URTEKO 4. IGANDEA A 2017-01-29
SARRERA
Senideok, joan den igandean «bihotz-berritu zaitezte» esan zigun Jesusek. Gaur, bihotz-berritze hori zertan datzan esaten digu: hobe duzu pobre izan, beste batzuk pobre egiten dituen aberats baino. Zortzi zoriontasun entzungo ditugu gaurko ebanjelioan. Zortzi ate dira Jainkoaren Erreinuan sartzeko. Gaurko mentalitatearekin entzuten baditugu, zorakeriatzat joko ditugu. Entzun edo irakurri aurretik, otoitz egin beharko genuke, geure bihotza Jesusen ildoan edo uhinean jartzeko, beraren Espirituaren laguntzaz.
Eta Paulo, bigarren irakurgaian, Jesu Kristoren jakinduriaz mintzo zaigu, munduaren jakinduriari hura kontrajarriz. Eta Jesusen jakinduria hori gurutzearen jakinduria dela esango digu.
Lehen irakurgaian ariko zaigun Sofonias, berriz, K.a. VII. mendearen azken aldeko profeta da. Jainkoak gizakiaz ardurarik baduenik galdezka ari direnei erantzun nahi die. Gaurkoan, bizirik geldituekin, Jainkoak herri berri bat egingo duela esaten digu; baina herri apal eta behartsua izango da.
Kristautasuna ez datza egintza harrigarriak eginez jendea Kristoganatu nahi izatean, ez. Honetan datza egiazko kristautasuna: biziera pobreaz, biziera xumeaz, besteenganako maitasunaz, guztiok Jainkoaren seme-alaba garela agertzean. Kristoren misterio nagusia ospatzeak, hau da, gurutzeko heriotza eta piztuera ospatzeak eraman gaitzala geure bihotzean kristautasun hori sakontzera eta bizitzera.
LEHENENGO IRAKURGAIA Sofonias profetaren liburutik (2,3; 3,12-13)
Josias erregeak eta Jeremias profetak, Kristo aurreko sei ehun eta hogeita bian (622), eragindako erlijio-berritzearen aurretik bizi izan zen Sofonias. Jendea lozorroan zegoen erlijioari dagokionez.
Giro lehor eta itogarri horretan hitz egin zuen Sofonias profetak. Batetik, Jainkoaz ahaztu diren aberatsez mintzo da; bestetik, baztertuak izan direnen esperantzaz.
«Jende apala, zabiltzate Jaunaren bila», hots egiten du profetak. Hain zuzen, jende apal honen bidez , zuzentasunaren bila dabilen jende honen bidez, sortuko da «herri pobre eta apala»; Jainkoaren egitasmoa nola beteko buru-belarri ibiliko dena.
Nahi izan dezala Jainkoak gu izatea, ez besteen bizkar aberats den jende, baizik pobreekin pobre izan nahi duena; beti ere, pobre guztiak aberats eta zorioneko egiten saiatzeko.
BIGARREN IRAKURGAIA Korintoarrei egindako lehen gutunetik (1,26-31)
Korintoko kristau-elkartea pobreek osatua da. Paulok horren arrazoiaz hitz egin nahi die.
Horretarako, bi jakinduria-mota kontrajartzen ditu: Jainkoaren jakinduria eta munduaren jakinduria. Kristo Jesus bera da Jainkoaren jakinduria. Kristok erakutsi digu hau dela Jainkoaren pentsaera: gu zuzenak izatea, santuak izatea. Munduaren jakinduria esatean, bekatuari emana den munduaz ari da. Jainkoaren jakinduria Jesusen gurutzean agertu da eta gurutzearen predikuan. Han agertu da zertan datzan zuzentasuna eta santutasuna; azken batean, hau adierazi du Jesusek gurutzean: zapaldua den gizakia askatu egin nahi duela.
Jesus da egiazko «askatasunaren eguzkia», egiazko jakinduriaren adierazlea.
EBANJELIOA San Mateoren liburutik (5,1-12a)
Ebanjelioko gaurko pasarte honek Zoriontasunak dakarzkigu. Mateok zortzi Zoriontasun aipatzen ditu; Lukasek, berriz, lau. Kopurua ez da garrantzizkoa. Zortzi baino gehiago ere aipatzen ahal lirateke. Bakarra ere aski litzateke. Hauxe, adibidez: hobe zapaldua den pobre izatea, besteen zapaltzaile den aberatsa izatea baino.
Mateok dio mendian hots egin zituela Zoriontasunak. Dudarik gabe, Sinai mendian Jainkoak Moisesi emandako Legea iradokitzen eta aipatzen du Mateok horrela. Sinai mendian, zorioneko nola izan adierazteko, Legea adierazi zion Jainkoak Moisesi. Orain, Jesusen bidez, lege berria agertu nahi du Jainkoak: Zoriontasunen bidea.
Zoriontasun hauek arrazoiaren bidez hartu nahi baditugu, zorakeriatzat emango ditugu. Aldiz, geure barnean eta bihotzean Jesusen esperientzia bizi badugu, besterik izango da. Hain zuzen, hau dakar azken zoriontasunak: «haiena baita Jainkoaren erreinua». Hau esan nahi du horrek: Jainkoarekin batasun edo komunio osoa izango dutela Zoriontasunak bizi dituztenek. Jainkoarekin eta mundu osoaren bat egitearen zuzentasuna da Zoriontasuna.
HERRIAREN OTOITZA
1.-Kristau guztien alde: geure jakinduria zein den aztertzeko gauza izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Pertsegituak diren pobreen alde: pertsegitzaileei beren zuzengabekeria ikusarazteko gai izan daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Ospitalean, erbestean, kartzelan diren guztien alde: mundua haien guztien giza duintasuna zaintzeaz ardura dadin. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Hemen bildu garenon alde: gure biltze hau elkartasun bihur dadin, bai geure arteko elkartasun, bai mundu osoarekiko elkartasun. Eska diezaiogun Jaunari.