Garizumako 1. igandea A (2017-03-05)
HOMILIA

Anai-arrebok:

Garizuma hasi berria dugu, joan den asteazkenetik. Gaurko ebanjelioa Jesusen hiru tentazioez mintzo zaigu.

Lehenik eta behin, zer da garizuma oro har? Duela egun batzuk aita santuak jaulki dituen hitz batzuk bildu nahi nituzke; gutxi gorabehera, jakina.

Garizuma esperantzaren bidea da. Izan ere, Pazkorako prestatzeko aldia da. Gure esperantza da Pazkoa. Berrogeialdi hau Pazkoaren argipean bizi behar dugu. Pazkoa piztuera da. Jesusen eta gure piztuera. Garizuma, penitentzia-aldia da ere bada, baina penitentzia ez da helburua, bidea da.

Horrenbestez, on egingo digu Israeldarrek bizi izan zuten Irteera (Exodoa) gogoan hartzea. Egipton esklabo bizi ziren. Baina lortu zuten, Jainkoaren graziarekin, handik ihes egitea. Konturatu ziren Jainkoa ez zela ahaztu Israel herriaz. Eta basamortura jo zuten. Han neke eta ezbehar eta tentazio handiak bizi behar izan zituzten. Baina buruan helburua zuten, Jainkoak hitzemandako lurraldea zuten begi aurrean. Hara jo zuten. Gure garizuma ere horixe da: basamortua, neke askorekin, baina begi aurrean hitzemandako lurraldea dugula. Lurralde hori Jesusen eta gure piztuera da.

Hain zuzen, bere piztuerarekin, Jesusek bidea ireki digu, geure piztuerarako bidea. Jakina, bidea urratu digu. Horrek esan nahi du, Jesusek ez duela dena egin. Guri dagokigu bide horri «bai» handi bat ematea. Andre Mariak eta santuek eman zioten bezala. Nola garaitu zituen Jesusek tentazioak? Sostengutzat Liburu Santuak izan zituen. Tentatzaileari emandako erantzunak Liburu Santuetatik atera ditu Jesusek.

Bigarren, Jesusen tentazioak. Jesus gu bezalakoa dela agertu digute ebanjelariek, tentazio hauek deskribatzean; benetako gizona dela.

Lehen tentazioa. Barauaren ondoren, Jesus goseak da. Egoera horretaz baliatu da tentatzailea: esazu harri hauek ogi bihur daitezela. Esan nahi dio, baduzu ahalmena horretarako; zertan jarraitu behar duzu goseak? Baina Jesusek ikasia du Israel herriak basamortuan ikasi ez zuena. Alde batetik, ikasia du, inork ez duela baliatu behar bere ahalmenaz bere probetxurako. Bestetik, ikasia du gizakiak Jainkoagan konfiantza jarri behar dela. Hirugarren, eta batez ere, ikasia du gizakiaren bizitza ez dela ogia eta jatekoa izatea bakarrik; beharrezkoa duela gizakiak Jainkoaren hitzaz elikatzea.

Bigarren tentazioa. Esan dio tentatzaileak: Jainkoaren Semea bazara bota ezazu zeure burua tenpluaren teilatu-hegaletik behera, eta aingeruek jasoko zaituzte. Pentsa genezake, mirariak eta gauza handiak eginez, jendea engainatzera eragin nahi diola. Baina, badirudi interpretazio hau ez dela zuzena; izan ere, tentatzaileak ez du aipatzen engainatu beharko lukeen jendetzarik. Horregatik, ematen du, honetara eragin diola Jesusi tentatzaileak: hartu duen misio edo egitekoa egiazkoa dela ziurtatzeko, Jainkoari mirari bat eskatzera eragin diola. Itun Zaharrean seinale-eskatze asko ageri da. Azken batean, Jainkoari seinale bat eskatzera eragin dio tentatzaileak, hartu duen bidea zuzena dela argi eta garbi jakiteko. Hau da hondoan dagoen tentazioa: «Jauna nirekin dago, bai ala ez?»

Hirugarren tentazioa. Ahuspeztu eta gurtzen banauzu, hau guztia zuretzat izango da. Aintzaren eta ospearen bila eragin dio Jesusi. Azken batean, harrokeriara.

Israel herriak basamortuan ez bezala, Jesusek garaitu egin ditu tentazioak.
Eta guk? Ikasia al dugu, ez dagokigula geure probetsu hutsaren bila ibiltzea; Jainkoagan konfiantza jartzea komeni zaigula; ezin bizi garela ogiz bakarrik; beharrezkoa dugula Jainkoaren Hitza? Ikasia al dugu, mundualdi honetan ez genukeela mirari bila ibili behar; Jainkoa ezin dugula ikusi geure begi fisikoez; giro lauso eta erdi ilunean bizitzen jakin behar dugula, Jainkoagan konfiantza jarriz? Ikasia al dugu, jende xume eta apalak sumatzen duela Jainkoa; jende harroak ezin barruntatu duela Jainkoa?

Aita Santuak jomuga handi bat eman digu Garizumarako: Pazkora begira bizi. Jesusek jasan dituen tentazioen pasadizoak, geure tentazioak nola garaitu agertu digute: Jainkoaren hitza entzun, irakurri, hausnartu eta biziz. Andre Mariak ere egin zuen bezala. Lagundu gaitzala Jesusen Espirituak.

Dionisio Amundarain