Zortzi ateko entzunaretoa, erraza tranpaz sartzea
Urteko 4. igandea A (2017-01-29)

Joan den igandean, Mateoren ebanjelioak Galilean barna ibilki agertu zigun Jesus, Jainkoaren Erregetzaren berri ona hots egiten. Gaurdanik, jendea zerupeko entzunareto handi batean bilaraziko du, Jesusen inguruan eseriz, eta Jainkoaren erreinu horretako egitaraua entzunez: «Mendiko Hitzaldia», segidako puntu hauetan bil daitekeena:

Erdigunea
1.- Hasierako oharpena (5,17-20).
2.- Kristau-jarrera Legearen aurrean (5,21-48).
(lege-maisuen jarreraren aurka)
3.- Jarrera otoitz-egintzen aurrean (6,1-18).
(fariseuen jarreraren aurka)
4.- Jarrera diruaren eta Jainkoaren arduraren aurrean (6,19-34).
(paganoen jarreraren aurka)
5.- Jarrera lagun hurkoaren aurrean (7,1-6).
6.- Entzulearen balizko bi duda (7,7-12).
−Bizi ahalko ote dut hau guztia? Otoitzaren ahala.
−Lortuko ote dut hainbat gauza gogoan gordetzea? Urrezko araua.

Entzuleak hautatzea

Jesus ez da politiko bat, ez dabil boto bila gauza guztien gainetik, jendea engainatuz, eta beteko ez dituen promesak eginez. Garbi utzi nahi du zein etorriko diren bat bere egitasmoarekin eta zein ez. Bere burua atzipetu ez dezaten. Eta hori azaldu, ororen hasieran azaldu du, zoriontasunetan.

Zoriontasunek balio nahasgarriak proposatzen dituzte

Jesusek esango balu: «Zorionekoa osasun ona duena, bizitzeko aski irabazten duena, familiarekin gozatzen duena…» ez legoke baieztapen horiek zuzenesten jardun beharrik. Edozein pertsona egongo zen ados. Alabaina, Jesusek zorioneko ematen du sufritzen ari dena, negarrez dagoena, pertsekuzioa jasaten ari dena… Horregatik, zoriontasun bakoitzaren segidan zuzenespen bat dator: «zeren halakoena baita zeruetako erreinua», «zeren halakoak izan baitira kontsolatuak», etab. Lehenengoan eta azkenekoan agindutako saria «zeruetako erreinua da». Egia esateko, gainerako guztiek ere Jainkoaren Erreinu horri egiten dio erreferentzia, baina alde jakin batzuei bereziki erreparatuz. Sari hau ezin har genezake geroko bizitzako zerbait bezala bakarrik. Bizitza honetan hasiko da garatzen. Hitz xumez esanik, pertsona horiek guztiak zorionekoak dira, zeren eta kristau-elkarteko kide izan baitaitezke (zeruko Erreinuaren hasiera) eta, geroago, Jainkoaren behin betiko Erreinuko kide.

Zoriontasunak ez dira oztopo-lasterketa

Behartsuak, negar dagitenak, sufritzen ari direnak… aipatzeak, sentsazio deseroso bat eragin lezake, Jainkoaren erregetzan parte hartu ahal izateko egoera horietatik guztietatik igaro behar bagenu bezala. Zoriontasunak, horrela, oztopo-lasterketa izugarri bihurtuko litzaizkiguke, langa baten segidan beste bat izango bagenu bezala. Halere, guztiz bestelako ditugu zoriontasunak.

Zoriontasunak, Jainkoaren Erregetzan sartzeko zortzi ate

Antonio Baluzzi-k, 1939an zoriontasunen Basilika diseinatu zuenak, zortzi aldeko planta baten ideia bikaina izan zuen, eta alde bakoitzean leiho handi bat jarri zuen, zeinetatik kanpoko paisaia kontenpla baitaiteke. Alabaina, zoriontasunak ez dira leihoak kanpoan gertatzen dena ikusteko, baizik eta zabalik dauden ateak, sartu eta Jesusi entzun ahal izateko.
Ate bakoitzaren gainean idazkun bat dago, dagokion zoriontasunarekin. Batzuetan, testuaren esanahia diskutigarria izaten da (Jesus arameeraz mintzatu zen, ondoren grekora itzuli zen, eta orain gure hizkuntzetara). Gidari turistiko baten beharra dugu, dudak argitu ditzan, ahal den neurrian.
Azkenean, bakarrik utziko zaitu gidariak eraikinaren aurrean. Emaiozu itzulinguru bat eta aukera ezazu zure egoerari egokien dagokion atea. Agian, bat baino gehiago begiz joko duzu. Batere topatzen ez baduzu, sar zaitez tranpatxo bat eginez, ondorengo egunetan Jesusek esango duena entzuteko. Egon seguru, konbentzituko zaitu.

Laburpena

Zoriontasunek agertzen digute, zein jendek uler eta onar dezakeen Jesusen mezua, kristau-elkarteko kide eginez.
Ondorioz, zoriontasunak ez dira, lehenik eta behin, jokabide moralaren kode, esango luketenak: «honela behar duzu jokatu, kristau izan nahi baduzu». Hobekiago, bizitzan izan ditzakegun egoeren eta jarreren adierazpen dira, ebanjelioa ulertzen lagundu eta Jesusen hitzak gogotsu hartzea ahalbidetzen dutenak.

Zoriontasuna ez dio: «Sufri ezazu, Jainkoaren Erreinuan sartu ahal izateko».
Dio: «Sufritzen baduzu, ez pentsa zure sufrimena zorakeria dela; ebanjelioa ulertzen eta Jesusi jarraitzen laguntzen dizu».
Ez dio: «Saia zaitez zeure ondasunak ken diezazkizuten ez-indarkeriaz jokatu ahal izateko».
Dio: «Indarkeriari ez-indarkeriaz erantzuten badiozu, ez pentsa zoroa zarela, pentsa zorioneko zarela Jesusek bezala jokatzen duzulako».
Ez dio: «Saia zaitez pertsegi zaitzaten Jainkoari leial izateagatik».
Dio: «Jainkoari leial izateagatik pertsegitzen bazaituzte, zorionekoa zu, Jainkoaren Erreinuan baitzaude».

Halere, Jesusen estimua duten balioez ari garelako, zoriontasunak, dudarik gabe, imitatzen saiatu beharreko bizi-eredu ere badira. Jesusek esan duenaren ondoren, ezin bizi gara axolagabe laguntza emateko jarrerari dagokionez, bakearen alde egiteko, zuzentasunaren alde borroka egiteko jarrerari dagokionez, etab. Jokabide hori sustatu beharra du kristauak. Eta Mendiko Hitzaldiaren gainerako zatiak gorabehera desberdinetan nola egin azalduko dio.

José Luis Sicre