Gure HIAZINTO zeruko Aitagana joan zaigula-eta zilegi bekit 2014 omenaldikoan jaulki nituen hutz hauek gogoratzea
HIAZINTOREN JAIALDITXOAN (2014-02-04)
Kaixo, Hiazinto eta bertaratu zareten guztiok!
Labur izateko eskatu eta agindu didate. Saiatuko naiz.
Hargatik, albora utziko ditut ohikoak diren beste formalismo guztiak; are gehiago: irakurri egingo dut prestatu dudan hau.
Nire hitz hauen ondoren ikusiko dugun Powerrak izenburu hau du: «Adar Ugaridun Arbola». Lazkaon urte asko andereño egin dituen batek ere hauxe esan dit duela gutxi: «Orduan ez ginen konturatu zenbat gauza egin zituen Hiazintok».
Kasu bietan kopuruari, kantitateari, egiten zaio erreferentzia. Alabaina, uste dut, kopurua baino askoz garrantzizkoagoa izan dela Hiazintok ondoren aipatuko ditugun bere ekintza guztiei itsatsi zien arnasa, hatsa, izerdia; bai lizar arbolarena bezalako izerdi bustia, bai haritz arbolarena bezalako izerdi lehorrago eta trinkoagoa. Azken batean, ezarri zien espiritua.
Ez da erraza hitz gutxitan izerdi hori adieraztea. Baina esango nuke, honako hauxe izan zela funtsean: bizia eman dizun lurrarekiko lotura, helburutzat pertsonaren eta herriaren askatasuna duelarik. Bizia eman dizun lurrarekiko lotura bizia, alegia.
Garai hartan, ez zuen ekologiak gaur adinako zabaltasunik gizartean. Ekologia izena bera ere ez zen hain ezaguna; 19. mendean sortua izan bazen ere. Baina ezagutzen dudan Hiazintogan lotura handia sumatu dut lurrarekiko. Ez da lur materiala. Gizakiaren sukalde handi bat, sutondo bero eta gozagarri bat den lurra edo natura da, zabala eta goxoa.
Gure artean, asko hitz egin izan da euskara hizkuntzaz, gure herriaren ezaugarritzat harturik. Uste dut, Hiazintoren kasuan, hizkuntza baino hondoagoan dagoela lurra. Hizkuntzari ezer ere kendu gabe.
Ezin luzatu naiz gehiago Hiazintoz dudan iritzi hori garatzen. Agian, argixeago geldituko da Hiazintok landu edota abian ipini dituen arloak aipatzean, arin samar bada ere.
1.-Hiazinto baserritar
Aitak ondoko baserrian erosi zuenean, Hiazintok, familia osoak bezala, gogor egin behar izan zuen lan baserrian. Baina maite zuen lana izan zen. Eta ubi amatur non laboratur: maitea duzun lekuan nekerik ez.
2.-Hiazinto ikasle seminarioan
Salamancako seminarioa ezagutu zuen. Saturrarangoa ere bai. Eta Donostiakoa orobat. Lehen bietako esperientzia atsegina izan zuen. Donostiakoa gazi-geza. Baina kontuan hartzekoa da nola zehazten duen esperientzia gazi-geza hori: gustukoak izan zituen Telletxearen Elizaren historia eta Gaztañagaren bibli ikuspegia; ez, ordea, dogmako eta moraleko ikasgaiak. Nolabait esateko, lurreko bizitzari lotuak ziren bi arloetan pozik; lainotsuak ziren beste bietan ez hainbeste. Hiazintoren gogoa biziari lotua, bizitza zehatzari, lurrari.
3.-Hiazinto Lazkaon apaiz
Katekesia irakastean, ez zen hasten zeru-goitik behera, baizik behetik gora. Elizako atea itxi ziotela?, ba,elizaz beste aldean zegoen eta dagoen arboladira eramango zituen haurrak. Eta naturari musu eman ondoren, naturan gozatu bat hartu ondoren, eramango zituen elizak alboan zuen Elizkristora. Han ere, diapositiben bidez lurreko bizitza erakutsiko zien. Gainera, «hurrengoan, ekarri hona kalean eta etxean ikusten duzuena» esango zien.
4.-Hiazinto Ikastolaren bultzatzaile eta arnasa emaile
«Zarenarekin aski duzu» esan zion andereño izateko begiz jo zuen neska gazteari. «Gure taldekide izan behar duk» esan zion, zortzi ordu edo gehiago tailerrean eginik, etxera zetorren langile bati.
Uste handia agertu zuen pertsonarekiko. Gurasoei ere nortasun handia aitortu zien, hasierako ikastola haien etorkizun lainotsuan, haurrak Ikastolara bidaltzeko eskatu zienean.
Eta haurrak! Benetan txundigarria izan zen Hiazintoren ikuspegia: ez egurra emanez, baizik goxo-goxo behar ziren hartu haurrak; ez 30eko taldean, baizik 10/12ko taldean behar ziren hartu; ez beti gela itxi batean, baizik noizbehinka landara, mendira eraman behar ziren, naturarekin jolas egitera.
5.-Hiazinto Udalekuen bultzatzaile
Egun batean, aita eta ama utzirik, bere gisa bizi beharko zuela iragarri behar zitzaion haurrari aldez aurretik. Ez hitzez, baizik bizieraz. Traumatxo bat gertatuko zitzaiola etxetik aparte 15/20 egun egitea? Ordurako jasana zuen haurrak beste traumatxo bat: amaren sabeletik mundu zabalera atera zenean.
Hasierako trauma hura leuntzen eginahalak egin zituzten gurasoek. Bigarren trauma hura leuntzen eginahalak egin behar zuten Udalekuetan.
Nolako asmakizunak horretarako Hiazintok berak? Ez zion inolako beldurrik guztien aurrean mozorroturik agertzeari, pailazoarena eginez. Jokotik kanpo zegoenari «zoraturik zegok hori» esanarazteraino.
Haurrei adieraztea zen kontua, bizitzan askotan egiten dugula pailazoarena, jakinaren gainean nahiz jakin gabe. Etorkizunerako, aldez aurretik prestatzea zen kontua.
6.- Beste egintzat aipatu besterik ez, luze ari naizela-eta isiltzeko agindu ez diezadazuen
6.1.-Herri Eskola Lazkaon 1978-1981: erdaldun haur txikiei, ez Ikastolak ez Eskola Estatalak erantzuten ez zietela-eta.
6.2.-Lazkaomendi ermitan, ermita-berritzaile eta katekista.
6.3.-Donostialdean itzultzaile taldetxoa sortu eta eragin zuen. Zein izen jarriko?, eta JAIDURA, Iparraldeko hitza; joera esan nahi du. Honetan ere lur malguarekin lotura; ez lur elkorra, zekena eta zurruna, baizik biguna, bizia: joera.
6.4.-Zerainen beste lagun batzuekin, Haizpuru txabola; kokalekuaren gogortasuna parajearen airosotasunak gozatzen duela. Gaztetandik izaki Hiazinto belar txikian trebatua.
6.5.-Herri Gaztedian ere burruntzalia sartu zuen; nola ez? Laborantzari bereziki lotua izaki erakunde hori. Eta Hiazinto jatorriz laborari.
Bukatzera noa. Hiazintoren esapide bati egin nahi nioke erreferentzia: «neskatxa sorgin eta haur maitea zen bat aski» (Ikastolen Historia delakoan).
Zuzeneko esangura ukatu gabe, sare biribilagoa adierazten digu hor Hiazintok. Bere inguruko guztiak, bera barne, nahi zituen «sorgin eta haur-maitale».
Erratzaren kirten gainean zankalatraka edo zangalatraba, mendirik mendi, zokorik zoko, bazterrik bazter, dabilen sorgina. Non lurra nola garbituko. Non lurra nola distiratsu bihurtuko. Non sasiari eta zaborrari nola azpia jango. Murru edo traba handiegia aurkitzean, kobazulora erretiratzen dena, zein bide hartu pentsatu eta erabakitzeko. Amore eman gabe. Ordu arte lortua den mailari eutsiz, atzera egiten utzi gabe, aurrerago urrats bat nola egingo.
Etengabeko dialektika, ilunaren eta argiaren artean, ezaren eta baiaren artean, beldurraren eta ausardiaren artean. Beti baikor.
Harik eta egun batean, hitz eginaren hitz eginaz eta ibiliaren ibiliaz, hitzez mutu, ez aurpegieraz eta keinuz, eta oinak gogor, ez guztiz lehor, gelditu arte. Kobazuloan erretiraturik. Alabaina, begietan, aurpegian, eskuetan… sukaldeko behe-suan txingarra dir-dir bizi eta ageri dela. Keinuka eta zain-zain, sorgin zaharra ordezkatuko duen bat noiz etorriko.
Lasai, Hiazinto, etorriko dut. Egindakoa ez duk alferrik galdu. Sua bizirik zegok. Eutsi heureari kobazulotik. Lagun eta laguntzaile gaituk.
Jasoa eta bildua nian Dostoievskiren Inkisidore Handia liburuko pasarte famatu hura: Nazareteko Jesus ezjakintzat eta traidoretzat jotzen duen Sevillako kardinalarena. Baita Hasiera liburuko pasarte batekiko iruzkintxoa ere: gizakia lurraz egina delakoaz. Baina ez diat gehiago luzatu nahi. Bete dut, ezta, labur izango nintzen hitza? Hala izan ez bada, Hiazintorena da errua: adar ugariko arbola delako.
Lazkao, 2014-02-02
Dionisio Amundarain
(kolkoan gelditua)
Gogoan al duk, Hiazinto, Dostoievskiren Inkisidore Handia liburuko pasarte famatu hura. Jendeak behin eta berriz etortzeko eskatu diolako, Nazareteko Jesus, hil aurretik izan zuen forma berean agertzen duk Sevillan. Jendeak ezagutu eta piloka inguratu zaiok.
Kardinala, Inkisidore Handia, bezperan hereje-piloa errearazi duena agertzen duk, eta pertsonaia hori kartzelara eraman dezatela. Biharamunean, sekulako sermoia egin ziok. Besteak beste, jendearentzat askatasuna hautatu duela eta jendea ez dela gai aske bizitzeko. Ogia eta menpetasuna eskatzen dituela.
Azkenean, esaten ziok Kardinalak: «Juzga gaitzak, ahal baduk eta ausartzen bahaiz». Eta Jesus isilik. Kardinalak hitzen entzun nahi izan zuen, eta hona: «Presoak, isilik hurbildu eta musu ematen dio». Kardinala larritu egin da, eta atera doa, eta esaten dio: «Hoa, eta ez hadi agertu inoiz ere…; inoiz ere». Eta irteten uzten dio hiriko ilunpera.
Behin batean, Lazkaon «marxista» izena ezarri zioan nik dakidan bati, Ikastolaren, Udalekuen etab.en mugimenduak eragin zituen bati. Ez zekiat, izen hori ezarri zianak ba ote zekien zer den marxista izatea. Uste diat, gehiago adierazi nahi zuela Bibliako juduek lepradunari aplikatzen ziotena: gizartetik baztertu beharrekoa zela, alegia.
Sevillan Jesusek bere Ebanjelio zabor bihurtu izana leporatu zioan Elizari. Halere, Eliza hartan dena ez huen zabor. Pasarte hori idatzi zuenak bederen gorde zian bihotzean Ebanjelioaren espiritua.
Heure bizitzan txertatutako espiritua ere, zaborrez jantzia bada ere, ezin galduko dik inork.
Eta Biblia aipatu dudanez, itzul nadin korrika baten nire hitz hauen esan dudanari aipamen unibertsal bat egitera. Biblian baduk pasarte bat, matxista batzuek eta sasi-feminista batzuek oker hartu izan dutena. Adam buztinetik hartua izatea eta Eva Adamen saihetsetik. Ez diat uste era zuzenean eta materialean hartzekoa denik. Baizik eta gizakia (gizon eta emakume) lurretik hartua dela, eta biak elkarrekin bizitzekoak direla. Hire lan prozesu osoan barruntatu dudan gauza beza. Munduko herri guztiek, herri diren heinean, aitortzen duten gauza bera. Sinbolo arketipikoa, azken batean.
Lurrak egiten gaituela eta aske izateko egin ere.