ABENDUKO BIGARREN IGANDEA A

Lehen irakurgaia

( Mesias, bakearen errege )

Izai profetaren liburutik 11,1-10

Jainko Jaunaren Hitza:
1 Jezeren zuhaitz-ondotik sortuko da aldaxka bat,
haren errotik jaliko muskil bat.
2 Haren gainean pausatuko da Jaunaren izpiritua:
zuhurtzia eta adimenduzko izpiritua,
argi eta indarrezko izpiritua,
jakitate eta Jaunaren beldurrezko izpiritua,
Jaunaren beldurraz baitu beteko.
3 Ez du jujatuko begiek ikusiaren arabera,
ez da mintzatuko beharriek adituaren arabera.
4 Zuzen erabakiko du xumearen auzia,
eta zuzenbidez jujatuko herriko behartsuak.
Zigor baten pare, haren hitzak joko du gaixtoa,
haren ezpainetako hatsak hilen gaixtagina.
5 Zuzentasuna izanen da haren gerrikoa,
eta leialtasuna haren gerriko uhala.
6 Otsoa bildotsarekin biziko da,
lehoinabarra ahuñarekin etzanen,
aratxea eta lehoikumea elgarrekin alhatuko dira,
eta haurtxo bat izanen dute artzain.
7 Behia eta hartza bazka berean alhatuko dira,
heien umeak elkarrekin etzanen.
Lehoinak, idiak bezala, lastoa janen du.
8 Bularreko haurra suge-zilo gainean jostatuko da,
eta bularra utzi berriak, bere eskua suge gorriaren kafian sartuko.
9 Ez du gehiago nehork ez gaizkirik ez funditzerik eginen
nere mendi saindu guzian.
Itsasoa urez betea den bezala,
lurraldea ere Jaunaren ezagutzaz beteko baita.
10 Egun hartan, Jezeren muskil berria
herrien ikurrintzat altxatuko dute:
herriak haren bila etorriko dira,
eta ospetsua izanen da haren egoitza.

” Jezeren zuhaitz-ondotik sortuko da aldaxka bat…” Gauza guti dakigu gizon hortaz. Dakiguna
da Kristo baino mila urte lehenago bizi izan zela Betleme deitu herri ttipian. Dakiguna ere da zortzi
haur bazituela Jezek, eta Jainkoak igorri baitzuen Samuel profeta errege baten hautatzera, David
izan zela hautatua, zortzietan gazteena, ez haundiena, eta ez ere azkarrena. David hori izanen da
Izraelgo erregerik ezagutuena. Jezeren familia arbola bati konparatua da. Samuelen arabera,
ondoriotasun haundikoa da familia hori, hortarik baitira beti aterako, populua batasunean eta bakean
biziaraziko duten Izraelgo erregeak. Bainan esperantza haundi hori ez da gauzatu. Bizkitartean
Izraelek ez du etsitzen Mesias-Erregea agertuko zaiolakoan.
” Egun hartan, Jezeren muskil berria herrien ikurrintzat altxatuko dute…” Ohargarri dena,
etsimena jendearen artean hundiago eta profeten erranak esperantzaz beteago. Hain xuxen testo hau
idatzia izan da Kristo aintzineko 720-710 urteetan, juduen populu ttipia alde orotarik meatxatua
zelarik.
Pasaia huntan bi parte ikus ditaizke. Lehen parteak aipatzen du Mesias Erregea. Hunen
dohainak zazpi dira. Biblian zazpi zenbakia osotasun betearen zenbakia da. Ohargarri da nola
Jainkoaren “beldurra” duen Izaik aipatzen. Beldurra, erran nahi baita aitaren aldera seme batek
sendi duen konfiantxa eta errespetua. Mesias horren egintzak denak zuzentasunaren haritik doazi .
“Zuzen erabiliko du xumearen auzia…”
Testu hunen bigarren partea “abereen alegia” izenda ditaike. Ez gira lurreko lehen parabisu
hartarat itzultzen. Hemen Jainkoaren egitasmoa, xedea, betetzen da, bururatzen. Kreazione guzia,
azkenean, bake leku bilakatuko da, “Itsasoa urez betea den bezala, lurraldea ere Jaunaren
ezagutzaz beteko baita…” Bururatzeko, Izaik aldarrikatzen du Jainkoaren xedean barne direla
herrialde guziak eta ez bakarrik Izrael. “…herriak haren bila etorriko dira, eta ospetsua izanen da
haren egoitza.”

Salmoa 71

Leloa: Zuzentasuna harekin zaiku argituko
Eta bakea sekulako.

Emozu, Jauna, zure argia erregeri,
Zuzen dabilan, zu iduri.
Zuzenki bezo mana zure den jendeari,
Zure xumentzat zuzen ari.
Haren urtetan zuzentasuna dena lore;
Lurra lur deno, denek bake.
Hak itsasotik itsasoraino denak bere,
Ibaiak eta lurrak ere.
Lagunduko du oihuz ari den behartsua
Eta guziek ukatua.
Dohakaberi luzatuko du maiz eskua
Heien zain dago apaldua.
Haren izena on aipagarri sekulako,
Iguzkiaren iduriko.
Hari jo-eta, on eta saindu denak oro,
Guziek hura goretsiko.

Biblian bada mezu bat beti errepikatu dena Abrahamez geroz : batasun egin du Jainkoak
Izraelekin : “Zure bitartez benedikatuko ditut lurreko herri guziak.” (Has 12,3) Eta entzun hau ere :
“Lurralde hau zure ondokoeri emaiten diet, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai haundiraino…”
(Has 15, 18)
Bertze mezua, salmo hunek kantatzen duena : Errege bat sustatuko du Jainkoak, errege bat
zuzentasunez jokatuko duena, behartsuen zuzenak zainduko dituena : “Haren urtetan zuzentasuna
dena lore.”
Beraz gizonaren biziak sentsu bat, norabide bat badu. Jainkoak xede bat, egitasmo bat badauka
gizartearentzat. Bi Testamenduek hori diote. Profetentzat norabide horren helburua: “Jaunaren
Eguna”, “Zeruko erresuma” da Matiu ebanjelistarentzat. Paulok ere etorkizun horri buruz goazila
erraiten dauku.
Hitzemana den erregea Mesias-erregea da. Alabainan Salmo hau 500 eta 100 Kristo aintzineko
urtetan idatzia izan da, Babiloniako desterruaren ondotik Izraelek erregerik gehiago ez zuelarik.
Errege hori jinen denean, orduan da gizartean bizi den zuzentasun eta bakezko amentsa obratuko.
Ez da ustegabetakoa izanen Jerusaleme izenaren erranahia “Bakearen hiria” hebrearrez. Eta Bagdad
ez dea “Bakearen etxea”? Ez da dudarik, gaur egun bi hiri horiek “bake” hortarik urrun daudela!
Bibliaren indarra eta ausartzia hemen dago: itxura guzien gainetik Esperantza atxikitzea eta
kantatzea. Bakea jinen da. Eta bakerik ez baita zuzentasunik gabe, “Haren urtetan zuzentasuna
dena lore” eta “Lagunduko du oihuz ari den behartsua.” Jaunak hitzemana du : “Egia da ez dela
zuen artean behartsurik izanen.” (Dt 15, 4)
Salmo huntako otoitzak Bakearen Egun hori ahal bezain laster jin dadien du eskatzen. Otoitz
egiten dugunean Jainkoaren begiekin munduari behatzen ikasten dugu.Jainkoaren xedea gogoan
daukagula, Izpirituak emaiten dauku behar dugun indarra gure gudua bururaino akulatzeko.

Bigarren irakurgaia

( Denentzat da Liburu Sainduek eman esperantza)

Jondoni Paulok Erromanoeri 15,4-9

Haurrideak,
4 Liburu sainduetan lehen izkiriatu guzia
gure argitzeko izkiriatua izan da,
gure iraupenari eta Liburu sainduek emaiten duten kuraiari esker
esperantza izan dezagun.
5 Iraupenaren eta kuraiaren iturri den Jainkoak
eman diezazuela elkarrekin akortean bizitzea,
Jesu Kristok nahi bezala.
6 Orduan, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
7 Beraz, egiozue ongi etorri elkarri
Kristok ongi etorri egin dautzuen bezala, Jainkoaren aintzarako.
8 Alabainan, hitz dautzuet: Kristo Juduen zerbitzari egin da,
Jainkoak arbasoeri egin agintzen betetzeko,
eta hola , Jainkoa leiala dela erakusteko.
9 Eta herrialde paganoek Jainkoa goresten dute,
haren urrikalmenduaren gatik.
Hau dio, hain zuzen, Liburu Sainduak:
Nazioneen artean goretsiko zaitut, Jauna,

eta zure izenari eginen diot kantu.

” Liburu Sainduetan lehen izkiriatu guzia gure argitzeko….emaiten daukuten kuraiari esker
esperantza izan dezagun.” Behar da sinetsi Liburu Sainduak “iraupenaren eta kuraiaren iturri
direla guretzat. ” Bai eta Berri On! Bertzela senditzen badugu, hor irakurtzen dugunak ez bagaitu
lasaitzen, libratzen, erran nahi du irakurri duguna ez dugula konprenitu.Orduan lanean jarraiki behar
da. Liburu Sainduek gure esperantza berpizten badute ez da harritzekoa. Alabainan beti gai beraz ari
dira : Gizartearentzat Jainkoak duen Amodio negurrigabeaz. Hemen Pauloren idatzi hunen arabera,
iduri luke erromako giristinoak bi partetan jarriak direla, alde batetik judu giristinoak eta bertzetik
pagano giristinoak. Lehen horiek judu ohidurak zituzten, hala-nola janarian: beti atxikitzen dituzte;
eta bertzeeri iduri zaiote zaharkeriak direla horiek.
Egungo egunean ere, gure Eliza Katolikoan, kasailak badira. Bakotxa bere alde ez ote doa
zenbait lekutan segurik? Erroman entseatzen ziren bertzela jokatzera : ” Beraz, egiozue ongi etorri
elkarri Kristok ongi etorri egin dauzuen bezala, Jainkoaren aintzarako…Bihotz batez eta aho batez
goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.” Beti bezala Paulok Kristo etsenplutzat
hartzea die gomendatzen, zerbitzari egin den Kristo. Izai-ren testo bat heldu da hemen gogora.
Jainkoaren zerbitzari horrek bere bizia bere anaientzat emaiten du eta horrela mundu guziko jendea
salbatzen. Beraz Kristoren sakrifizioari esker juduak salbatuak dira Jainkoa “leiala” delakotz eta
paganoak Haren “urrikalmenduaren gatik”. Ondorioz denek Jainkoaren ospea kanta dezatela!

Ebanjelioa

Alleluia, alleluia.

Apain zozue bere bidea Jainkoari,
Haren bidexkak zuzen egin.
Gizon guziek laster dute
Jainko Jaunaren salbamendua ikusiko.

Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 3,1-12

1 Egun heietan, agertu zen Joanes Bataiatzailea
Judeako basamortuan, hunela oihukatuz:
2 “Bihozberri zaitezte,
hurbildua baita zeruetako Erreinua.”
3 Joanes hori zuen aipatzen Izai profetak, ziolarik:
“Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
Presta bidea Jaunari, zuzent haren bidexkak.”
4 Joanesek kamelu-ilezko jantzia zuen
eta larruzko uhala gerrian;
otteak eta baseztia zituen janari.
5 Orduan, Jerusalemetik, Judea osotik eta Jordan eskualde guzitik
harenganat joaiten zen jendea.
6 Eta Joanesek bataiatzen zituen Jordan ibaian,
beren bekatuak aitortzen zituztela.
7 Farisau eta zaduzear ainitz bataiorat heldu ikusirik, erran zioten:
“Sugegorri arraza!
Nork irakatsi dautzue gainean duzuen hasarreari ihes egiten?
8 Emazkitzue, beraz, bihozberritzeari dagozkion fruituak,
9 eta ez erran zuen baitan:
Guk, Abraham dugu aita.
Zeren, nik diozuet: harri hautarik ere
Jainkoak Abrahami semeak egin diezozke.
10 Jadanik aizkora zuhaitz-erroari ezarria dago:
fruitu onik emaiten ez duen zuhaitz oro
moztuko da eta surat botako.
11 Nik urez bataiatzen zaituztet, bihozberri zaitezten.
Bainan nere ondotik datorrena ni baino ahaltsuagoa da,
eta ni ez naiz on hari oinetakoen kentzeko ere.
Harek Izpiritu Sainduz eta suz bataiatuko zaituzte.
12 Eskuetan dauka bahea, bere larraina garbituko du
eta bihia bere bihitegirat bilduko;
lastoa, berriz, itzaltzen ez den suan erreko du.”

Joanes Bataiatzailea agertu zelarik, Juduak Erromanoen meneko ziren 90 bat urte hartan. Batzu
kolaboratzaile, bertzeak abertzale ziren eta beti bazen bat edo bertze salbatzaile bezala agertzen
zenik eta beti ondoriorik utzi gabe lekutzen.
Joanesek gogoan zukeen Izraelek desertuan iragan denbora eta Jainkoarekin harek egin
batasuna. Bataiatzailea agertzen da, eta, dela bere soinekoez, dela bere janariaz Testamendu
Zaharreko profeten antza badu. Matiuk Malakiasen profezia oroitarazten dauku :”Horra Elias
igorriko dut Jaunaren Eguna etorri aintzin”. Horrek erran nahi du Joanesek Mesias bera duela
iragartzen.
Bere erakaspenaz ere Joanes profeten ildo beretik doa. Jende xehea kontsolatu nahi du, bainan
beren ustez garbi direneri ere mintzo da. Nahi ditu beren egiazko egoerari ohartarazi: “Sugegorri
arraza!” Kasu-emazue : lehen parabisuan “berexle” agertu zen tentatzailearen idurikoak zirezte.
Profeta guziek bezala, Joanesek jujamendua aipatzen du. Jujamendu hori ez da jendea bat
bertzetik berexiko duen zerbait, bainan bakotxaren barnean eginen den berexte bat. “Sua” hitza
erabiltzen du.Gutan den tzarra kendua izanen da, eta ona hobetzen lagundua.
” Nere ondotik datorrena ni baino ahaltsuago da, Harek Izpiritu Sainduz et suz bataiatuko
zaituzte, eskuetan dauka bahea…Bihia bere bihitegirat bilduko du, lastoa berriz, itzaltzen ez den
suan erreko.” Horrek erran nahi du Nazaret-eko Jesus Jainko dela, Testamendu Zaharrean Jainkoa
baita bakarrik erakutsia Jujamendu horren egiteko gai.
Joanes, orai arte nagusi bat bezala ikusia zena, orai baztertzen da Jesusi lehen lekua uzteko.
Zergatik? Joanesek urez baitu bataiatzen, gizon bat baizik ez delakotz, Jesusek aldiz Izpiritu
Sainduz eta suz, Jainko delakotz.
Su horrek gu ere erre gaitzala