URTEKO HIRUGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Argi bat ilkiko Galilearen gainerat )

Izai profetaren liburutik 8,23- 9,3

23 Garai hartan, ahalgegarri utzi zituen Jaunak
Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea;
azken aldian, ordea, ospetsu egin du itsaso ondoko bidea,
Jordanez bestaldeko lurraldea eta Galilea, paganoen eskualdea.
9,1 Ilunbean zabilan herriak argi handia ikusi du;
herio-itzalean bizi direneri argiak distira egin diote.
2 Nasaiki eman duzu poza, handitu atsegina:
bozkariotan dabiltza zure aitzinean,
uzta biltzean bozkariatzen den bezala
harrapakinak partitzean loriatzen den bezala.
3 Heien uztarri dorpea, bizkarra larrutzen zioten makila,
nagusien azotea xehatu ditutzu,
Madian garaitu zuten egunean bezala.

Testu hunen helburua populuari esperantza emaitea da. Jakin behar da Izai mintzo delarik,
juduak bi erresumetan partekatuak daudela. Iparraldeko erresuma, Samaria duelarik hiri nagusia eta
Hegoaldeko erresuma, Jerusaleme duelarik hiri nagusi. Juduak erresuma batean bizi izan dira
David eta Salomon erregeen denboran. Bainan hau hil deneko, Kristo aitzineko 933an, erresuma
bakar hori bi parte egin da.
Hegoaldeko erresumak, Judako erresuma deitzen denak ukanen du Daviden ondoriotasuna,
horri ditu Jainkoak bere promesak eginak.
Izaik hemen aipatzen dituen leku horiek guziak ipar erresuman kausitzen dira eta etsaien
ganik ainitz jasanak dira. Nahiz Izai Jerusalemetik ari den, eta beraz berea ez duen erresumaz den
mintzo, hauxe dio :”Nasaiki eman duzu poza, handitu atsegina…Ilunbean zabilan herriak argi
handia ikusi du; herio itzalean bizi direneri argiak distira egin diote…” Profeta hola mintzo bada,bi
arrazoin segurik baditu solas horiek erabiltzeko.
Lehenik bi erresumak elgarri hurbil dira eta bati gertatua bertzeak ere jasaitea irriskatzen du.
Bigarrenik, juduentzat, zatiketa hori “urradura” bat bezala da. Eta haien esperantza da berriz
batasuna egitea, juduen erresuma bakar bat izan dadien ahal bezein laster.
Gorago aipatu erranaldi horiek : « Ilunbean… » errege berri bat boterean sartzen zelarik
ziren erraiten. Jainkoak hitzemanak beteko dituen errege bati pentsatzen du beraz profetak.
Urrunago hauxe dio alabainan: “Haur bat sortu zauku, seme bat emana izan zauku…Bakearen
printzea izanen da.”
Hitz batez erraiteko, Izaik populuari erraiten diona hau da : Jainkoak bere hitza atxikiko du,
leiala da, gure konfiantxa osoa hartze du…

Salmoa 26

Leloa: Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?

Jauna dut argi, Jauna geriza, ni nork izi ?
Jauna dut lagun: nork behar nau ni dardarazi ?
Hau da Jaunari bakar bakarra, hau galdea:
Haren etxean bizi naizeno egoitea.
Badut sineste: ikusiko dut zoin den ona
Bizi direnen lurrean ona Jainko Jauna.
Egon bakean Jaunaren beha, izan gizon:
Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon.

” Jauna dut argi…ni nork izi?” ” Ni” hori ez da presuna partikular bat, bainan bai Izraelgo
populua. Hunek du salmo huntan Jainkoan duen konfientzia osoa aldarrikatzen.
Populu horrek ainitz jasan behar izan du eta konparatua izan da eri den bati, zuzen-kontra
zigortu bati, haur abandonatu bati, eta beste, bainan beti bere salbamendua Jainkoa ganik ukanen
duelako esperantza atxiki du.
Bere modela edo eredua David erregea du. Hunek, bere bekatuen gatik, beti sinetsi zuen
Jainkoa bere ondoan zuela. Achaz erregea aldiz ez zen fede berarekin jokatu aferak gaizki itzulzen
hasi zirelarik. Fedea hitzak, Biblian, “xutik egoitea “edo irautea erran nahi du.
“Hau da Jaunari bakar bakarra, hau galdea : haren etxean bizi naizeno egoitea”.Jakin
behar da lebita delakoak, gau eta egun, tenploan guardian egoiten zirela. Hemen errana dena da,
Izraelgo populu guzia dela horrela Jainkoari kontsekratua, munduko populu guzien artean hautatua,
berexia.
“Altxa bihotza eta Jaunaren beha egon”. Hau irakurtzean gogora heldu da Jobek zioena :
“Nik badakit, ene libratzailea bizi dela, eta azken egunean errautsaren gainean agertuko dela…”
eta oroit gaitezen denbora haietan “libratze” hori bakarrik lur huntako libratze bat zela, ez baitzen
oraino hilen piztean sinesten.
Aitzineko testuan bezala, hemen ere, Jainkoaren baitako konfientzia osoa da aldarrikatzen.
Ez da mirakulu salmo hau ehorzketetako ospakizunetan balin bada emaiten.

Bigarren irakurgaia

( Kristoren Elizan berexkuntzak erorbide dira )

Jondoni Paulok Korintiarreri 1,10-13.17

Haurrideak,
10 Jesu Kristo gure Jaunaren izenean eskatzen dautzuet:
akortean bizi zaitezte guziak; zatiketarik ez dadila izan zuen artean.
Elkar adi zazue, ikuspegi eta iritzi bera duzuela
11 Alabainan , ene haurrideak, Kloeren jendeenganik jakin dut,
eztabaidak badirela zuen artean.
12 Erran nahi dut, nork bere aldetik diola:
“ Ni Paulorena naiz”, “Ni Apolorena”, “Ni Petrirena”,
“ Ni Kristorena”.
13 Zatitua ote da Kristo?
Paulo izan ote da gurutzefikatua zuengatik?
Edo Pauloren izenean bataiatuak izan ote zirezte?
17 Gainera, Kristok ez nau bataiatzera igorri,
bainan Ebanjelioaren oihukatzera,
eta hori ere, ez giza zuhurtziazko hitzekin,
Kristoren gurutzeak bere indarra gal ez dezan.

Korintoko portua, den lekuan delakotz, ainitz jende erresuma desberdinetakoak iragaiten
dira hortik. Nahasketa bat bada beraz hor eta horko giristinoek ez dute predikari beren ahotik
entzuna Jainkoaren Berri Ona. Taldeka edo “clan”-ka berexirik daude giristinoak. Paulok lau
aipatzen ditu. Lehenik, berea “Ni Paulorena naiz”. Gero badira diotenak : “Ni Apolorena(naiz)”.
Hau, Apostoluen Egintzek diotenaz, mintzalari gaitza zen. Alabainan « publikoan mintzo zenean,
judueri gaina hartzen zioten frobatuz, Idatzi Sainduen bidez, Mesias Jesus zela”. Paulo bera baino
hizlari hobea zitaiken, Paulok dioenaz ez du Ebanjelioa predikatzen “zuhurtziazko hitzekin”.
Paulorentzat Ebanjelioa ez da ele eder eta sakonekin aldarrikatzen. Horrela balitz, apostoluaren
arabera “Kristoren gurutzeak bere indarra gal lezake.” Orroaz ari den predikaria debaldetan ari da.
Korinton bada ere hirugarren talde bat “Ni Petrirena(naiz)” dioena. Petri bera han pasatu den ez
dakigu. Behar bada haren dizipulu batzu ? Azkenik badira ere “Ni kristorena” naiz aldarrikatzen
dutenak.
Paulok Korintoko portua utzia du. Bainan hango berriak jakiten ditu Kloe izeneko baten
ganik, eta berriak ez dira onak : giristinoak elkarrekin gatazkan ari dira.
Orduan Paulo ez da arrazoinkerietan sartuko. Igortzen dioten gutunean oroitaraziko diote
bakarrik hauxe : Bataiatua izaitea Kristorekin bat egina izaitea da. Giristinoak ezin ditaizke beraz
elkarretarik berex. Kristo baitan elkarri lotuak dira. Kristoren izenean dira denak bataiatuak, eta ez
bertze nehoren izenean, Paulo, Apolo, Petri edo bertze.

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia

Benedikatua Jauna, gure Jainkoa :
Ilunbetan daudeneri argi egin diot
e.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 4,12-23

12 Joanes Bataiatzailea preso sartu zutela jakin zuenean,
Galilearat baztertu zen Jesus.
13 Nazaret utzirik, itsas bazterrean den Kafarnaumerat
etorri zen bizitzera, Zabulon eta Neftaliren lurraldean.
14 Hola bete zen Jaunak Izai profetaren bidez errana:
15 Zabulonen lurraldea eta Neftaliren lurraldea,
itsas ondoko bidea,
Jordanez bestaldeko lurraldea, paganoen Galilea!
16 Ilunbetan bizi zen herriak argi handia ikusi du.
Herio-itzalean bizi zireneri atera zaiote argia.
17 Ordutik hasi zen Jesus predikatzen:
“Bihozberri zaitezte, hurbildua baita zeruetako Erreinua.”
18 Jesusek, Galileako itsasbazterrean zabilala,
bi anaia ikusi zituen
Zimun, Petri deitua, eta Andres haren anaia,
sareak itsasora botatzen, arrantzaleak baitziren.
19 Jesusek erran zioten:
“ Zatozte nere ondotik, eta gizon arrantzale eginen zaituztet.”
20 Heiek, berehala, sareak utzi eta jarraiki zitzaizkion.
21 Haratago joanik, beste bi anaia ikusi zituen
Jakobe, Zebedeoren semea, eta haren anaia Joani,
aitarekin untzian sareen antolatzen ari.
Dei egin zioten.
22 Heiek, berehala, untzia eta aita utzirik, jarraiki zitzaizkion.
23 Jesus Galilea guzian barna zabilan,
hango zinagogetan irakasten,
Erreinuaren Berriona predikatzen,
herriko gaitz eta eritasun guziak sendatzen.

Matiuk hemen erran nahi duena hau da : Jainkoa hitzeman zuenaren betetzen ari da. Profetek
erranak, Jesusen sortzea, magoen jitea, Egiptora eskapatzea eta gero Galilean, Nazareten familia
Saindua kokatzea, Jondoni Joani Bataiatzailearen eskutik Jesus bataiatua izaitea, Jesus debruaz
tentatua…Horiek oro Idatzi Sainduek iragarriak zirela erakutsi nahi du Matiuk.
Ebanjelioko testu huntan ere Idatzi Sainduak ditu Matiuk aipatzen, eta justuki Izairen lehen
irakurgaian ikusi ditugun Zabulon, Neftali lurraldeak eta beste. Galileako eskualde hori ainitz
herrietako jendeen topaleku da, munduari idekia dagon eskualde bat eta hortik Mesiasek ekarri
salbamendua denetara heda daiteke.
Matiuk dioenean Jondoni Joani Bataiatzailea preso sartu eta gero dela Jesus Galileara joan,
bi gauza erakutsi nahi dauzkigu: Lehena, Kristok bere bizi guzian kontra altxatu zaizkionak ukan
dituela. Bigarren mezua da, beti Jesus garraile atera dela. Berri Ona aitzina aldarrikatua da.Eta
azkenean herioa bera bentzuturik, Kristo piztuko da.
“Ordutik hasi zen Jesus predikatzen…” Memento handia hori. Jondoni Joani Bataiatzailea
lekutu eta Jesus predikatzen hasten denetik, denbora berri batean sartzen da gizartea. Jainkoak
hitzeman zuena bete da. Jainkoaren Erreinua hor da, lurrean. “Bihozberri zaitezte, hurbildua baita
Zeruetako Erreinua”
Izai profetak errana (ikus lehen testua) bete da. “Ilunbean zabilan herriak argi handia ikusi
du”. Bainan Jesusek laguntzaileak nahi ditu, apostoluak deituko dira laguntzaile horiek : “…Jesusek
erran zioten : Zatozte nere ondotik, eta gizon arrantzale eginen zaituztet…”.Arrantza zuten beren
lanbidea.