Abendualdiko 2. igandea A (2016-12-04)
HOMILIA

Anai-arrebok!

Zer gertatuko litzateke, gaur egun, profeta bat Carrefour-en edo EROSKI-ren atarian hitz egiten hasiko balitz? Hots eginez:
−ez erosi ezer, egiazko behar edo premien arabera baizik?;
−ez kasurik egin eskaintzei?

Jendeak ez ote luke esango: burutik eginda dago; utz gaitzala beherapenez eta ahal dugun guztiaz gozatzen?

Zer gertatuko litzateke, telebistako proiekzio-gelara sartu eta bertakoei mikrofonoa eta bestelako gailuak kendu eta hitz egiten hasiko balitz? Hots eginez:
−ez egin kasurik zorionaren iragarkiei: maitasunaz, edertasunaz, pozaldiez, dotoreziaz, sendabideez… ari direnei;
−idolo huts dira, buztin-oineko idolo huts.

Laster lituzke gainean pare bat guardia.

Zer gertatuko litzateke, banku edo aurrezki-kutxa baten ezkaratzera sartu eta hots egiten hasi balitz? Esanez: sugekumeok, begira zer ekarri duen zuen politika ekonomikoak: auzitegiak auziz beterik daude zuen kontra, jende pobrea engainatuz aberastu zarete…

Bistan da. Ez luke han bost minuturik egingo.

Joan Bataiatzailea ez zen joan, ez EROSKI bezalako dendatzar batera, ez zen joan telebista batera, ez zen joan aurrezki-kutxa batera. Ez. Ez zen joan Jerusalemgo Tenplura ere.

Judeako basamortuan hasi zen hots egiten. «Bihotz-berri zaitezte» esaten zion jende xumeari. «Prestatu bidea Jaunari». «Nire ondoren dator ni baino handiagoa den bat… nik urez bataiatzen zaituztet, hark Espiritu Santuaz bataiatuko zaituzte».

Labur-labur aurkeztu digu ebanjelioak Joan Bataiatzailearen mezua: «Bihotz-berri zaitezte, Jainkoaren Erregetza hurbil da-eta». Jende xumeak pozik jaso zuen Joanen hitza. Entzuna zuen mezu hori bera behin baino gehiagotan, era zabalagoan azaldurik, Isaias profetaren mezua irakurri eta entzutean; gaur guk geuk entzun duguna bera: «Prestatu basamortuan bidea Jaunari; berdindu daitezela ibarrak eta mendiak; Jaunaren aintza agertuko da; Jauna indartsu dator».

Joanen eta Jesusen garaiko jendeak, eta geroagokoak ere, pozik eta itsu-itsuan entzun eta onartu zuen mezu hau; uste izan zuen, Jainkoa zerutik jaitsiko zela gure mundu hau berak materialki konpontzera. Halakoxea zen orduko ikusmoldea.

Gaur egun ez digu balio ikusmolde horrek. Gaur egun, Jainkoa ez dugu ikusten, EROSKI eta beste dendatzarrak jendearen behar eta premia soiletara materialki mugatzen. Ez dugu ikusten, telebistako iragarkiak bere eskuz moldatzen. Ez dugu ikusten, banku eta aurrezki-kutxetan hitzarmenetako letra txiki maltzurra bere eskuz garbitzen. Ez dugu ikusten, Gasteizko edo Madrileko edo Pariseko parlamentuan alferrikako eta mugarik gabeko eta neurririk gabeko ehunka soldatadunen sesioak alde batera utzarazi, eta benetako legeak ezartzen. Ez.

Gaur egun, beste era batean ikusten dugu Jainkoa. «Bihotz-berri zaitez», esaten digu. «Eta saiatu zaitez mundu hau berritzen. Nik agertu dizuedan Espirituaren eran moldatzen».

Joan Bataiatzaileak Jerusalemdik urrun hitz egin zuen. Ez zuen onartu Tenpluaren inguruko sistema. Gaurko profetak, gaurko kristauak, biziatua den gaurko gizarte-sistema aldatzera jotzen du, Nazareteko Jesusi jarraituz. Bataioan hartuko dugun Espiritu Santuak argitu gaitzala.

Dionisio Amundarain