoa izan da, Jesusek hitz emandako Espiritua hartu dutelako. Goitik behera eraldatu dira. Koldar, beldurti eta itsu agertu izan direnak, gauzak beste modu batera ikustera iritsi dira. Besteak beste, gai izango dira Jesusengatik beren odola isurtzeko ere.

Gaurko jendearen balio handiko mezua, esan dut. Hogeigarren mendeko teologo handi batek, Rahnerrek esana da: XXI. mendea mistiko izango da edota ez da kristau izango. Esan nahi da, ez dela aski besteek esan didatelako sinesten dut esatea; nork bere esperientziaz ikusi edo sumatutakoaz sinetsi behar du. Ez besteenak, baizik norberak bizitakoak aldarazten du pertsona. Alde honetatik, oso esanguratsua da Loiolako Ignazioren aitorpena. Loiolan sendatu ondoren, Montserratera joan zen; han bere militar jantziak bota eta irizpide berriz janzten saiatu zen. Manresara jo zuen. Behin batean, urrun samar zegoen elizara joatean, Cardoner erreka ondoan eseri zen, atsedeteko. Bat-batean, adimenaren begiak irekitzen hasi zitzaizkion; uste izan zuen beste gizon bat zela, beste adimen bat zuela; gauza guztiak beste modu batean ikusten zituen: denak berri; iraganeko bere bizitza ere beste modu batean ikusten hasi zen; beste gizon bat zen Ignazio. Zahartzean ere, pasadizo hura bizi-bizi gogoratuko zuen. Senideok, Jainkoaz norberak izandako esperientzia da balio duena.

Bestetik, zerutiko ahotsak «Entzuiozue» esan die ikasleei. Eta gaur guri. Jesus da Moises berria. Jesus da Elias berria. Jesus da esklabutzatik aterako gaituen askatzailea, basamortuan gidatu gaituena, Jainkoa agertuko diguna. Jesus da gaurko munduko Baaletatik gordeko gaituena.

Jesusek berak esana dugu Joanen ebanjelioan: Neu naiz argia, bidea eta bizia. Berak lagunduko digu Abraham berri izaten. Fede-gizon, fede-emakume izaten. Jesusen Espirituak ez du atsedenik hartzen. Atea joko dut eta irekitzen badidazu sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu. Aupa eta eutsi!

Dionisio Amundarain