Urteko 3. igandea A 2017-01-22
HOMILIA
Anai-arrebok!
Aurten, zenbait salbuespen gorabehera, San Mateoren ebanjelioa entzungo dugu igandeetan. Gaurko honetan, Jesusen jardueraren hasiera entzun dugu. Ebanjelioaren pasarte honetan nabarmentzekoak dira puntu desberdin batzuk.
Jardueraren hasiera. Joan Bataiatzailea preso hartu dutela jakitean ekin dio Jesusek bere ekintzari. Zergatik une honetan? Bada hemen, gauza interesgarri bat kontuan hartzekoa. Gertaera jakin batek eragin dio Jesusi predikatzen hastera. Honek badu zerikusia, duela urte batzuez gero, teologian aipatzen den esapide eta errealitate batekin: aldien seinaleak. Zer diren? Zure bizitzako aro bakoitzean nabarmen gertatzen zaizkizun munduko gertaerak: deigarri izaten direnak. Gertaera horiek, Jesusi Joan Bataiatzailea preso hartzeak, bezala, jokabide batera eragin beharko ligukete geuri ere; gertaera horien aurrean ezin gelditu gintezke mutu eta zurrun. Adibide bat. Joan den igandean aipatu nuen, bidenabar, gertaera bat: Mendizabal apaizarena. Eta aste honetan, hilaren 20an, San Fabian aita santu martiriaren festako testu bat irakurtzeak, berriro ekarri dit gogora Mendizabalen hura. Hona irakurri dudan testuaren zatitxo bat; Fabian aita santua hil zutenean, Erromako Elizak Kartagoko Elizara bidali zion gutunaren zatitxo bat da. Hau dio: «Elizak sendo eusten dio fedeari, nahiz eta batzuek, ikarak jota –dela pertsona gailen edo bereziak zirelako, dela, atxilotu zituztenean, ikarak estutu zituelako− arnegatu duten edo erlijioari uko egin dioten; alabaina, azken hauek ez ditugu bazterrean utzi, ez ditugu bakarrik utzi; aitzitik, animatu egin ditugu eta damutzera eragin diegu, eman dezakeen haren barkazioa lor dezaten; gerta ez dadin, bazter utziak sentitzean, halakoen hondamendia are handiagoa izatea». Senideok, ikusgarria iruditu zait K.o. hirugarren mendearen erdialdeko Erromako Elizaren jokabide hau. Ebanjelioaren arabera, bekataria ez da bazterrean uztekoa, ez da bakarrik uztekoa, ez da etxetik urruntzekoa. Baizik ere laguntasuna behar zaio agertu.
Horra Jesusen jarduera une jakin batean, Joan Bataiatzailea preso hartu dutenean, hasi izanak iradoki didana. Gertaera latz baten aurrean, jarrera bat agertu beharra. Eta jarrera hori, beti ere, errukiaren jarrera. Jainkoa munduko gertaeretan agertzen zaigu, jokabide bat hartu ala ez proposatzeko. Gurea da erantzun baikorra eta ezkorra ematea.
Bigarren, non hasi da Jesus predikatzen? Honek ere badu bere muina eta mamia. Ez da hasi Jerusalemen, Tenpluaren inguruan. Ez da hasi basamortuan ere, Joan Bataiatzailea bezala. «Paganoen Galilean» hasi da. Galileakoa zen Jesus. Bazituen bere alde onak Galilean haste horrek; baita bere alde txarrak ere. Ondo ezagutzen zuen Jesusek paraje hori. Palestinako lekurik politizatuena zen; gatazka-lekua. Baina jende askorekin harremanak izateko aukera ematen zion. Jende asko mugitzen zen batetik bestera, salerosketa zela-eta. Jesusentzat gauzarik inportanteena, ordea, jende xume eta pobreari hitz egin ahal izatea zen.
Hirugarren, zein da Jesusen mezua? Ebanjelio guztian, muina izango duena: «bihotz-berri zaitezte, hurbil da-eta Jainkoaren erregetza. Damurako gonbita da. Zergatik? Erregetza hurbil delako, Jesusekin berarekin hasi den Erregetza hurbil delako: errukiaren erregetza, maitasunaren erregetza, zuzentasunaren erregetza. Horixe eskaintzera etorri da Jesus; Jainkoak bere errukia, bere maitasuna eskaintzen digu. Eskaintza hori onartzea dagon gizakiaren zoriona. Baina bada beste arrazoi bat ere: bihotz-berrituz eta eskaintza hori benetan onartuz, geuk ere parte har dezakegu eta hartu behar dugu Erregetza hori etorrarazten. Gogoan izan dezagun zer egin zuen Jesusek, gaurko ebanjelioak bukaeran dioena gogoratuz: Galilean barna ibili zen, Erreinuaren Ebanjelioa hots eginez eta gaixoak sendatuz. Kontua ez da, ebanjelioa hots egitea bakarrik. Munduan den gaitza kentzera dei egiten digu.
Laugarren, lau ikasleei dei. Hain juxtu, Jesusek bazekien bera bakarrik ez zela aski. Eta berarekin ibiliko ziren ikasle bila hasi zen. Hala elkartu zitzaizkion Pedro eta Andres, Santiago eta Joan.
Bukatzeko, senideok, Jesusi benetan jarraitu nahi badiogu, garbi agertu digu bidea: errukia, errukia eta errukia. Ez sentimendu hutsekoa, baina eraginkorra. Lagundu eta argitu gaitzala Jesusen arnasa den Espirituak.
Dionisio Amundarain