Ukapenetik garaipenera
Garizumako 2. igandea (2017-03-12)
Igande honetako hiru irakurgaien gai komuna da: «ukapenetik garaipenera». Lehen irakurgaian, Abrahamek bere herria eta bere familia utzi behar izan ditu; esperientzi latza, noski; emigratu beharrean gertatu direnek bakarrik ezagutzen dute hori ondo. Baina beste lurralde bat lortuko du eta familia ugari bat, zeruko izarrak adinakoa. Are gehiago: munduko familia guztiak sentituko dira hari atxikiak, eta haren izenaz baliatuko dira beren burua bedeinkatzeko.
Bigarren irakurgaian, Timoteok uko egin beharko dio bere biziera erosoari, eta ebanjelioa hots egitearen lan gogorrean parte hartu. Baina bizi hilezkorra lortuko du, Jesusek bere heriotzaz iritsi diguna.
Ebanjelioan, gaurko honen aurre-aurreko pasadizoa (Jesusen nekaldiaren eta piztueraren lehen iragarpena) gogoan hartzen badugu, garbi gertatuko da gaia: Jesusek, bizitza segurtatzeari uko egin diolarik, antzaldatzeak sinbolizatutako piztuera lortu du. Horixe iragarri die ikasleei: «Esan nahi dizuet, hemen diren batzuk ez direla hilko, Gizon hau errege bezala etortzen ikusi gabe».
Handik sei egunera gertatu da Jesusen agerpen aintzatsu hau. Kontaera hiru zatitan bana dezakegu: mendira igotzea (1. txatala), ikuskaria (2-8 tx.), menditik jaistea (9-13 tx.). Ikuspegi literariotik hartuta, teofania bat da, Jainkoaren agerpen bat, eta ebanjelariak, bera deskribatzeko, Itun Zaharreko autoreek erabili ohi zituzten osagai berez baliatuko dira. Horregatik, zatietako bakoitza analizatu aurretik, komenik da gogoratzea Sinaiko teofania ospetsuko datu batzuk, Jainkoa Moisesi agertu zitzaion hartakoak.
Sinaiko teofania
Jainkoa ez da agertu ohi edozein paraje batean, baizik eta berezi batean: mendian; herriak ez du harako irispiderik, baizik eta Moisesek bakarrik, batzuetan Aaron anaia lagun izaten badu ere (Irteera 19,24) edota Aaron, Nadab eta Abihu, Israelgo hirurogeita hamar buruzagiekin (Irteera 24,1). Jainkoak bere presentzia hodei trinko baten irudiz adierazten du, handik hitz egiten duelarik (Irteera 19,9). Sarritan aipatzen dira testuinguru honetan sua, kea eta mendiaren dardara ere; lurrera hurbiltzen den Jainkoaren aintzaren eta ahalmenaren sinbolo dira. Osagai hauek azaltzen digute, ebanjelarien xedea ez dela txosten objektibo bat, «historiko» bat, eskaintzea, gertatu denaz, baizik eta Itun Zaharreko teofanien antzeko ingurugiro bat.
Mendira igotzea
Jesusek ikasleetarik hiru bakarrik aukeratu ditu: Pedro, Santiago eta Joan. Beste bederatziak alde batera uztea ez dugu hartu behar hiruren pribilegiotzat bakarrik; hau da ideia nagusia: joan-etorri handiko zerbait gertatuko dela, guztiek ezin ikusi dutena. Diote ebanjelariek, «mendi garai eta bazter batera» igo zirela. Kristau-tradizioa ez da konformatu adierazpen orokor hauekin, eta Tabor mendian gertatu izana seinalatu du, baina mendi honek ez altuera berezirik (575 m) eta ez dago bazter batean. Beste zerbait adierazi nahi dute ebanjelariek: sarritan bezala, mendiaren sinbolismoa erabili dute, Jainkoaren egoitza edo agerpen leku bezala. Antzinako kanaandarren artean, Safon mendia jainkoen panteoiaren egoitza zen. Grekoek Olinpo zuten. Israeldarrentzat, mendi sakratua Sinai (edo Horeb) zen. Karmelo mendiak ere ospe berezia izan zuen azken hauen artean, Jerusalemgo Sion mendiak bezala. Mendi «garai eta bazter» batek gizakiak, horizontalki, beren artean banatzen ditu, eta bertikalki Jainkoagana hurbiltzen. Testuinguru horretan gertatuko da Jesusen agerpen aintzatsua, ikasleetarik hiruri soilik.
Ikuskaria
Lau osagai ditu ikuskariak; bete-beterantz eragiten diote. Lehengoa, Jesusen aurpegia eta jantziak antzaldatzearena da. Bigarrena, Moises eta Elias agertzearena. Hirugarrena, bertakoak estali dituen hodei distiratsuarena. Laugarrena, entzun duten zerutiko ahotsarena.
1.-Jesusen antzaldatzea hitz hauekin adierazi du Markosek: «Jantziak distiratsu bihurtu zitzaizkion, zuri-zuri, munduan inork jar ditzakeen baino zuriago» (Markos 9,3). Mateok galdu egin du azken konparazio hori eta beste datu bat gehitu: «aurpegia eguzkia bezain distiratsu». Argiak Jesusen aintza sinbolizatzen du; ikasleek ez zuten sumatu hori, artean, era hain harrigarrian.
2.- «Eta Elias eta Moises agertu zitzaizkien, Jesusekin hizketan». Jainkoaren eta Israel herriaren arteko bitartekari handia da Moises, Jainkoak aurrez aurre hitz egiten zion profeta da. Moises gabe, giza eran hitz eginez, ez zen existituko, ez Israel herria, ez beronen erlijioa. Erlijio hori, bere krisialdiaren unerik handienean, K.a. IX. mendean, salbatu zuen profeta da Elias; izan ere, erlijioa lur jotzeko puntuan gertatu zen orduan kanaandarren erlijioaren eraginpean. Elias gabe, erabat galdu izango zen Moisesen lan guztia. Horregatik, aparteko garrantzia ematen zieten israeldarrek bi pertsona hauei. Une honetan biak ikasleei (ez Jesusi) agertu izana, ikasle horiek jarraitzen dioten Jesusen garrantzia bermatzeko modu bat da. Ez da hereje bat, ezta zoro bat ere, ez da ari mendetako erlijioa, hankoz gora bota nahian, baizik eta antzinako profeten ildoan mugitzen da, haien lana bere betera eraman nahiz.
Testuinguru honetan, Pedroren hitzak, hiru etxola egitea proposatuz, zentzugabekeria huts dira. Baina lehenago esan duenaren ondorio huts dira: «Maisu, bai ederki gaudela hemen!» Nekaldiaren lehen irakaspenekoan, Pedrok uko egin egin zien, bai sufrimenduari, bai heriotzari salbamenerako bidetzat harturik. Orain, ildo beretik, nahiago du gailurrean gelditu Jesus, Moises eta Eliasekin, Jesusi gurutzearekin jarraitu baino.
3.- Sinai mendian bezala, Jainkoa hodeian agertu da eta hartatik hitz egin du.
4.- Hitz horiek Jesusen bataiokoan, Jainkoak Jesus zerbitzari agertu zuen hartan, entzun zirenak berak berregin dute. Baina gaurko honetan agindu bat gehitu dute: «Entzuiozue». Agindua Jesusen aurreko hitzekin erlazionatzen da zuzenean, Pedrori hartarainoko eskandalua eragin diotenekin, eta Jesusek ikasleei planteatu dien biziaren edo heriotzaren arteko hautabide gogorrarekin. Mezu hau ezin saihestu dugu, ezta urardotu ere. «Entzuiozue».
Menditik jaistea
Bi gertaera dakartza Mateok une honetan: Jesusen agindua, ez dezatela hitz egin ikuskariaz bera piztu arte, eta ikasleen galdera Elias itzultzeaz.
Lehenengo hori bat dator bera Mesias dela ez esateko Jesusen debekuarekin (Mt 16,20). Ez da orain abagunea ahalmenaz eta aintzaz hitz egiteko; Jesusek ez du sortu nahi sasi-ideiarik eta sasi-esperantzarik. Piztuera ondoren, Kristogan sinesteko nekaldiaren eta gurutzearen eskandalua onartzea beharrezkoa izango denean, orduan askatasun osoaz hitz egin ahalko dute beraren aintzaz ere.
Bigarren gaia, Elias itzultzeari dagokiona, alde batera utzi du liturgiak.
Laburpena
Pasadizo hau ez dute kontatu ebanjelariek Jesusen mesederako, baizik eta apostoluen esperientzia baikor izan dadin. Jesusek bere nekaldiaz eta heriotzaz hitz egin eta ikasleei ezarri dizkien baldintza latzen ondoren, hiru esperientzia osagarri izan dituzte: 1) Jesus antzaldaturik ikusi dute, era aintzatsuan; 2) Moises eta Elias agertu zaizkie; 3) zerutiko ahotsa entzun dute.
Irakaspen hazkorra esan nahi du honek guztiak: 1) Jesusen aurpegia eta jantziak antzaldaturik ikustean, esperientziaz dakite haren azken zoria ez dela izango porrota, baizik eta aintza; 2) Moises eta Elias agertzeak baietsi die Jesus dela Israelen historia erlijiosoaren eta Jainkoaren errebelazioaren gailurra; 3) zerutiko hitza entzutearekin, badakite, Jesusi jarraitzea ez dela zorakeria bat, baizik eta Jainkoaren egitasmoarekin guztiz bat datorren jarrera.
José Luis Sicre