ELIZA EBANJELIKOAGO BAT (Mateo 5.1-12)
Urteko 4. igandea A (2017-01-29)
Zoriontasunak idaztean, Mateok, Lukasek ez bezala, Jesusen jarraitzaileak izan behar dituen ezaugarriak adieraztea du gogoan. Horra zergatik duten zoriontasun horiek hartarainoko garrantzia guretzat, gizarte sekularizatu batean Elizak bere izaeraren bila jardun behar duen garai honetan.
Ezin proposatu da nolanahi Jesusen Berri Ona. Ebanjelioa beronen araberako jarreratik bakarrik zabal daiteke. Aitarengana erromes doan bitartean Elizak izan behar duen jarreraren espiritua agertzen digute zoriontasunek. Norberaren eta elkartearen konbertsio-jarreraz entzun behar ditugu. Horrela bakarrik ibil gintezke etorkizunerako bidean.
Zorionekoa «gogoz pobre» eta bihotz-xume den Eliza, jauntxokeriarik eta harrokeriarik gabe, aberastasunik eta distirarik gabe diharduena, sostengu guztia Jesusen aginpide apala duena. Halakoarena da Jainkoaren erreinua.
Zorionekoa negar dagitenekin «negar dagien» Eliza, pribilegioak eta boterea kentzen dizkiotenean sufritzen duena, hobeto partekatu ahal izango baitu galtzaileen zoria eta Jesusena berarena. Egun batean Jainkoak kontsolatuko du.
Zorionekoa bere burua indarrez, bortxaz eta jendea mendean hartuz ezartzeari uko egin dion Eliza, beti bere Maisu eta Jaunaren otzantasuna biziz. Egun batean agindutako lurra heredatuko du.
Zorionekoa bere baitan eta mundu osoan «zuzenaren gose eta egarri den Eliza; bilatuko du bere konbertsio propioa eta lan egingo du bizitza duinago eta zuzenago baten alde gizon-emakume guztientzat, azkenak direnei lehentasuna emanez. Halakoaren antsia aseko du Jainkoak.
Zorionekoa Eliza gupidatsua, zorroztasunari uko egin eta errukia nahiago duena sakrifizioak baino; halakoak harrera eskainiko die bekatariei eta ez die ezkutatuko Jesusen Berri Ona. Berak Jainkoaren errukia eskuratuko du.
Zorionekoa «bihotz garbiko» eta jokabide gardeneko Eliza, bere bekatuak ezkutatzen ez dituena, ezkutukeria eta anbiguotasuna sustatzen ez dituena; izan ere, Jesusen egiaren bidea egingo du. Egun batean ikusiko du Jainkoa.
Zorionekoa Eliza, «bakearen alde lan egiten duena» eta gerlaren aurka borroka egiten, bihotzak bateratzen eta kidetasuna ereiten duena; izan ere, munduak ezin eman duen Jesusen bakea kutsatuko du. Jainkoaren alaba izango da.
Zorionekoa Eliza, zuzentasuna dela-eta etsaitasuna eta pertsekuzioa jasaten dituena, martiritzari uko egin gabe; jakingo baitu biktimekin negar egiten eta ezagutuko baitu Jesusen gurutzea. Halakoarena da Jainkoaren erreinua.
Gaur egungo gizartea ezagutu beharrean da zoriontasunen espiritu honek ukitutako kristau-elkarteak. Eliza ebanjelikoak bakarrik du aginpiderik eta sinesgarritasunik Jesusen aurpegia gaur egungo gizon-emakumeei azaltzeko.
Jose Antonio Pagola.