URTEKO ZAZPIGARREN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Maita zure aldeko laguna, ni saindua bainaiz )
Lebitarren liburutik 19,1-2.17-18
1 Jaunak erran zion Moisi:
2 “ Mintza zaite Izraelen semeen biltzar guziari; eta erran:
Izan zaitezte saindu,
ni, Jauna, zuen Jainkoa, saindua bainaiz.
17 Ez izan bihotzean herrarik zure haurridearentzat.
Erraitekoak erran dudarik gabe zure lagunari,
ez dezazun har zure gain haren bekatua.
18 Ez egin mendekurik,
ez izan aiherkunderik zure herritarrarentzat.
Maita zure hurko laguna, zure burua bezala.
Ni naiz Jauna!”
“Izan zaitezte saindu.” Mendeak behar izan ditu Izraelek konprenitzeko “saindutasun” eta
“amodio” bat eta bera direla. “Saindu” hitzak Jainkoa arrunt bestelakoa dela erran nahi du.
Hartarik gutarako arte neurrigabeko hori Jainkoak betetzen du gomitatzen gaituelarik haren
iduriko izaitera. Beraz hortarako on gira…bainan hari esker, haren graziaz. “Izan zaitezte
saindu”, Jainkoa bezala, zer erran nahi du gure bizian ? Ez duzu herrarik atxikiko zeure
baitan, ez zira mendekatuko…erran nahi baita ” zeure hurko laguna maitatuko duzu zeure
burua bezala.” Hori da Jainkoaren iduriko izaitea, harek ez baitu herrarik ez mendekurik,
amodio delakotz. Mendeak beharko dituzte profetek herriari konpreniarazteko Jainko
Sainduaren iduriko izaitea maitatzea dela.
Testo hau idatzi zelarik ez zen oraino aipu gizaki guzien alderateko amodiorik. Irakurtzen
dugu : Ez izan bihotzean herrarik “zeure haurridearentzat”; ez izan aiherkunderik “zeure
herritarrentzat”; maita “zeure hurko laguna”. Lehen urratsa baizik ez zen oraino. Zenbait
menderen buruan, Jesusek samaritar onaren parabolan gizaki guzietarat zabalduko du hurko
lagunaren maitatzea. Denak gira Jainkoaren seme eta alaba, denak haurride. Amodioak muga
guziak hausten ditu.
Salmoa 102
Leloa: Jainkoak badu bihotz on eta urrikalmendu
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Nere barneko guziek haren Izenari!
Eskerrak eman, nere arima, Jainkoari,
Ez nehoiz ahantz zoin usu zaitzun urrikari!
Harek barkatzen, noiz baitzare zu makur ari,
Indar emaiten, ahul bazare ala eri.
Libratzen zaitu, kasik baitzare hil erori;
Emaiten dautzu amodioa minen sari.
Ona da Jauna eta guzien urrikari,
Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.
Gaizkien arau ez zauku Jauna nehoiz ari,
Ez eta ere hobenen arau lotzen guri.
Bi zeru aldek ezin neholaz jo elgarri:
Gure hobenak gutarik urrun hak ezarri.
Nola baitio aitak behatzen semeari,
Hala da Jauna jainkozaleen urrikari.
Salmo hau esker onezkoa da, eta salmotegi guziko ederrenetarik. Orotara 22 bertsu
baditu, bertsu bakotxak bi bertset dauzkala. Hemen lau bertsu baizik ez zaizkigu emaiten.
Bertsu bakotxa hebrear alfabetako letra desberdin batekin hasten da. Holako salmoak
“alfabetikoak” deitzen dira.
Beste berezitasun bat, paralelismoa : Bertset bakotxa bi lerrokoa da, batek besteari
oihartzun egiten diola. Ideia bera da bi gisetara emana, zenbait aldiz bigarren lerroak lehena
argitzen duela. Adibidez lehen bertsetean : “eskerrak eman…Jainkoari”. Bigarrenean : “Nere
barneko guziek haren Izenari.” Izena, Biblian, pertsona da : “Jainkoa” eta “Izena” bat eta bera
dira. Halaber “nere arima” eta “nere barneko guziak”.
Bosgarren bertseta famatua da Biblian, eta salmo hau guzia laburbil dezake : “Ona da
Jauna eta guzien urrikari, Ez hasarrekor bainan bihotzen altxagarri.” Beldurra bihotzetarik
kanpo ezartzen du. Beste bertsetekin batean Jainkoa zer eta nor den erraiten dauku : bihotz
samurra, barkakorra. Samurtasunik ez duenari ez zaio barkamendurik eskatzen ahal. Jesusek
hori ezin hobeki ezarri zaukun begien aitzinean aita urrikalkor eta seme joanaren parabola
kondatu zuelarik.
Bigarren irakurgaia
( Egiazko zuhurtzia: denak batean Kristorenak izan )
Jondoni Paulok Korintiarreri 3,16-23
Haurrideak,
16 ez ote dakizue Jainkoaren tenplua zireztela,
eta Jainkoaren Izpiritua zuen baitan bizi dela ?
17 Jainkoaren tenplua hondatzen duena, Jainkoak hondatuko du;
Jainkoaren tenplua saindua baita:
tenplu hori zuek zirezte.
18 Nehork ez beza bere burua engana:
zuen arteko norbaitek mundu huntako gisan zuhur dela uste badu,
zoro egin bedi, zuhur izaiteko.
19 Zeren, mundu huntako zuhurtzia
zorokeria baita Jainkoaren aitzinean.
Liburu Sainduak dion bezala:
Zuhurrak beren maltzurkerian harrapatzen ditu.
20 Eta beste hau ere dio:
Badaki Jaunak zuhurren asmoak hutsalak direla.
21 Beraz, ez bedi nehor harro izan gizakiez, dena zuena baita:
22 Paulo, Apolos, Petri, mundua, bizia, heriotzea,
oraikoa eta gerokoa, dena zuena da.
23 Zuek, ordea, Kristorenak zirezte, eta Kristo Jainkoarena.
“Ez ote dakizue”, edo bestela erran “Ez ahantz”. Biblian erranaldi horrek beti garrantzia
badu. Fedea, Jainkoak egina “ez ahanztea” da. Izraelek bere Jainkoa ahanzten badu, idoloen
ondotik galduko da. Ahanztea, heriotzerako bidea. Oroitzea fededunaren segurantza.
Ez ahantz amodioaren tenplo izaitera deituak girela. Zergatik ? Jainkoak bere amodiozko
xedea ez baitu gu gabe betetzen ahal. Jesusek apostolueri erran ziotelarik jendetze gosetuaren
aitzinean : “Zihaurek emozuete jatera” (Mt 14,16) hori erran nahi bide zuen. Guri da
Jainkoaren amodioa agerian ezartzea gure inguruan. Amodioa ekintzetan, ez hitzetan.
Gero Paulok zafratzen du guk “zuhurtzia” deitzen duguna, bestela erran “zentzua”.
“Zentzu” hori Jainkoaren araberakoa ez bada, laburregia da, edo areago : zorokeria. Gaurko
Ebanjelioan irakurtzen duguna, horra Jainkoaren araberako “zentzua” : “Ez ihardok
gaizkileari…eskuineko matelan jotzen zaituenari, eskain bestea ere. Soinekoaren kentzeko
auzitarat ereman nahi zaituenari, utz soingainekoa ere…” Hori guretzat zorokeria da,
Jainkoarentzat, aldiz, zuhurtzia.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Kristoren hitza betetzen duenaren baitan
Jainkoaren maitasuna osoa dago.
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 5, 38-48
Jesusek erran zioten dizipulueri:
38 “Entzun duzue aitzinekoeri errana:
Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain.
39 Nik, aldiz, diozuet: ez ihardok gaizkileari;
bainan, eskuineko matelan jotzen zaituenari, eskain bestea ere.
40 Soinekoaren kentzeko auzitarat ereman nahi zaituenari,
utz soingainekoa ere.
41 Norbaitek mila urratsen egitera bortxatzen bazaitu,
egin bi mila harekin.
42 Eskatzen dautzunari emozu,
eta presta diezozun galdegiten dautzunari, ez bizkarrez itzul.
43 Entzun duzue aitzinekoeri errana:
Maita zure hurko laguna, eta hastia etsaia.
44 Nik, aldiz, diozuet: maita zuen etsaiak,
eta egin otoitz gaizki erabiltzen zaituztenen alde,
45 zeruetan dagon zuen Aitaren seme-alaba izan zaitezten;
harek bere iguzkia gaixtoen eta onen gainerat ateratzen baitu,
eta euria zuzenen eta zuzengabeen gainerat ixurtzen.
46 Maite zaituztenak bakarrik maite baditutzue, zer sari zor zaitzue?
Zergalariek ere ez ote dute beste hainbeste egiten?
47 Eta zuen haurrideak bakarrik agurtzen baditutzue,
zer egiten duzue berezirik?
Paganoek ere ez ote dute beste hainbeste egiten?
48 Zuek, beraz, izan zaitezte guziz onak,
zeruetako zuen Aita guziz ona den bezala.”
“Entzun duzue aintzinekoeri errana : begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain.”
Hori irakurtzen da Testamendu Zaharrean : gure artean ere ez ote da ardura hola ? Bainan
orduko munduan aitzinamendu handia zen. Hasiera liburuan irakurtzen dugu Kain 7 aldiz
mendekatzen zela eta haren ondoko Lamek 77 aldiz ! (Has 4,23-24) Holako izigarrikeriak
geldiarazteko Jalgitza liburuak “talion” legearen arrasta ezartzen du. Zigorra afruntuaren
izarikoa izanen da : “Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain,
oina oinaren ordain.” (Jal 21,24) Erran nahi baita begi bakar bat eta ez bi begi, hortz bakar
bat eta ez matel hezur guzia… Ez da gehiago herra nausi, legeak mugak ezartzen ditu.
Jainkoaren zuhurtzia bidean da gizadia azkarrenaren lege basatik libratzeko.
Bada oraino bide, bide luzea Jainkoaren iduriko izaiteko. Jesusek mendiaren gaineko
mintzaldian azken urratsa egin zuen : Jainko Aitaren iduria izaiteko, ordainik ez eman.
Gehiago oraino : beste matela eskain. Hola ariz bilakatuko gira egiz Jainko Aitaren semealaba.
Testo hunek ezin hobeki erakusten dauku Jainkoa nor eta nolakoa den.
Testamendu Zaharrak jadanik errana zuen Jainkoa aita dela, samurtasun eta
urrikalmendu, amodio huts, gure nigarrak haren mateletan beheiti ixurtzen direla. Jesusek
gauza bera errepikatu nahi ukan du poeta baten hitzez : “Harek iguzkia gaixtoen eta onen
gainerat ateratzen du, eta euria zuzenen eta zuzengabeen gainerat ixurtzen.” Orai guri da
gure iguzkia besteen gainerat ateraraztea, eta hori eginez Jainkoaren iguzkia ateraraziko dugu.
Beste aitzinamendu bat ez nola-nahikoa : ordu arte Testamendu Zaharrak hurko (erran
nahi baita hurbileko) laguna maitatzea artamendatzen zuen, arrazako laguna, erlisione
berekoa. Jesusek aldiz mugak zartarazten ditu, ez da gehiago arrotzik, etsaiak berak ere barne
dira amodio hortan : “Entzun duzue aitzinekoeri errana : maita zeure hurko laguna, eta hastia
etsaia. Nik, aldiz, diozuet : maita etsaiak…”
Erokeria zauku holakorik eskatzea. Alta ez du besterik egiten Jainkoak gurekin egun
guziz, eta beti hola egin du bere herriarekin. Hori da Jainkoaren zuhurtzia, gurea ez
bezalakoa.