Andre Maria Sortzez Garbia (2016-12-08)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Andre Mariaren jai handia ospatzen dugu gaur. Zergatik, ordea?

Jainkoak egin dion bisitari «bai» apal bat eman dio Mariak. Gazte-gazte izan eta guzti, hasierako beldurra eta guzti, Jainkoaren Erreinuaren zerbitzari jarri du bere burua. «Bai» esan dio Jainkoaren asmoari; «bai» Jainkoaren lankide izateari mundua salbatzeko, askatzeko eginkizunean.

Jainkoaren Erreinuaren alde lan egitean beldurrik ez izateko deia etengabea da Biblian. Beldurrik ez izateak konfiantza izatea esan nahi du. Konfiantza izatea esan nahi du Jainkoaren Espirituagan.

Konfiantza horixe izan da Mariaren ezaugarririk handiena. Jesusek berak aitortuko zuen hori beranduagoa: emakume batek jendartetik deiadarka esan zion behin batean: «zorionekoa sabelean eraman zintuen eta bularra eman zizun emakumea! Baina Jesusek esan zuen: Hobeki esan, zorionekoak Jainkoaren hitza entzun eta betetzen dutenak!» (Lukas 11,27-28)

Bai, Mariak konfiantza handia agertu zuen. Eta konfiantza iraunkorra. Jainkoaren eta Jesusen hitzak onartuz, benetako jarraitzaile bezala.

Aingeruak Mariari esandako hitz hauek, aspaldi hartan Isaias profetaren ahoz Jainkoak Akaz erregeari esandakoak dakarzkigu gogora: «Jaunak berak emango dizue, bada, ezaugarria: hona, andre gaztea haurdun dago
eta semea izango du, eta Emmanuel, hau da, “Jainkoa gurekin”, jarriko dio izena. (Isaias 7,14)

Akaz erregeak ez bezala, Mariak, neskatxa gazteak, konfiantzaz onartu du aingeruak emandako berri ona (Lukas 1,26).

Nazaretek eta Mariak kontraste handia dute Jerusalemekin eta hango apaizarekin. Jainkoa jende apalari agertzen zaio. Jainkoa leku apaletan agertu ohi da.

Maria «anabim» bat da, Jaunaren pobre bat. Jaunaren beharra sentitzen duena, Jainkoaren onginahia munduari agertzeko prest dagoena. Jende pobreari bakarrik agertu ohi zaio Jainkoa, besteei on egiteko prest dagoenari. Begira zer dioen Jainkoak Isaias profetaren bidez: «Jainko Jaunaren espiritua nire gainean dago, Jaunak sagaratu bainau; berak nau bidali behartsuei berri ona hots egitera, bihotz-hautsiak sendatzera, gatibuei askatasuna eta kartzelatuei libertatea iragartzera, Jaunak onginahia
azalduko duen urtea eta mendekatuko den eguna iragartzera. Siongo atsekabetuak kontsolatzera bidali nau Jaunak» (Isaias 61,1-2).

Horra nolakoa den Andre Maria: Jainkoaren Espirituan konfiantza duena. Espiritu horri jarraituz Jainkoaren Erreinuaren alde zerbitzari izateko prest dagoena. Horixe esan nahi du haren «bai» handiak. Honek guztiak, guri ere, nor bere baitan sartu eta honetara eragiten digu: Jaunaren bila bizitzera, Jaunaren Hitza onartzera, Jaunarekin batean Jainkoaren Erreinuaren zerbitzari izatera. Andre Mariarekin batean «Hona hemen Jaunaren zerbitzaria» esatera.

Gaur, bestalde, gure Seminarioaren eguna ospatzen dugu. Zertako? Gaur egun ere, gizadia profeten beharrean dagoela adierazteko. Kristoren berri emango dion pertsona berezi batzuen beharra duela adierazteko.

Eredu dugu Andre Maria. Munduaren hasieratik Jainkoak egindako eskaintza guztien artean, berezi-berezia izan da Andre Mariari egin dion eskaintza: Izan nahi al duzu Jainkoaren Semearen Ama? Batez ere, izan nahi al duzu, ama biologikoa baino gehiago, ama psikologikoa, ama sostengua, ama jarraitzailea, ama entzulea, ama sufritzailea, ama osoa, ama besteri emana zeure Semea bezala?

Eta Andre Mariak baietz. Mariak Jainkoaren Hitzari harrera egiteko modu berri bat agertu digu. Jainkoaren Hitza bere bizi bihurtzeko modu berri bat.

Senideok, izan dezagun gogoan Jainkoa dei eta dei ari zaigula. Ez mirarizko modu batean. Baizik eguneroko bizitzan. Andre Mariari aritu zitzaion bezala. Eska diezaiogun zeruko geure Amari, erregutu diezaiola gure alde bere Semeari, Kanako ezteietan eta beti egin izan dion bezala. Eta guk suma eta senti dezagula Amaren bitartekotza hori.
Dionisio Amundarain