ABENDUALDIKO 3. IGANDEA A oharrak 2016-12-11

SARRERA

Senideok, abendualdiaren erdira iritsi gara. Gaudete izeneko igandea da; latineko hitza da gaudete eta poztu zaitezte esan nahi du. Hain zuzen, kristau-esperantzaren ondorioa da poza, Segurtasunak dakarren poza da. B urteko 2. irakurgaian, Paulok (1 Ts 5,16) gauza bera esaten digu: «Bizi zaitezte pozik».
Poz hau agertu behar dugu, bai elizan, bai etxean, bai kalean.
Zergatik? «Hurbil da Jauna». Laster ospatuko dugu Jesusen etorrera Eguberrialdian. Baina egunero ere, etorri dator Jesus. Premia edo beharra sentitzen dutenengana hurbil den pertsona da Jesus: itsu, gor, herrenengana… Abian da Jainkoaren egintza salbatzailea. Ezin etengo du jada egintza hori. Kontua, nork bere bihotzeko begiak irekitzea da, Jainkoaren egintza horren seinaleak ikusteko. Artze poetak esaten digun bezala, geure begiez ikusten duguna baino zerbait gehiago ikusteko.
Eman diezagula poza geure kristau-esperantzak. Poztu gaitezen geure esperantza zoriontsuaren zain gaudela: Jesu Kristo Jainkoa handia eta gure salbatzailea aintzatsu noiz agertuko den zain gaudela.

LEHENENGO IRAKURGAIA Isaias profetaren liburutik (35,1-6ª.10)

Isaias profetaren gaurko pasarte honen aurreko kapituluan Edom lurraldea desegingo dela esaten da. Gaurko honetan, Israelen kasuan alegia, erabat kontrako jarrera ageri da. Edom lurraldea gaitzaren sinbolo da, okerraren sinbolo. Israel, berriz, zorionaren eta Jainkoaren bedeinkazioaren sinbolo.
Gaurko pasarte honetan poza eta alaitasuna ageri da: aintza, edertasuna, kantuak… Onerako aldaketa hau munduan den guztiari dagokio: bai naturari, bai makal dabilen jendeari.
Kontuan hartu behar da, beti ere, giro zoriontsu eta baketsu hau oraingo bizitzarako promesa dela, promes hori esna eta begi zorrotz hartzen dutenentzat; aldi berean, Jainkoaren aintza bete-betean agertuko duen unea aurresaten du. Esperanza beraz, bai orainaldirako, bai gerorako.

BIGARREN IRAKURGAIA Santiagoren gutunetik (5,7-10)

Israel lurraldetik kanpo bizi diren judu-kristauei mintzo zaie idazlea gutun edo karta honetan. Diasporan edo erbestean, hau da, Palestinatik kanpo bizi direnei. Erromatarren inperio zabalean bizi direnei.
Kristau-elkarteko guztiei pazientzia izateko esaten die Santiagok. Pazientziaz espero izateko Jaunaren etorrera. Adibidetzat, nekazariaren pazientzia ematen die: honek hazia erein eta zain egon behar izaten du pazientziaz. Halaxe Jainkoaren Hitza hots egiten duen kristauak ere: hazia erein ondoren, zain-zain egon behar du fruitua noiz emango..
Esperantzari lotua den bertutea da pazientzia. Pazientziaz bizitzean esperantza bizi. Esperantzaz bizitzean pazientzia bizi.

EBANJELIOA San Mateoren liburutik (11,2-11)

Joan Bataiatzailea Makeronteko presondegira eramana dute, Herodes erregeari bere bekatua aurpegiratzen diolako. Ikasleek bisitan joan zaizkio, eta Jesusen berri eman diote, nolako jokabidea daraman agertuz.
Joan Bataiatzaileak, antzinako askok bezala, uste zuen Mesias zigortzaile etorriko zela mundura; bekatariak zigortzera, alegia. Jesus, ordea, guztiz bestela etorri da. Zigortzaile ez, baizik gaixoen sendagile, bekatarien barkatzaile, guztien ongile, nagusiki pobreen eta gaixoen adiskide.
Joan Bataiatzaileak Mesiasi dagokionez duen ustearen kontrako jokabidea da Jesusena, erabat. Horregatik, Joani duda sartu zaio: Jesus ote da, gero, espero genuen mesias hura? Eta ikasleak bidali dizkio Jesusi aurrez aurre galdegitera. Eta Jesusek ez die zuzenean erantzun, baizik eta esan die: esan Joani zer ari zareten ikusten eta entzuten.
Joan Bataiatzaileak aise atera behar zuen konklusioa. Ezaguna baitzuen profetek mesiasi buruz esandakoa. Hain juxtu, Jesus esaten eta egiten ari zena iragarri zuten profetek.
Horra, senideok, guretzat ere irakasbidea. Jesusen berri ematean, ez da beharrezkoena mila arrazoi erabiltzea, jendea konbentzitzeko. Geure jokabideaz eman dezakegu eta behar dugu Jesusen berri. Bizitzeko moduan haren testigu izanez.

KRISTAU HERRIAREN ESKARIAK

1.-Esperantzarik gabe eta triste bizi den jendearen alde: Kristo salbatzaileak esperantzaz eta ikusioz bete ditzan. Eska diezaiogun Jaunari.
2.-Gure presoen alde: laster, nork bere txokora etortzeko zoria izan dezaten. Eska diezaiogun Jaunari.
3.-Munduko ekonomia kudeatzen edo maneiatzen dutenen alde: beti munduan biziaren esperantzaren argian jokatuz, ondasunak guztien onerako jartzen saia daitezen. Eska diezaiogun Jaunari.
4.-Munduan, Ebanjelioa hots egiten eta Jesusen berria ematen gero eta pozikago ari gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari.