Harridura misterioaren aurrean
Abendualdiko 4. igandea A urtea (2016-12-18)

Joan den igandeko ebanjelioa Joan Bataiatzailearen nahasmenduaz mintzo zen, eta guk geuk Jesusen jokabideaz eta mezuaz senti genitzakeen nahasmenduaz eta eskandaluaz gogoeta egitera behartu gintuen. Laugarren igande honetako ebanjelioak urrats bat aurrera egitera gonbidatzen gaitu. Nahasmendua eta eskandalua gainditu daitezke. Misterioaren aurreko harridura, berriz, ez da bukatzen sekula, bizitza osoan irauten du.

Ebanjelioaren kontakizuna ohiko osagaiek eratzen dute: planteamendua, korapiloa eta askaera. Edozein polizia-eleberri batean bezala. Baina bada alde bat. Agatha Christiek zatirik handiena korapiloari eskaintzen dio, Herkules Poirot-ek hiltzailearen bila bizi izandako gorabeherei. Mateo oso laburra jardun da lehen bi zatietan; berehala doa askaerara. Ez da kontakizun dramatiko bat, baizik eta didaktiko bat.

Planteamendua

Irakurlearentzat ezaguntzat ematen dituen pertsonaia batzuetatik abiatu da Mateo: Maria eta Jose, eta juduen artean ezaguntzat eman duen ohitura batetik: ezkon hitza (ezkontzeko eskaria) eman ondoren, ezkongaiak ezkondutzat ematen dira, elkarrekiko leialtasunaren konpromisoa agindutakotzat, baina bereizirik bizitzen jarraitzen dutela. Bat-batean, Maria seme baten haurdun gertatu da, Espiritu Santuagandik. Mateok ez dio eskaini irakurleari segundo bateko ere dudarik. Espiritu Santuaren barkazioz, eta, polizia-konparazioari jarraituz, irakurleak hasieratik beretik daki zein den hiltzailea.

Korapiloa

Duda Joserena da, gizon onaren horrena. Deuteronomioaren arabera, gizonak emakume batekin ezkondu eta birjina ez dela konturatu eta salatzen badu, «neskatxa aitaren etxe-atarira atera eta hiriko gizonek harrika emango diote hil arte, Israelgo aitaren etxea prostituitzearen doilorkeria egin duelako» (Dt 22,20 hur.). Josek nahiago izan du interpretatu legea erarik faboragarrienean. Legeak salatzeko eskubidea ematen du, baina hartara behartu gabe. Horregatik, Maria isilpean uztea erabaki du, izen txarrik ez ezartzeko. Mateok sekulako soiltasunez deskribatu du guztia, ez ditu zehazten Joseren duda-mudak eta estutasunak. Hau hobekienik nabaritzeko bidea, testu hau konparatzea da Qumranen aurkitutako Hasiera Apokrifoaren puska batekin; honetan antzeko zerbait irakur daiteke Lamek patriarkari dagokionez: konturatu da bere emaztea, Bitenos, haurdun dagoela eta dudak ditu seme hori berea duenaz (testuaren puska halakoa delako, ezin jakin da zertatik duen duda hori). Pertsonaiaren larritasuna modu kasik patetikoan islatzen du autoreak:
«Orduan uste izan nuen sorkuntza Zaindarien lana zela, eta Haurduntzea Santuena, eta Erraldoiak zirela jabeak […] eta nire bihotza nahasi egin zen ene barnean haur hau zela eta. Orduan, ni, Lamek, izutu nintzen eta Betenosengana, nire emazteagana, jo nuen, eta esan nuen […]: zin egidazu Gorenekoagatik, Jaun Handiagatik, Unibertsoaren Erregeagatik […] benetan emango didazula jakitera, egiaz emango didazula ezagutzera eta gezurrik gabe, ea hau […]. Zin egidazu Unibertso osoaren Erregeagatik, benetan ari zatzaizkidala hitz egiten, eta gezurrik gabe. […] Orduan Bitenos, neure emaztea, oso irmo mintzatu zitzaidan, negar egin zuen eta esan zidan: Ai ene anaia eta jauna! Gogora zaitez ene atseginaz, maitasunaren aldiaz, ene bularreko hatsaren arnasestuaz. […] Zin degizut Santu Handiagatik, zeruetako Erregeagatik, zugandik etorri dela hazi hau, zugandik etorri dela fruitu honen ereintza, eta ez inongo atzerritarragandik, ez inongo zaindariagandik, ez zeruko semeagandik. Zergatik duzu zeure aurpegiera bere onetik hain aterea eta desitxuratua, eta zeure espiritua han lur joa?» (1QapGn Coll. II. 1-17).

Ez da lasaitu Lamek bere emaztearen hitz hauekin ere, eta bere aitagana, Matusalengana, jo du, Henoki galdetu diezaion eta zinez jakin dezan. Tamalgarria da zutabea hain lardaskatua egotea une garrantzizkoenetan, argudioa ulertu ahal izateko. Mateoren kontakizunak Hasiera Apokrifoaren antitesia dela ematen du xehetasun askotan.

Askaera

Josek erabakia hartu orduko, aingerua agertu da arazoa askatzeko. Josek obeditu dio, eta Maria semeaz erditu da, semea izan du, eta Jesus izena ezarri dio Josek. Azken atal honetan, aingeruaren hitzen eta Joseren obedientziaren artean, Mateok hitz batzuk tartekatu ditu, misterioa argitzeko: Isaias 7,14ko profezia betetzea da arazoa (gaurko lehen irakurgaia da).

Mezua

Analisi literario honek azaltzen du, Mateok ez duela irakurlea tiranduran jarri nahi izan. Hasieratik daki irakurleak zergatik den misterioa. Hartara, zer adierazi nahi digu pasadizo honekin?
Nor da Jesus? Ebanjelioaren hasieran, genealogian, adierazi berria digu Mateok egiazko israeldarra dela Jesus eta Daviden egiazko ondorengoa. Mesias dela esan nahi al du? Horretarako, beste zerbait gehiago behar da, zenbait judu-talderen tradizioaren arabera. Mesiasek birjina batengandik jaio behar du, Isaias 7,14an datorrenez. Gaurko pasadizo honek adierazten du, Jesusek bete duela betekizun hori. Baina bada beste datu bat Isaiasen testuan ez datorrena: Jesus Espiritu Santuagandik dator; horrekin, Jesusek Jainkoarekin duen erlazio estua adierazi nahi da.

Zer egingo du Jesusek? Izenak berak adierazten du: bere herria salbatu bekatutik. Ez dira gauza bera bekatutik salbatzea eta bekatuak barkatzea. Bekatuak barkatzea era erosoan egin daiteke, aitorlekuan eserita, edota paseatuz edota kafe bat hartuz. Bekatutik salbatzea, berriz, nork bere bizia eskainiz bakarrik egin daiteke. Haurtzarotik dakigu, Jesusek, geure bekatutik salbatzeko, bere bizia eman zuela gugatik. Baina ezin gelditu gara harritzen jarraitu gabe. Izan ere, judu jainkozale baten jarrera arrunta, bekatuaren aurrean, ez zen hura ulertzen saiatzea, ezta hura zuritzen saiatzea ere; askoz gutxiago bekatariagatik hiltzea. Gaitzestea zen jarrera arrunta.

Zer ondorio izan ditu Jesus agertu izanak? Mateo, bere ebanjelioa idaztean, bere elkartearen esperientziatik abiatu da, Jesus Mesiastzat onartzeagatik pertsegitua eta ukatua den elkartearen esperientziatik. Mateok hasieratik adierazi nahi dio elkarteari zailtasunak ezinbestekoak direla. Mesiasi atxikienik direnek berek, gurasoek, problemak jasan behar izan dituzte, semea sortu denetik. Kristauak Jose eredutzat hartu behar du, lagunduko eta bihotz emango dion eredutzat. Ez du beldur izan behar Jesus onartu eta hari jarraitzeko, «Espiritu Santuagandik baitator» eta «salbatuko baitu bere herria bekatutik».

José Luis Sicre