Premiak, beldurra eta handinahia
Garizuma 1 ig A (2017-03-05)

Garizumako lehen igandean, beti, Jesusen tentazioen pasadizoa gogoratu ohi dugu. Kontaerarik zaharrena, Markosena, oso laburra da eta misteriotsua. Mateok eta Lukasek guztiok ezagutzen ditugun hiru tentazio famatuekin osatu dute kontaera; bataioaren pasadizoarekin loturik ageri da; bataiokoan zerutiko aldarri hau entzun zen: «Zu zara ene seme maitea, zugan duk nik atsegin». Nola ulertu du Jesusek Jainkoaren Seme izate hori? Eroso bizi eta garaile izateko baiespen-agiri bezala? Guztiz alderantziz. Bataioaren ondoren, basamortura joan da berehala; han argi agertuko da zer den Seme izate hori.

Lehen tentazioa

Berrogei urteko baraualdiaren ondoko gose normaletik abiatuz, honetan datza lehen tentazioa: boterea bere probetxurako erabili nahi izatea. Premia gorriko tentazioa da, Israel herriak behin eta berriz jasan zuena basamortuan egindako berrogei urteetan. Azkenean, Moisesek, herriari jasandako neke latzak gogoratzearekin batean, Jaunak jarrera hori zergatik hartu zuen argitu zion: «(Jainkoak) gosea pasaraziz atsekabetu zintuen, eta ondoren mana eman zizun jateko, adierazteko, gizakia ez dela bizi ogiz bakarrik, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den gauza guztiez» (Dt 8,3).

Israel herriaren esperientzian kontrako egoerak gertatu izan dira: premiarena (gosea) eta premia gainditzearena (mana). Hartatik bi gauza ikasi behar izango zituen. Lehenik, Jainkoaren Arduran konfiantza izaten. Bigarren, bizitzea gauza askoz zabalagoa eta sakonagoa dela lehen premiak asetze soila baino. Bizia kontzeptu aberatsago honetan hartzeko unean izaten du bere zeregina Jainkoaren hitzak, janari bizi-emaile izatearena, alegia. Izatez, herriak ez zuen ikasi irakaspena. Biziaz zuen ikusmoldeak hertsi eta mugatu izaten jarraitu zuen. Lehen premiak aserik ez zituen bitartean, Jainkoaren hitzak ez zuen zentzurik Israel herriarentzat.

Jesusen kasuan, fintasunak alde batera utzi eta gauza zehatz honetara jo du tentatzaileak: «Jainkoaren Semea baldin bazara, esazu harri hauek harri bihurtzeko». Tentatzailearen arabera, Jesusek ez du zertan kexatu goseak izateaz, ezta zertan marmar egin ere Israel herriak bezala, ezta zertan jo ere Moisesengana; Jainkoaren semea da; beraz, bere-berez konpon dezake arazoa. Jesusek, ordea, ikasia du hasieratik irakaspena, herriak urtetan beretu ez duena: «Idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, baizik eta Jainkoaren ahotik irteten den gauza guztiez».

Jesusen irakaspena lehen tentazio honetan hain aberatsa da non ezin baita mugatu ideia bakar batera. Hor dator bistako puntu hau: boterea norberaren probetxurako ez erabiltzekoa. Hor dator Jainkoaganako konfiantzaren ideia ere. Agian, ordea, alderdirik garrantzizkoena, era kasik subliminalean adierazia, beste hau da: biziaren ikuspegi zabal eta sakona, lehen premiarena baino harago doana, Jainkoaren hitzaz elikatua.

Bigarren tentazioa

Bigarren tentazioak ere (tenpluko teilatu-hegaletik behera salto egitea) hainbat interpretaziorako bidea ematen du. Hartzen ahal genuke sentsazionalismoaren tentazio gisa; adibidez, jokabide bitxietara jotzea, jarduera apostolikoan arrakasta izateko. Eman dezagun: tenpluaren inguruan bildurik den jendetzak miraria ikusi eta onartu duela Jesus Jainkoaren Semea dela. Baina interpretazio hau garrantzizko xehetasun batez ahaztu da. Tentatzaileak ez du aipatu ezertan ere balizko jendetza hori. Proposatu duena, Jesusen eta Jainkoaren aingeruen artean bakarrik gertatuko litzateke. Horregatik, zehatzagoa dela ematen du tentazioa honetan datzala esatea: Jainkoari frogak eskatzean, Jesusi gomendatutako misioa baietsiko luketenak. Gu ez gaude honetara jarriak, baina Itun Zaharrean gauza tipikoa da hori, segidako adibide hauek adierazten dutenez: Moises (Ir 4,1-7), Gedeon (Ep 6,36-40), Saul (1 Sm 10,2-5) eta Akaz (Is 7,10-14). Eginkizun zail baten aurreko beldurraren eta ziurtasun-ezaren erantzun bezala, Jainkoak mirarizko seinale bat ematen dio hautatuari, gomendatu zaion misioaren baiesle. Seinaleak desberdinak izan daitezke: makila magiko bat (Moises), gaueko harrigarrizko bi ihintz (Gedeon), askotariko seinaleren multzoa (Saul), edota mirari handi bat zeru goian edo lur hondoan (Akaz). Inporta duena, seinale bat eskatzeko eskubidea da, eginkizuna betetzeko lasaitasuna emango duena eta betetzera animatuko.

Jesusek, bere misioa hasteko puntuan, eta tentatzailearen arabera, eskubidea du antzeko seinale bat eskatzeko. Sal 91,11-12aren promesean oinarrituz («aingeruei agindua die zeure bideetan gorde zaitzaten; airean eramango zaituzte zure oinak harrian estropezu egin ez dezan»), tentatzaileak proba ikusgarri eta zehatz bat proposatu dio Jesusi: bere burua tenpluko hegaletik behera botatzea. Horrela argi gertatuko da Jainkoaren Semea den ala ez. Jesusek, jakina, ez du onartu jarrera hau, eta uko egin dio tentazioari Deuteronomioko testu honekin: «Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa» (Dt 6,16). Deuteronomio 6,16 hori esplizituagoa da: «Ez tentatu Jauna zeuen Jainkoa, probatuz, Masa-n (Tentazioa) egin zenuten bezala». Zenbakiak liburuko 17,1-17ko pasadizoari egiten dio aipu. Itxuraz, han auzitan dagoen arazoa egarriarena da; baina azkenean garbi ageri da, benetako tentazioa Jainkoaren presentzia eta babesa dudan jartzean datzala: «Gurekin dago ala ez Jauna?» (7. txatala). Hondo-hondoan, edozein seinale- eta mirari-eskarik duda bat izaten du ezkutuan Jainkoaren babesaz. Jesus ez da horrelakoa. Honen jarrerak askoz gainditzen du Moisesena bera ere.

Hirugarren tentazioa

Hirugarren tentazioa −zirt edo zart egin du tentatzaileak− boterea eta aintza bilatzean datza, berekin duen arren idolatria-egintza bat ere. Ez da presako premiak edo beldurrak eragindako tentazioa, baizik eta garaitu nahi izateak. Jesusek, Dt 6,13 aipatuz, uko egin dio Satanasek ezarritako baldintzari.

Mateorentzat, Jesus basamortuan basamortuko Israelen alderantzizkoa da. Basamortuko aldian, herria aise erori zen ibilaldiak berekin zituen saihestezineko probetan: gosea, egarria, etsaien erasoak. Dudan ipini zuen Jainkoaren laguntza, kexu agertu zen zailtasunetan. Jesusek, Israel berriak, tentazio latzagoen menpe izanik ere, garaitu egin ditu. Eta gainditu, ez teoria berrietara edo esperientzia pertsonaletara joz, baizik eta Israelen fedearen oinarrizko baieztapenak berak aintzat hartuz, Moisesek Deuteromio liburuan proposatu zituenez. Mateoren eta honen elkartearen judu garaikideek ez dute eskubiderik beraien fundatzailea espiritu benetakoari atxiki ez izanaz akusatzeko. Jesus da Jainkoaren benetako Semea, bakarra Jainkoari une guztietan atxiki izan zaiona.

Historikotasunaren problema

Mateoren kontaerak, gertaera historikoez ala fikzioez ari den galdetu beharra dakarkigu. Izan ere, tentatzailearekin izandako elkarrizketak, hiri santura egindako bidaiak eta mendu garai batera egindakoak ez dute ematen ezer historiko diren.

Merezi du kontuan hartzea, laugarren ebanjelioak ez dakarrela tentazio hauen pasadizorik; halere, aipatzen ditu tentazioak Jesusen bizitzan. Bortitzena boterearena da, galilearrek Jesus errege izendatu nahi izan duten hartan. Eta edukiz, ez formaz, antzeko tentazioak Jesusen bizitzako azkenean errepikatzen dira, gurutzean: «Jainkoaren Semea bahaiz, salba hadi eta jaitsi gurutzetik» (Mt 27,40). Azken tentazio hauek interes handiko beste datu bat iradokitzen digute: tentatzaileak gizakiak dira, eta ez Sanatas.

Laburpena

Tentazioa gauza erreala izan da Jesusen bizitzan. Benetako gizakia izateagatik.

Mateok gai hau garatu nahi izan du, hasieratik garbi uzteko, nola ulertu duen Jesusek Jainkoaren Seme izatea: ez pribilejio bezala, baizik zerbitzu bezala.

Hondoan, hiru tentazioak bakar batean biltzen dira: Jainkoaren aurretik jarri nahi izatean, norberaren premiak, beldurrak eta gustuak Jauna baldintzarik gabe zerbitzatzearen gainetik ipini nahi izatean, haren laguntzaz mesfidatuz edo haren gainetik jarriz.

Tentazioek badute beste balio bat ere gutako bakoitzarentzat eta kristau-elkarte osoarentzat. Geure premien, beldurren eta gurarien aurrean dugun jarrera eta Jainkoarekiko dugun zaletasun-maila aztertzeko balioa.

José Luis Sicre