Ezikusiarena egin, ukatu ala onartu
Eguberri Festaburua (2016-12-26)
Hiru Meza egun berean
Ez dakit noiz hasi zen Eguberri egunean hiru Meza emateko ohitura. Pentsatzen dut oso aspaldikoa izango dela ohitura. Gauerdiko Mezarekin hasten gara; egunsentikoa dator ondoren, eta egunekoa azkenik. Horietako bakoitzak bere irakurgaiak ditu, irakurgai berak hiru urteetan (A, B,C). Irakurgaiak ugari (9) direlarik, testu bat komentatzera mugatu naiz, irakurle guztiei izua sortzen dien hau: Joanen ebanjelioaren hitzaurrea, eguneko Mezan irakurtzen duguna.
Hitzaurrea ulertzeko aurrekariak
Alexandro Handiaren konkistek, K.a. IV. mendearen azken aldera, kultura greziarraren hedapen handia eragin zuten. Judean, beste alde guztietan bezala, greziarrek egundoko eragina izan zuten: gero eta gehiago hitz egiten zen grezieraz, haien ohiturak imitatzen ziren, haien estiloari jarraituz eraikitzen ziren etxeak, gimnasioak irekitzen ziren, haien filosofoen doktrina irakasten zuten. Juduak, goi-mailakoak bederen, liluraturik bizi ziren Greziako jakinduriaz. Halaz guztiz, judu idazle batzuk ez zetozen bat gogo-berotasun horrekin. Azken hauentzat, duela gutxikoa zen greziar jakinduria hura, giza adimenaren emaitza zen, eta bere tenplua leku pagano batean zeukan: Atenasen. Benetako jakinduria, berriz, betidanikoa da, Jainkoa du sorburu, eta Jesusalemen du bere egoitza. Hau guztia hitz arruntez nahiz era poetikoan adieraz daiteke, jakinduria emakumea bailitzan agertuz eta beraren historia kontatuz. Bibliako askotariko testuetan oinarrituz, berreraiki dezakegu Jakinduriaren historia.
Jainkoaren Jakinduriaren historia
Lehen aroa: Jakinduria Jainkoaren ondoan hasieratik (Esaera Zaharrak liburua 8,22-26).
22 «Jaunak bere jardueraren hasieran sortu ninduen,
bere lehen egintzen aurretik.
23 Betidanik izan naiz eratua,
hasiera-hasieratik, lurra izan baino lehenagotik.
24 Ur-leizerik ez zenean izan nintzen sortua,
iturbururik ere ez zegoenean.
25 Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzen sortua;
26 artean ez zituen Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta lurraren lehen hautsa ere.
Bigarren aroa: Jakinduria eta kreazioa (Esaera Zaharrak liburua 8,27-31).
27 Zeruak ezarri zituenean, han nengoen ni,
ur-leizearen gainetik zeru-sabaia jarri zuenean,
28 hodeiak goian bildu
eta leize-iturriak tinko ezarri zituenean,
29 itsasoari mugak finkatu
–eta urek ez dituzte muga horiek gainditzen–,
eta lurrari oinarriak jarri zizkionean;
30 haren ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala;
beraren gozamena nintzen egunero,
beraren aurrean jolastuz aldioro:
31 beraren ludiarekin jolasten nuen
eta gizakiekin nuen neure gozamena.
Hirugarren aroa: Jakinduria Jerusalemen jarri da bizitzen (Esaera Zaharrak liburua 8,322-36).
Zoriontsua Jakinduriari entzuten diona.
32 «Beraz, semeok, entzun:
Zoriontsuak nire bideetatan dabiltzanak!
33 Onartu heziketa zuhurrak izateko, ez baztertu.
34 Zoriontsua entzuten didan gizakia,
egunero nire etxe aurrean zain
eta atalondoan jagole dagoena.
35 Aurkitzen nauenak bizia aurkitu du
eta Jaunaren onespena izango.
36 Iraintzen nauenak, ordea, bere burua hondatzen du,
gorrotatzen nautenek heriotza dute maite».
Alabaina, gerta daiteke batzuek uko egitea jakinduriaren aholkuei. Izatez, judu askok egin zion iskina mezu honi. Beste idazle batek emakumetzat aurkezten du Jakinduria, entzun ez izateaz kexatzen delarik (Esaera Zaharrak 1,24-25).
24 Deitu, eta ezezkoa erantzun duzuenez,
eskua luzatu, eta inork jaramonik egin ez,
25 nire aholkuak baztertu
eta zentzarazpenik ez didazuenez onartu.
Laburbilduz: Jainkoak jakinduria bere ondoan du hasiera-hasieratik, kreaziokoan lagun du, gizon-emakumeak gozamen ditu, Israelen kokatu da. Baina jende askok ez du gozamenik berarekin. Nahiago beste bide bat hartu, ez dio jaramonik egin.
Hitzaren historia
Ebanjelioren Hitzaurrearen idazleak Jesusi esleitu zizkion aurreko ideia horiek, aldaketa batzuk tartekatuz. Lehenik eta behin, Jainkoaren jakinduria deitu ordez, nahiago izan zuen Hitza izena eman.
Lehen aroa: Hitza Jainkoaren ondoan
Alde nabarmena du honek Jakinduriari buruzko testuarekiko. Jakinduria Jainkoak kreatua da. Hitza ez; Jainkoarekin existitzen da hasiera-hasieratik. Gainera, ebanjelioko gorazarrearen idazlea oso soila da, ez zaio otu Hitzak Jainkoaren aurrean jolas egiten zuela esatea.
Bigarren aroa: Hitza eta kreazioa
Aho-korapilo bat dela ematen du, baina oso laua da. Jainkoaren Hitzak kreatu zuen den-dena: eguzkia, ilargia, izarrak, mendiak, itsasoa, marmola, zura edo egurra, kristala… Den-dena kreatu du Jainkoaren Hitzak. Eta, gizon-emakumeok kreatzeaz gain, gure argia dugu bera. Hau da berritasun bakarra, oso garrantzizkoa: hasieratik sortu da argiaren eta ilunaren arteko borroka, baina iluna ezin nagusitu ahal izan da, ezin gainditu ahal izan du argia.
Hirugarren aroa: munduak, Hitzak sortua den horrek, ezjakinarena egin dio
Orain arte dena ondo joan da. Jainkoa eta Hitza pozik egon daitezke. Bat-batean, ordea, nabaritu dute munduak ezjakinarena egin diola Hitzari. Mundua hemen ez dagokie izaki bizigabeei, baizik eta Jainkoari ezjakinarena egin dion jendeari: ez du adoratzen, edota alde batera utzi du Jainkoa. Hitzaurrearen idazleak herri pagano guztiak ditu gogoan, uste du guztiek ezagutzen ahal zutela egiazko Jainkoa, baina idolatria-era desberdinetara jo dutela.
Laugarren aroa: Hitzak bizilekua Israelen jartzea erabaki du; bere herriak, ordea, uko egin dio.
Zer egingo du Hitzak munduak ezjakinarena egin dionean. Judu batentzat bistakoa da erantzuna: Israelen babestuko da, herri hautatuan, jakinduriak egin zuen bezala: «Herri aintzatsu batean ezarri nituen sustraiak, Jaunaren taldean, haren ondarean». Horixe bera egingo du Hitzak; baina ezusteko desatsegin batekin egin du topo: «Bere etxera etorri zen, eta bereek ez zuten onartu».
Bosgarren aroa: Hitzak haragi egitea erabaki du eta gure artean bizitzea.
Bi galera edo porrot jasan ditu Hitzak: munduak ezjakinarena egin dio, bere herriak uko egin dio. Zer egingo luke gutako edozeinek haren lekuan? Jainkoaren ondoan gelditu eta beste guztiez ahaztu. Zorionez, Jainkoa ez da horrelakoa. Imajina daitekeen erabakirik harrigarriena hartu du Hitzak.
Baikortasun xalotik errealismo magikora
Jakinduriaren historia baikorregia da. Ebanjelioko gorazarreak ezkorregia dela irudi lekiguke. Baina ez, ez da. Ez bada ere, ez mundu osoa, ez Israel osoa, bada talde bat, juduek eta paganoek eratua, Jesus onartzeko prest dena, Jesusengan sinesteko prest dena. Eta horiek, guk guztiok, egundoko saria hartuko dute, dugu: Jainkoaren seme-alaba bihurtuko dira, Jainkoaren aintza kontenplatuko dute, eta haren betearen betetik grazia graziaren gain hartuko dute.
Arrazoi sobera pozik bizitzeko eta guztioi EGUBERRI ZORIONTSUAK opa izateko.
José Luis Sicre