ORDIZIAKO AZOKA
KASU ETNOGRAFIKO BAT (liburua)
XV. GERRIKO IKERLAN BEKA
Aurkezpena
Ordizia 2014-09-11
Liburuaren euskara-zuzentzaile gisa
hitz batzuk eskatu dizkidate
Zein ote zuzentzaile batentzat alderik zailena
Gaur modan daudenez, gustura egingo nuke neuk ere inkestatxo bat etorri zaretenon artean. Galdera: Zein dela iruditzen zaizu alderik zailena, hizkuntzari dagokionez, liburu batean zuzenketak egiteko eskatzen diotenean?
Geldi bedi galdera hori irudi erretoriko huts bezala.
Zailtasun horren arazoa nire kasuan, ez da konplexu gaixoti bihurtu zaidan ezer. Soil-soilik, bidenabar hainbat puntu aireratu nahi nituzke.
Zailtasun handia ekarri ohi dio bati, arduradunek pentsatu izana, zuzentzaile izeneko hori gizarte-zientzietako edozein gaitan dela trebea, liburuan atzera eta aurrera, aurrera eta atzera ibiltzeko. Trebea ez zaren gai batean ez zara ari ohi gustura.
Zailtasun bat da, epailearena-edo egin behar izatea. Hau eta bestea eta bestea gorriz jarri, eta, norberaren aurpegia gorritu gabe, idazkia gutxi-asko gorriztatua egileari bidaltzea.
Zailtasun bat da, euskara bezalako hizkuntza batean, aski normaldua ez den batean, burruntzalia sartu behar edo nahi izatea.
Zailtasun bat da jakitea, zure lana gorabehera, askotan kasurik ez dizutela egingo; .agian, ez momentu bateko edo besteko liburu batean; eta ez eremu zabalagora joz behin eta berriz.
Ikusi, alegia, urteak joan urteak etorri, zuzenketak egiten ari zarela, eta, bizi zaren urte jakin horretan, jendeak harri berean egiten duela estropezu; zuzentzaile zaren horrek ezer egin ez bazenu bezala.
Honek guztiak itsaso zabalera eragiten dio bati. Eta jakin duenean, Bittor Hidalgok esanda (www.zuzen.com/2014/09/02/d-ereduaz-espainolez-ez-ez/) , D ereduko zenbait ikastetxetan ikasleek ez dutela euskaraz egiten ikasgelan berean ere; ikustean, ikasleek berek esaten dutela: «Gure ikasgelan irakasleak bakarrik egiten du euskaraz», arnasa gelditu bezala egiten zaizu.
Ikusten duzunean, alkate baten kasketa hutsa dela-eta, ikastola bat airean gelditzen dela, amorruak jotzen zaitu.
Ikusten duzunean, D ereduan ikasten duten gaztetxoei, automatikoki aitortzen zaizkiela, euskarari dagokionez, titulu guztiak, nahiz, Bittor Hidalgoren esanetan, euskaraz hitz egiteko gauza ez izan, itolarriak jotzen zaitu.
Ikusten duzunean, Donostia 2016ko zuzendariak euskara ez dakiela, esaten badizute ere : «Sortu den egoera zuzentzeko bidean, eskertzekoa da Donostia 2016ko zuzendari berriak euskara ikasteko erakutsi duen konpromisoa» (http://sustatu.eus) , barre ironiko bat ateratzen zaizu, negargura ez esatearren.
Halere, ikusten duzularik, zailtasun horiek eta guzti, zoro amorratu asko eta asko ernetzen, jaiotzen, koxkortzen, garatzen eta ile zuritzen dela gure herrian, GORA GU ETA GUTARRAK ateratzen zaizu purrustan bihotz bizi eta adoretsutik.
Barka nire erretolikatxoa.
Ordizia, 2014-09-11
DIONISIO AMUNDARIN (www.amunsa.info)