URTEKO 7. IGANDEA A 2017-02-19
SARRERA
Anai-arrebok, Jesusen Mendiko Hitzaldia entzuten jarraitzen dugu: maitasuna ala gorrotoa? Adiskidea maitatu eta kalte egin diguna gorrotatu?
Gure munduari begira jarririk, gauza ikaragarria da gertatzen ari dena. Komunikabideek aipatzen ez dutena momentuz alde batera utzirik, zer ikusten dugu? Istiluak han eta hemen. Gerla toki askotan. Manifestazioetan ere hildakoak. Eta milioika haur goseak hiltzen. Etabar luze bat.
Hau guztia kontuan harturik, zertan da Jesusen mezua? Maita ezazu zeure etsaia. Maita ezazu kalte egiten dizuna ere. Maita ezazu zeure etsaia ere.
Gizatasun eta kristautasun horretan goreneko mailara iritsi gabe ere, geure bizitzan nola bizi dugu Jesusen agindu hori: maitatu zeure etsaia ere? Jakina, joan den igandean entzun genuena kontuan izanik, ez da aski kalterik ez egitea; ez da aski agerian kalterik ez egitea. Jesusek hondoagora jotzen du: maita ezazu zeure bihotzean, egiozu on, otoitz egin harentzat.
Ebanjelioko gomendiorik zailenaren aurrean gaude. Etsaia maitatu! Eska diezaiogun laguntza Jesusi berari. Andre Mariak laguntza handia emango digu.
LEHENENGO IRAKURGAIA Levitarrak liburutik (19,1-2.17-18)
Liburuaren azken zatitik hartua da segidan entzungo dugun pasartea. «Santutasun Legea» deitu ohi zaio azken zati horri. Hain zuzen ere, hainbesteraino azpimarratzen duelako santutasuna.
Jainkoa da benetan santua. Santu bakarra. Dena zuzentasun, dena maitasun, dena erruki, dena onbera. Eta bera santua delako, bere seme-alaboi santutasunerako deia egin digu. Israeldarrei hainbeste on egin dien Jainkoa bera da santutasunerako dei hori egin diena. Guri ere egiten diguna.
Santutasunaren muina maitasuna da. Jainkoarekiko maitasuna. Baina lagun hurkoa maitatuz gauzatzen da Jainkoarekiko maitasun hori. Esan daiteke, Jainkoak nahi duen santutasuna bizitzeko, bitartekoa dela lagun hurkoa: hau maitatzetik pasatzen dela santutasuna.
Dena den, Jesusek jauzi handia egin du Itun Zaharreko santutasunarekin konparatuz. Lagun hurkoa ez da zure ahaidea bakarrik, ez da zure herrikoa bakarrik. Etsaia bera ere lagun hurkoa duzu..
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (3,16-23)
Korintoarrei egindako Lehen Gutunaren lehen zatiaren azkena da gaurko puska hau. Zati honetan Korinton kristauen artean bizi zuten zatiketaz mintzo da Paulo. Esaten die, bere irakaspena ez dela oinarritzen giza jakindurian, baizik Jainkoaren jakindurian.
Gaurko pasarte honetan hiru gai azpimarratu behar dira. Batetik, pertsona bakoitza Jainkoaren tenplu da, Espirituaren egoitza da; beraz, Jainkoa bezalaxe errespetatu behar da tenplu den pertsona hori. Bestetik, kristau-jakinduria munduaren jakinduriaren gainetik dago; izan ere, kristau-jakinduria horrek Kristo gurutzean josia du ardatz eta muin. Hirugarren, guztiok Kristorenak gara, eta Kristo Jainkoarena. Handia da benetan gure duintasuna: Kristogan txertatuak gara.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,38-48)
Aurreko igandean bezala, antitesiez baliatzen da Mateo Jesusen irakaskizuna agertzeko: hau esan zizueten; nik, berriz, beste hau diotsuet.
Batetik, talio-legeaz mintzo da: begia begi truk esaten duen legeaz. Norbaitek begia galdu dizula, galdu berari ere begia. Bere garaian, aurrerapauso handia izan zen talio-lege hori. Kalte handiagoak saihesteko modua izan zen lege hori. Jesusek, halere, gainditu egin du talio-lege hori: barkazioa hots egin du etsaiarentzat ere.
Bestetik, etsaia bera ere maitatzeko eskatu du Jesusek. Izan guztiz on zeuen Aita bezala, dakar Mateok. Lukasek beste hau dio: «izan errukitsu»
Horra kristauei Jesusek proposatu dien bidea eta jarrera. Lagundu gaitzala berak proposamen hori betetzen.
HERRIAREN ESKARIAK
1.-Kristau guztien alde: Jesusen mezua egoki jasotzen saia gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Lan profesionaletik erretiratu diren guztien alde: beren bizitza probetxuzko zerbait eginez bete dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Gaur egungo ekonomi krisia dela-eta gorriak ikusten ari diren guztien alde: laster argi-printza bat ikusteko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Geure burua kristautzat jotzen dugun guztion alde: kristau izateak kristau guztion elkarteaz arduratzea esan nahi duela kontura gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.