Paradisua, konbertsioa, harrera
Abendualdiko 2. igandea A (2016-12-04)
1.-Zuzengabekeria – paradisua (Isaias 11,1-10)
Abendualdiko lehen igandeko Isaiasen irakurgaia gerlaren esperientziaz mintzo zen eta gatazka militarrik eta arma-lehiaketarik gabe mundu baten esperantzaz. Bigarren igande hau zuzengabekeriaren esperientziaz ari da eta horren ordezko mundu zoriontsu batez, paradisura itzultzeaz-edo. Profetek salatu zuten gogorkienik egoera zuzengabea. Problemaren aterabide errazik nabari ez bazuten ere, konbentziturik zeuden erremedioa epaile eta monarka zuzen batzuen esku zegoela, lurraldean zuzentasuna ezartzeko. Ildo honetan testurik argiena eta utopikoena Abendualdiko bigarren igande honetan irakurriko duguna da.
Poema hau ulertzeko erarik hobena triptikotzat hartzea da.
Lehen taulak paraje suntsigarri bat eskaintzen digu: baso hondatu eta erraustu bat. Baina suntsipen horren barnean, lehen maila batean, bada enbor bat kimu bat nabari zaiona: enborra Jese da, Daviden aita, eta kimua errege bat da, errege judu handiaren antzekoa.
Bigarren taulan, ipuin miresgarri batean bezala, landare-kimuak giza forma hartzen du eta errege bihurtzen. Baina garrantzizkoena da, haren gainera Jainkoaren Espirituaren dohain guztiak datozela. Honela deskribatzen dira etorkizuneko buruzagiaren nolakotasunak: zuhurtasuna eta jakinduria, aholkua eta adorea, zientzia eta Jaunaren errespetua. Eta horiek guztiak zuzentasuna kudeatzearen zerbitzura ipintzen ditu. Etsaia orain ez da potentzia inbaditzaile bat. Jainkoaren herria nahasarazten duena, gaizkileen eta indarkeria-zaleen presentzia da, behartsuen eta babesgabeen zapaltzaileena. Zuzengabekeria hauek guztiak gainditzeari eskainiko dio erregeak bere ahalegin guztia.
Triptikoko hirugarren taulak segurutzat ematen du arrakasta, lurrean paradisuko egoera berrezarriz. Hau deskribatzeko, animalia indartsuen eta ahulen bikoteak aurkezten ditu (otsoa-bildotsa, pantera-antxumea, txahala-lehoia), guztiengan oldarkortasuna galdua delarik. Paradisuan gaudelako, eta animaliak guztiak landare-dieta moduzko batekin konformatzen direlako («lehoiak lastoa jango du idiarekin batean»), Hasiera 1,30ak proposatzen zuen idealari jarraituz. Eta guztien arteko batasunaren eta elkartasunaren adibide miresgarritzat, haur bat ageri da otsoen, panteren eta lehoien artzain; gainera, suge-zuloan eskua sartzen duen haurra ere ageri da. Beldurra, indarkeria ezkutatu dira lurretik. Eta hori guztia, honi esker: «lurraldea Jaunaren ezagutzaz beterik egoteagatik». Aurrerantzean ez da ongiaren eta gaizkiaren jakintzaren arbolatik nola jango antsiatu beharrik izango, antzinako paradisu hartan bezala. Jakintza sakonago bat da orain: Jainkoa ezagutzea, eta hori ez da gelditu hesiturik muga batzuen eremu debekatuan, baizik eta lur osoa blaitu du, urak itsasoa bezala.
Paradisuaren esperantza hau ez da gauzatu oraino. Konferentzian gaurko datu batzuk ikus daitezke. Baina Abendualdiak esperantzari eustera eragiten digu, eta egoera zuzengabeari erremedioa jartzera ahal dugun neurrian.
2.-Konbertsioa (Mateo 3,1-12)
Lehen igandeko ebanjelioak adi egotera gonbidatzen gintuen. Bigarren igande honetakoak konbertsiorako erregua dagigu, Joan Bataiatzailearen predikuan oinarriturik.
Mateoren ebanjelioa zehaztasun gabea da oso, Joanen jarduera noiz hasia den une historikoari dagokionez («aldi hartan»); baitan haren prediku-lekuari dagokionez ere: «Judeako basamortuan». Basamortuan predikatu izanak esan nahi du, predikaria ez datorrela bat Jerusalemgo apaizgoarekin eta erlijio ofizialarekin. Jainkoaren erregetzaren mezua ezin hots egin da, ez tenpluan, ez hiri santuan. Beste ingurumari batean hots egin behar da. Eta konbertsioaren seinalea ez da izango animaliak opari egitea, baizik eta bekatuak aitortzea eta bataioa.
Joan Bataiatzailearen mezua hitz gutxitan laburbildu du ebanjelioak: «Damutu zaitezte, hurbil baita Jainkoaren Erregetza». Konbertsiorako deia berariaz profetikoa da, baina Joanek berariaz apokaliptikoa den arrazoi bat gehitu du: «hurbil da Jainkoaren Erregetza». Gure XXI. mende honetan, esaldi hori ahoberokeriatzat eta barregarritzat hartzen ahal da. Lehen mendean, jende pobre, xume, erromatarrek eta hauen kolaboratzaileek zapalduari, mundu berri bat iragartzen dio Joanek, zuzentasuna, bakearen, lasaitasunaren, maitasunaren mundu bat, bere egiazko erregea Jainkoa izango duena. Horrek argitzen ahal du garaikideen artean izan zuen arrakasta: harengana jotzen zuen Jerusalem, Judea eta Jordanen ibar guztiko jendeak. Desiratzen duen eta buruzagi erlijiosoengan aurkitzen ez duen zerbait nabari du jendeak Joanengan.
Ebanjelioak, segidan, Joanen aurkaritza bortitz bat dakar fariseuen eta saduzearren kontra. Joanen hitzak agur batek eta beste bi zatik osatzen dute. Agurrak ez zuen irabaziko saririk erretorika-lehiaketa batean: Sugekumeok! Joan ez dabil jendea nola irabaziko; aitzitik, konbertitzera eragin nahi dio. Lehen zatiak beste arrazoi bat gehiago dakar konbertitzeko: zigorra berehala etortzea, eta zuhaitzak soiltzeko prest dagoen aizkorarekin konparatzen du. Eta gehitzen du, konbertsioak egitezkoa izan behar duela, egintzak dituena, fruitu ona ematen duen arbola bezalakoa; osterantzean, bota egiten da. Mehatxu honen aurrean, fariseuei eta saduzearrei ihesbide hau otu dakieke: «Israeldarrak gara, Abrahamen seme, eta ezin gerta dakiguke ezer txarrik, Jainkoak ez gaitu zigortuko». Joanek, ordea, antzinako profetek bezala, ohartarazten die konfiantza faltsu hori ez dutela ezertarako on izango.
Hitzaldiaren bigarren zatiak gogortu egin du mehatxu-tonuera. Mesiasen aitzindari izatearen misioaren beste alderdi bat bete nahi du Joanek: pertsonaia horretaz mintzo da, horren duintasuna («ni ez naiz inor horri oinetakoak eranzteko ere») eta ahala azpimarratuz («nik urez bataiatzen zaituztet; horrek Espiritu Santuaz eta suaz bataiatuko zaituzte»). Bataiatu hitzak «garbitu» esan nahi du (ebanjelioan esaten da, fariseuek platerak eta edalontziak «bataiatzen» dituztela»). Joanek uste du bere garbitzea leuna dela, uraz egina; Mesiasena, berriz, suaz egindako garbitzea izango dela. Sal 2.enean oinarrituz, testu batzuek honela irudikatzen zuten Mesias: makila eskuan, herri buru-gogorrak xehatzeko eta ontziteria bezala txiki-txiki egiteko. Joanek ez du aurkeztu Mesias makiladun, baserritarragoa den irudia erabili du: sardea du eskuan, garia eta lastoa bereizteko, lastoa itzalezineko suan erretzeko.
Aurreko datuak batuz, bi irudi ikaragarri dauzkagu, konbertsiora gonbidatzeko: ezertako on ez diren arbolak botatzeko prest dagoen aizkorarena eta lastoa bezalako direnak sura botatzeko sardearena.
3.-Harrera (Erronatarrei 15,4-9)
Lehen kristau-elkarteak jatorri oso desberdineko bi taldek osatzen zituzten: juduek eta paganoek. Juduenak bere burua goragokotzat emateko joera zuen. Paganoenak, berriz, erreakzioz, judu-jatorriko kristauari uko egiteko joera. Testuinguru honetan kokatzen da Pauloren irakurgaia. Gaur egun ez dugu bizi problema hori, baina izan ditzakegu antzeko beste batzuk, kristauak banatzen dituztenak, arazo arrazazko, politiko edo kulturalengatik.
José Luis Sicre