Urteko 5. igandea A 2017-02-05
HOMILIA

Anai-arrebok!

Gaurko irakurgaiek, era berezi-berezian jartzen digute begi aurrean geure egitekoa mundualdi honetan. Lehen irakurgaiak, Isaiasen lumaz, esaten digu: Jainkoari eskainitako kultua, otoitza, baraua ez dira ezer, baldin eta goseak den lagun hurkoari kasu egiten ez badiozu. Ebanjelioak, berri, hona zer dioskun: munduaren gatz eta argi zarete.

Isaias profetak kritika handia egin dio bere garaiko herriari. Joera dute garai horretako israeldarrek otoitz asko egiteko, barau egiteko, Jainkoaren ohoretan. Baina ez dira arduratzen pobreez, gose direnez. Jainkoa dute ahoan. Baina gizon-emakumeen arteko zuzentasunik gabe, otoitzak, barauak, kultuak ez dute ezer balioa; Jainkoa ezin ohoratu daiteke Jainkoaren seme-alaben ardurarik gabe.

Jakina, Isaiasen garairako eta gaur egunerako mezua da. Jainkoa ezin adoratu da, Jainkoaren seme-alabak maite ez badira. Azken batean, egintza guztiak –otoitza dela, baraua dela, Meza dela, lana dena− bihotzetik aterea behar du izan. Bihotz zintzotik. Bihotz egiatitik, hau da, egia maite duen bihotzetik aterea. Galde genezake: nire bizitza nolakoa da?, Jesus gizon egina, fisikoki etorriko balitzait, gai izango al nintzateke haren aurrean agertzeko?

Egun hauetan irakurri dut irribarrea eragin didan esaldi bat. Donald Trump-i, Amerikako Estatu Batuetako presidente berriari, galdetu diote: «Zer deritzozu Frantzisko aita santuari? Zer iritzi duzu hartaz?» Eta erantzuna (gutxi gorabeherakoa): «Jatorra da. Apala eta umila da, ni neu naizen bezala». Ausartuko al ginateke, Jesus hori gizon bezala etorriko balitzaigu, honelako zerbait esaten nork bere buruaz: «Apala naiz, umila naiz»?. Batez ere: «errukitsua naiz, gupidatsua naiz, laguntzailea naiz»?

Izan dezagun gogoan Isaias profetarena: errukirik gabe, zuzentasunik gabe, kultua, otoitza, baraua ez da ezer. Jainkoari barre eta burla egitea da. Gogoratu gaitzen ebanjelioko parabola batez: fariseu bat eta zerga-biltzaile bat tenpluan. Badu zerikusirik gaurko ebanjelioarekin. Fariseua harro-harro mintzo zaio Jainkoari: «legea betetzen dut, agindua dagoena baino gehiagotan egiten dut barau». Legea bete bai kanpotik, baina bihotza itxirik. Eta Jesusek bukatu du: «Jainkoak ez dio onartu otoitz hori».

Esan dut, parabola horrek baduela zerikusirik gaurko ebanjelioarekin. Eta bai; badu. Mateoren kristau-elkarteak egoera hau bizi zuen. Elkarte horretan, batzuk judu konbertituak ziren; beste batzuk, berriz, pagano konbertituak. Judu konbertitu horien artean ere bi sail-edo ziren: batzuek uste zuten, Moisesen legea betetzen jarraitu behar zutela; ez ziren ohartu, Jesusek lege hari beste usain bat, beste izerdi bat, beste mami ezarri ziola. Eta elkarte bereko kideen artean ezin ulertuak izaten zituzten.

Egoera horretan, Mateok oreka bat lortu nahi du. Eta Itun Zaharrean asko erabilitako irudi edo metaforez baliatu da: «zuek munduarentzat gatz zarete, argi zarete», esan die. Guztiek dakite eta dakigu gatza eta argia oso garrantzizkoak direla bizitzan, gauza askotarako. Beren baitan harturik, gatza eta argia ez dira ezer. Besteentzat dira. Besteen onerako, besten zerbitzurako. Horrenbestez, zuek −eta gu− gatz eta argi bazarete, besteen onerako, besteen zerbitzurako zarete: munduarentzat bizitzako arazoak, bizitzako problemak, bizitzako gorabeherak gozatzeko, argitzeko zarete gatz eta argi.

Aspaldian esana zuen hau Isaias profetak: «Nazioen argi». Jesusek horixe bera diosku Mateoren eskutik. Harrokeriarik gabe, baina irmo eta sendo saiatu beharko genuke munduan argitasun pixka bat zabaltzen, munduan bizitza pixka bat gozatzen.

Jesusen Espiritu bizi eta argiak lagundu gaitzala.

Dionisio Amundarain