ABENDUKO LEHEN IGANDEA A
Lehen irakurgaia
( Herri guzien biltzea eta betiko bakea )
Izai profetaren liburutik 2,1-5
1 Izai, Amozen semeak, Juda eta Jerusalemez ikusia:
2 Azken egunetan, Jaunaren etxea dagon mendia
mendien kaskoan ezarria izanen da,
eta mendixka guzien gainetik.
Jendalde guziak hartarat etorriko dira trumilka.
3 Herri asko joanen dira eta erranen dute:
“ Zatozte, igan gaiten Jaunaren mendirat,
Jakoben Jainkoaren etxerat.
Berak erakutsiko dauzkigu bere bideak,
eta haren bidexketan ibiliko gira.
Ziondik jaliko baita Legea, eta Jerusalemetik Jaunaren Hitza.”
4 Jauna juje izanen da jendaldeen artean,
herri askoren arteko jujari.
Ezpatak golde-nabar eginen dituzte, eta lantzak igitai.
Ez du herriak herriaren kontra ezpatarik altxaturen,
eta ez dute gehiago gudukatzen ikasiko.
5 Zato, Jakoben etxea, ibil gaiten Jaunaren argitan.
Izai Jerusalemeko profeta zen, Jesu Kristo aitzineko 8. mendean. Mikea profetaren
liburuan ere irakurtzen ditugu hitz berak. Zinez Jerusalemek behar zituen hitz horiek entzun,
orroitarazteko Jainkoaren xedea zer zen.
Izaik erraiten dauku Jainkoaren xede handia geroko egunetan beteko dela. Abendoko
irakurgai guziak geroaz mintzo dira. Gaurko testua hunela hasten da : « Azken egunetan…»
Hori Jainkoaren agintza da. Profetak ez dira sorginak geroaren asmatzeko, heien misionea da
Jainkoak hitzemaiten duenaren adiaraztea; Jainkoaren partez mintzo dira.
Jainkoaren xedea bakezko xedea da. Irudi ederretan da geroko bakea: «Espatak goldenabar
eginen dituzte eta lantzak igitai. Ez du herriak herriaren kontra ezpatarik altxatuko eta
ez dute gehiago gudukatzen ikasiko . »
Profeta Jerusalemen bizi zen, eta urte guziz larrazkenean egiten zen besta baten lekuko
zen : Etxolen besta. Zortzi egunez jendea etxoletan bizi zen, hirian basamortuan bezala,
orroituz Sinaiko egunetaz. Besta horien karietarat, Jerusalemen jende gaitza biltzen zen,
alderdi guzietarik jinik, Judu eta arrotz.
Urte guziz biltzar hori ikusiz, Izairi bertze biltzar bat gogoratzen zaio : Izpiritu
Sainduak argiturik, jakinarazten du egun batez izanen dela beila handi bat mundu guziko
jendea bilduko duena. Tenploa ez da bakarrik Izraeleko populuarendako egina, bainan gizadi
osoarendako, entzunen duelakotz Jainkoaren amodioaren berri ona.
Izairen lerro hauiek garbiki erakusten daukute Jainkoak duen adixkidetasuna gizadi
osoarekin.
Alde batetik, Jainkoak hautatu du Izrael harekin elkargo egiteko, eta aldi berean elkargo hori
gizadi osoarendako da. Nozbait populu guziek Jainkoa ezagutuko dute eta hari konfiantza
eginen. Izaik erraiten du hautatuko dutela juje gisa: « Jauna juje izanen da jendaldeen artean
». Jainkoa bera balinbada juje, bakeak iraunen du: Jendalde guziak hartarat etorriko dira
trumilka… erranen dute: « Zatozte, igan gaiten Jaunaren mendirat, Jakoben Jainkoaren
etxerat. Berak erakutsiko dauzkigu bere bideak.» Azken hitz horiek erakusten daukute,
elkargoa ez dela bakarrik Izraeleko populuarendako bainan denendako.
Testoak segitzen du erranez: « Ziondik jaliko baita legea eta Jerusalemetik Jaunaren
hitza. » Hitz horiek erran nahi dute Izrael hautatua dela, beraz baduela erantzukizun handia,
hautatua delakotz. Hautu horrek egiten du populu hori Jainkoaren lankide.
Azken erran-aldiak bururatzen du testoa, gomita eginez: « Zato Jakoben etxea, ibil
gaiten Jaunaren argitan.» Hemen iduriz bi mezu badira, alde batetik elkargoa, bestetik:
“ibiltzea Jaunaren argitan”, elkargoaren legearen araberan.
Salmoa 121
Leloa : Piztu naiz, piztu, baitut entzun:
Goazen Jaunaren etxeraino.
Piztu naiz, piztu, baitut entzun: Goazen Jaunaren etxeraino.
Hara non orai bagaitutzun, Jerusaleme, atetan so.
Jerusaleme, hiri gaitza. Denen biltzaile den bihotza
Jaunaren haurrak, haurrak oro, Horrat doatzi lerro lerro.
Jaun izenari zor bezala, Kantatu behar diotela.
Hor du zuzenak zuzen alki, Dabiden semeak hor egoki.
Jerusalemek, otoi, bake. Zuri daudenak bozik beude.
Bake dadila zure baitan, Egun gozoak jauretxetan.
Anaien eta denen alde, Otoizka diot: zuri bake!
Jainko Jaunaren etxeari, Zerutik, otoi, on-iturri.
Norbaiti « Shalom » erraiten diogularik, hau diogu : « Bakea izan dadila zure baitan,
egun gozoak zure etxean. » Hemen, desira hori Jerusalemeko hiriari egina da: « Jerusalemek,
otoi, bake. Zuri daudenak bozik beude. » Jerusaleme izena Shalom hitzaz egina da eta
Shalomek bake erran nahi du. Jerusalemek bakearen hiria izan behar du. « Hiri saindua »,
zeren Jainkoaren hiria baita.
Dabidekin eta gero Salomonekin, Jerusalemek ezagutu zituen egun ederrenak. Ez zen
halere, haren boterea urrun hedatu. Dabidek eraiki zuelarik bere jauregia, nahi ukan zuen
eraiki Tenploa, Jainkoak ere ukan zezan bere jauregia. Bainan Jainkoak bertze xede batzu
bazituen. Natan profetak erran zion Jainkoak axola gehiago zuela populuaz Tenploaz baino,
hau biziki ederra izanagatik ere : Natanek Dabideri erran zion : Nahi diozu eraiki Etxea
Jainkoari, Jainkoak dauzu eraikiko etxe bat, erran nahi baita ondore bat. Jainkoak hitzeman
zuen Dabiden ondorea luzatuko zuela eta haren ondoreak zabalduko zuela Jainkoaren
erresuma lurrean, Jerusaleme ezarriz haren errege-alki. Azkenean ez zuen Dabidek eraiki
Tenploa bainan Salomonek, eta geroztik Jerusaleme izan zen kultu-leku bakarra. Urtean, hiru
aldiz, juduak Jerusalemerat joaiten ziren, beilaz, bereziki Etxolen bestako.
Jerusalemeko hiria ezin ahantzizkoa da, baitakigu Jainkoak ez duela ahanzten ahal
Dabidi egin zion agintza. Izaik, eta partikulazki Mikea profetak jakinarazi zuen Jerusaleme
izanen zela gizadi guziaren bil-tokia. Jainkoaren hitzak betiko dirau : populu hautatuarendako
Jainkoa beti leial egonen da. Jondoni Paulok erraiten duen bezala: «Jainkoak ez du bere burua
ukatzen ahal . »
Bigarren irakurgaia
( Eguna hurbil )
Jondoni Paulok Erromanoeri 13,11-14
Haurrideak,
11 jakin zazue: tenorea dugu lotarik atzartzeko.
Sinesten hasi berri hartan baino hurbilago dugu orai salbamendua.
12 Gaua badoa, eguna hurbildua da.
Ken ditzagun ilunbeetako egintzak,
13 eta jantzi egun argitako armak.
14 Egun argiz bezala, ibil gaitezen oneski,
ez ase-joko eta mozkorkerietan, ez lizunkeria eta lohikerietan,
ez aharra eta bekaizkerietan,
bainan jantzi Jesu Kristo gure Jauna.
« Sinesten hasi berri hartan baino hurbilago dugu orai salbamendua .» Jondoni Pauloren
hitzek egia erraiten dute. Gure sinestea ez da beti berriz hastea, bainan dugun fedean segitzea,
zeren Jainkoaren xedea beti aitzinatuz baitoa, emeki bainan segurki. Girixtinoek ez dute
dretxorik mokor egoiteko zeren « salbamendua egun guziz hurbilago baita .»
Jainkoaren salbamen xedeak gure beharra badu, ez da beraz lo egiteko tenorea. Gure
loek eta
alferkeriek, Jondoni Paulok erraiten duen bezala, badituzte ondorioak, Jainkoaren xedearen
aitzinamenduarendako. Lo uzten baditugu gure ahalak, gibelatzen dugu Jainkoaren xedea.
Jondoni Paulok erraiten dauku, gaua ixtantian bururatua dela eta eguna hurbildua. Ez gaiten
urgulutan sar. Pentsatzen dugu menturaz gure bizi-moldeak kanbiatzen ahal duela Jainkoaren
xedea. Eta bizkitartean, gure egin-moldeak emaiten diote gure biziari handitasuna eta balioa.
Gure egun guzietako harat hunatek badute inportantzia handia. Jondoni Paulok erraiten
dauku: « egun argiz bezala ibil gaiten oneski, ez ase-joko eta mozkorkerietan, ez lizunkeria
eta lohikerietan. »
« Ken ditzagun ilunbeetako egintzak eta jauntz egun argitako armak ». Hitz horiek bi
erakaspen emaiten dituzte :
– Lehena: egun guziz bi bide baditugu eta hautu bat egin behar dugu, uko eginez gaizkirat
eremaiten gaituen bideari. Ainitz gudu behar dugu egin gure usaia tzarren kontra: «
Jainkoaren haurrak, hor zaitezte errebelatuen erdian eta zuek agertzen zirezte munduan
argiaren iturria bezala, zuek ekartzen dituzue biziaren hitzak » (Flp 2,12)
– Bigarrena: « Jauntz egun argitako armak. » Gerlaz mintzo da hemen, gaizkiaren
kontrako borrokaz. Mintzatzen delarik argitako jauntziaz, erran nahi du estaliak girela
argiaren jauntziaz, soin-gaineko batekin estaliak giren bezala: « Jantz Jesu Kristo gure
Jauna… Ken ditzagun ilunbeetako egintzak, jauntz egun argitako armak .» Hemen aipatzen
dauku menturaz gure bataioa. Bataioa emaiten zen urperatzea eginez. Bataio lekuan, urean
sartzeko, arropak kentzen zituen bataiatu beharrak, eta beztitzen zen arropa xuri batez, seinale
hantik aitzina gizon berri bat izanen zela. Gudu hori gure indarra baino handiagoa da, ez da
gure gudua, bainan gure baitan den Jesu Kristorena.
Ebanjelioa
Alleluia, alleluia
Ager betiko bihotz ona, Salbamendua igor, Jauna!
Jesu Kristoren Ebanjelioa jondoni Matiuren liburutik 24,37-44
Jesus bere etortzeaz mintzo zitzaioten bere dizipulueri:
37 “ Noeren egunetan gertatu zen bezala izanen da
Gizonaren Semearen etortzea.
38 Uholde aitzineko egunetan jaten eta edaten zuten,
eta ezkontzen ziren, Noe untzian sartu zen eguneraino.
39 Eta deuseri ez ziren ohartu,
denak ereman zituen uholdea etorri arte:
hola izanen da Gizonaren Semearen etortzea ere.
40 Orduan bi gizon izanen dira alorrean:
bat hartuko dute, eta bestea utziko.
41 Bi emazte ehotzen ariko dira eiheran:
bat hartuko dute, eta bestea utziko.
42 Zaudezte beraz erne,
ez baitakizue zein egunez etorriko den zuen Jauna.
43 Hau badakizue:
etxeko nagusiak balaki gaueko zein tenorez etorriko den ohoina,
atzarririk lagoke, eta ez lezake utz bere etxearen zilatzera.
44 Beraz zuek ere zaudezte prest,
uste ez duzuen tenorean etorriko baitzaizue Gizonaren Semea.”
Testo hau ez da gure izitzeko izkiriatua bainan argi baten emaiteko. Idazki mota hauek
deituak direla « apokaliptikoak », erran nahi baita gordeak izan diren gauzen agertzea, egiaren
agertzea : Jesu Kristoren jitea.
Jesus geroaz mintzo da : « Gizonaren semea jinen da ». Ez da oraiaz ari, bainan geroko
etortzeaz, ez sortzeaz. Testo horiek irakurtzen ditugu , edo fedearekin, edo hastapeneko
sugeak bezala, mesfidantza batekin. Jesusek zerbait erraiten daukularik, Jainkoaren xede ona
argitan ezartzen du. Beraz ez gaiten izi.
Hemen, Jesusek kontseilu bat emaiten dauku Noeren etsenplua hartuz. Gogoan atxiki
behar da, Noeren denboran nehork ez zakiela gertatuko zenaz deusik. Noe justua zen eta hura
izan zen salbatua. Beraz, justua salbatua izanen da.
Usaiako gai bat badugu hemen, jujamenduarena, onak gaixtoetarik berexiak izanen
direla, eta hazi ona belar tzarretik: « Orduan bi gizon izanen dira alorrean, bat hartuko dute
eta bestea utziko. Bi emazte ehotzen ariko dira eiheran, bat hartuko dute eta bestea utziko.»
Aipatzen dugularik ona gaizkitik berextea, hazi ona eta belar tzarra gogoratzen zaizkigu. Gure
baitan da ona tzarretik berexia izanen. Gauden beraz erne, Jesusek erraiten duen bezala, prest
izan gaiten « Gizonaren semea jinen deneko.»
Jesusek, bere buruarendako erraiten du : « Gizonaren semea » ; hiru aldiz hemen berean.
Haren entzuleek mintza-molde hori ezagutzen zuten, bainan Jesus bakarrik da hola mintzo.
Matiuk 30 aldiz erabiltzen du Daniel profetak (bigarren mendean) asmatu erran-molde hori.
« Gizonaren semea » izan daiteke presuna bat (Jesus bera hedoietan barna etorriko dena)
bainan ere presuna talde bat « Goi-goikoaren sainduen herria » (Danielen hitzetan). Jesusek
erraiten duelarik bere buruarendako Gizonaren semea , entzuleak harrituak dira zeren
baitakite Gizonaren semea populu guzia dela bainan, denbora berean, salbatzaile dela gizadi
guziarendako. Halaber Jondoni Paulok Adam berria aipu duelarik, adiarazi nahi du Jesu
Kristo gorputz baten burua dela eta gu haren menbroak. Eta San Agustinek dio Jesu Kristo
buru eta gorputz dela : Menbroak lurrean direla oraino, burua aldiz jadanik zeruan .
Erraiten dugularik : « Zorionaren beha gaude zu etorri artean » Jesu-Kristo osoaz mintzo
gira. Orduan hobeki ulertzen dugu Jesusek diolarik geroan etorriko dela. Jesus gizona jadanik
jina da, bainan kristo osoa sortzen ari da. Sentsu berean Jondoni Paulok idazten du :
« kreazione guzia intzirika ari da, oraino dirauten erdiminetan.»