Abendualdiko 1. igandea A 2016-11-27
HOMILIA
Anai-arrebok!
Abendualdia aro berezia da; zain-zain egoteko aroa. Antzinako israeldarrak mende askotan egon ziren zain, mesiasen zain, salbatzailearen zain.
Pentsatzekoa da, israeldarrak ez ezik, jende asko eta asko biziko zela bizitza hobeago baten zain. Pentsatzekoa da, gaur ere jende asko eta asko biziko dela bizitza hobeago baten zain, nahiz ez bizi kristauok bizi ohi dugun abendualdirik.
Baina gatozen gaurko irakurgaietara. Isaias profetak, Espirituak argiturik, bukaturik ikusi ditu juduek bizi dituzten gerlak eta istiluak. Jerusalem hiria distiratsu ikusi du. Jende guztiak hara jotzen du. Jerusalemdik aterako da benetako hitza, uste du profetak. Herri guztien hiri izango da.
Uste horrek eraginik biltzen ziren Jerusalemen juduak urtean hiru aldiz. Batez ere, Etxolen Festa ospatzen zutenean. Jainkoaren maitasunaren berri ona entzutera biltzen dira. Jainkoak guztiekiko duen adiskidetasunaren berri ona entzutera.
Jerusalem hiri horretara gonbidatzen gaitu gu ere. Jakina, Jerusalem hiria sinbolo bat da: «Zatoz Jakoben etxera, ibil gaitezen Jaunaren argian». Bi mezu datoz hemen: batetik, zatoz Jainkoaren elkartera; bestetik, ibil gaitezen Jainkoaren argian. Saia gaitezen elkartea maitatzen. Bila dezagun Jainkoaren argia; ez zaigu etorriko Jainkoa linterna batekin: eguneroko gertakizunen bidez, liburu santuen bidez, elkartearen bidez argitu gaitu.
Ebanjelioari dagokionez, testu hau ez da inori beldurra emateko. Jesusen etorrera iragartzen digu. Jesusen etorrera.
Hiru aldi edo arotan imajina genezake Jesusen etorrera.
Batetik, duela bi mila urte etorri zen Jesus. Zoritxarrez, dakigun bezala, oso jende gutxik egin zion harrera ona.
Bigarren, Jesusek ez gaitu bakarrik utzi. Etorri dator beti. Gurekin bizi da. Gogoratzen al zarete, Jesus hil ondoren, Emausko bi ikasle haiei gertatu zitzaiena? Hasiera batean ez zuten ezagutu. Beste askori ere halaxe gertatu zitzaien. Guri ere askotan gertatzen zaigu horrelakorik. Sinesten al dugu benetan, Jesus gure artean bizi dela, gure artean eta gutako bakoitzaren bihotzean? Baldintza batzuk behar izaten dira, hura ikusteko. Bila ibili beharra. Laguni entzun beharra. Otoitz egin beharra.
Hirugarren, egun batean behin betiko etorriko da gure bila. Ez dugu zertan jakin mundua noiz bukatuko den. Bakoitzaren kasuan, gutako bakoitza Artzain onak bezala Aitagana lepoan eramango gaituenean izango da azken eguna.
Gertatzen da, gaurko gizartean, ez dugula hitz eta entzun nahi izaten azken horretaz. Ahaleginak egiten ditugu heriotzaz ere ahal den gutxiena hitz egiteko. Ostrukarena egiten dugu; burua harean estali, arriskurik ez ikusteko. Marcel Proust frantses idazle kritikoaren esana harira datorkigu: «Bila ibiltzeko egiazko bidaia ez datza paisaia berrien bila ibiltzean, baizik begi berriak izatean».
Anai-arrebok, ez da hori ebanjelioan Jesusek esaten diguna. Adi egon. Erne egon. Esaten digu. Kontua ez da, ordea, estu eta larri bizitzea. Kontua da, adi egotea, mundu hau munduago eginez. Erne bizitzea, mundu honetan miseria gero eta txikiagoa izan dadin saiatuz.
Kristauok Jesus hartu behar du eredu. Kristau ez direnek nahasi gaitzatela Jesusekin. Horrelako zerbait esaten digu Paulok: «Jantzi zaitezte Kristoz, mozorrotu zaitezte Jesu Kristoz». Poztu gaitezen, geure esperantza Jesus dugulako, geure argia Jesus dugulako.
Dionisio Amundarain