Ebanjelioak eskakizunik?
Ama bat telefonoz deika. Seme bat, batez ere, on-ona du. Batetik, eskerrak emanez; bestetik, salaketa eginez. (Laburtua.) A: Nire semeak ez du joan nahi presoez hitz egiten den eliza horretara.
B: Halere, Ebanjelioa behin eta berriz mintzo da presoez.
A: Euskal presoez?
B: Guztiez. Guztiez. Aita Santua ere, azken aldi honetan, asko mintzo da presoez.
(Isiltasuna. Eta agurra.)
Gogoeta eta irizpidea. Daitekeena ote urruneko presoez arduratzea, hurbilekoez arduratu gabe? Ez ote hori, Ebanjelioa deskafeinatzea? Ardoa urardo bihurtzea? Ebanjelioa bai, baina neure neurrira egina: «ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maitatu ikusten ez duen Jainkoa» (1 Joan 4,20). Ez ote ona irizpide hori eskuarteko kasu honetan ere? Hurbileko presoaz arduratzen ez dena ezin arduratu urrunekoaz.
Eskakizunik gabeko ebanjelioa ez da Ebanjelio. Ebanjelioa ez da abstrakzio hutsa. Ez da teoria hutsa.
2017-02-06
Dionisio Aamundarain