GARIZUMAKO 2. IGANDEA A 2017-03-12

SARRERA

Anai-arrebok, Garizumako bigarren igandea dugu gaur. Lehenengo irakurgaian eta ebanjelioan bi pertsona berezi ageri dira: Abraham eta Nazareteko Jesus. Biak fede handiko gizonak.
Abraham eta Sara, senar-emazteak, artzain ibiltari ziren. Eta non bizi bila, migratu beharrean gertatu ziren. Gaur egun milaka eta milaka pertsona gertatzen den bezala, premiak eraginda, kapitalismo bihotz gabeak behartuta.
Bidean zebilela, Jainkoaren esperientzia bizia izan zuen Abrahamek. Herri ugari baten aita izango zela esan zion Jainkoak. Eta gaur egun hiru erlijiok aitortzen dugu aita: juduek, kristauek eta islamdarrek.
Jesus, berriz, fedean, esperantzan eta maitasunean gidari ageri zaigu. Gaurko ebanjelioan, zerutiko aitorpen handi hau entzungo dugu: «Hau dut nik Seme laztana». Eta San Joanen ebanjelioan, garbi aitortu digu Jesusek berak: neu naiz argia, bidea eta bizia. Bestetik, gaurko ebanjelioan, zerutiko ahotsak agindu-proposamen hau egingo digu: «Entzuiozue» nire Seme honi.
Geure buruari galdetzekoa genuke: Abrahamek bezala, Jesusek bezala, ikasleek bezala, historiako beste hainbat jendek bezala, zirrikiturik uzten al diogu Jainkoaren hitzari geure bihotzean sartzeko? Gogoratu dezagun Samuel profetak gaztetxo zela zerutiko ahotsari eman zion erantzuna: «Hitz egizu, Jauna, adi duzu zeure zerbitzari hau». Jesusen Espirituak argitu gaitzala.

LEHENENGO IRAKURGAIA Hasiera liburutik (12,1-4)

Abraham Ur herrixkan bizi zen. Gaur egungo Irak-en. Jainkoaren deia sentitu zuen. Bere herria utzi eta beste lurralde batera joan behar zuen. Herri handi baten arbasoa izango zen. Bere txokoa baino ikuspegi zabalagoa izan behar zuen.
Abrahamek duda handiak izan zituen, noski; baina Jainkoaren esana bete zuen, bere konfiantza harengan jarriz. Beraz, bere segurtasuna utzi eta ezagutzen ez zuen egitekoa betetzera jo zuen.
Arrisku hau onartzean, fedearen eredu bihurtu da Abraham. Benetan nabari zaio begiz ikusten ez den zerbait ikusia duela. Orduz gero, Abraham ANTZALDATU egin zen.
Izan dezagula guk ere jarrera bera; mundu honetan berean pertsona ANTZALDATU izan behar dugu. Egun batean behin betiko eta bete-betean izango dugun izaera hura, mundu honetan berean agertu behar dugu neurri batean.

BIGARREN IRAKURGAIA Timoteori egindako 2. gutunetik (1,8b-10)

Paulo preso dago. Eta sumatu du laster joango dela zeruko Aitaren altzora. Zori horretan idatzi dio Timoteori.
Esaten dio, ahalegindu dadila ebanjelioaren alde, horrek sufritu beharra ekarriko badio ere.
Dei santuaz mintzo zaio Paulo. Kristau guztiek santutasunerako hartu dugun deia edo bokazioa da. Jainkoak betidanik guretzat pentsatua zuen egitekoa da dei hori. Geure bizieraz Jainkoaren egia, onberatasuna eta edertasuna islatu edo agertu behar dugu.
Gizakiaren ideal hori betetzera etorria da Jesu Kristo: heriotza desegin du eta argitara atera du betiko biziaren argia, ebanjelioaren bidez.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (17,1-9)

Ebanjelariak pasarte honetan hau esaten digu: Jesus mendi gainean, hiru apostolu aukeratuen aurrean, ANTZALDATU egin zela.
Ez da pentsatu behar pasadizo hau historikoki hala gertatu zenik. Piztuera ondoren jabetu dira ikasleak Jesus zer den: JAINKOA ETA, piztuera dela medio, GIZON AINTZATSUA. Ebanjelariek hau agertu nahi digute: Jesus, Andre Mariagandik eta Josegandik jaioa zen hura, Jainkoa dela piztu aurretik ere. Ikasleek ez dutela ezagutu halakotzat, baina bazituela Jesusek zer zen adierazten zituzten seinaleak: beraren hitzak, keinuak, beraren jarrera, beraren maitasuna, batez ere pobreekiko.
Piztu ondoren iritsi dira Jesusen jarrera hura guztia interpretatzera. Eta gaurko pasadizoan datozen sinboloen bidez argitu dute zer zen Jesus piztuera aurretik ere: mendian ageri da Jesus; Itun Zahar guztian Jainkoa agertzen den tokia da mendia; hodei batek estali ditu: Jainkoaren presentzia adierazten du hodeiak; «nire Seme kuttuna da hau» dio zeruko ahotsak etab.
Piztuera ondoan, ikasleek izan duten esperientzia sakona adierazten du gaurko pasadizo honek. Izan dezagula guk geuk ere esperientzia bizi hori. Eta izan dezatela beste batzuek ere esperientzia hori bera, gugan Jesusen jokamoldea eta jarrera ikustean.

HERRIAREN OTOITZA

1.-Munduan garizuma bizi dugun guztion alde: Jesus ikusi eta ezagutu izanaren gure esperientzia handitzeko aldia izan dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Hainbat lurraldetan, gerran bizi diren herrien alde; beren arazoak zuzentasunean oinarritutako bake-giroan konpontzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gure artean pobre eta ezinean bizi direnen alde: nork lagundua izan dezaten; batez ere, gaur egungo egitura-egoera aldatzeko jendea sor dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Mundu osoan eta, batez ere, Euskal Herrian eskolaren munduan bizi ditugun arazoetan, begi-argiago, bihotz handiago, borondate sutsuago izan gaitezen, bihar egunerako belaunaldi gizatarragoa prestatzeko. Eska diezaiogun Jaunari.