Urteko 33. igandea C 2016-11-13
HOMILIA

Anai-arrebok!

Liturgi urtearen azkenetan gaude. Datorren igandea Kristo Errege Eguna. Y gaur hamabost abendualdiaren lehen igandea: liturgi urte berriaren lehen eguna.

Esango litzateke, gure liturgiaren joan-etorriari begira jarrita, amairik gabeko joan-etorri biribiltzat-edo hartzen dugula historia guztia kristauok: bukatzen ez den eta joan-etorri dabilen zerbait biribiltzat. Hala hartzen dute historia erlijio batzuek: jirabira dabilen historia patxadakotzat.

Kristauontzat ez da horrela. Tirandura bat da guretzat historia, tentsio bizi bat. Badatorren salbazioaren zain bizitzea da guretzat historia. Badatorren historia pazientziaz eta iraupentsu egiten eta gauzatzen ari garen historia da. Jainkoa gauzatzen ari den eta gu geu gauzatzen ari garen historia da.

Itun Zaharrean, Noeri gauza berri bat eskaintzen dio Jainkoak mundu zaharra deseginez. «Irten zaitez ontzitik [bertan diren guztiekin]. Zabaldu bitez munduan, sortu umeak eta ugaldu» (Hasiera 8,16-18).

Abrahami bere mundutik irteteko eskatu dio Jainkoak lur berri eta hobe bat eskainiz. «Utzi zeure lurra… eta zoaz nik erakutsiko dizudan lurraldera» (Hasiera 12,1).

Profetek bizi-bizi eutsi diote tirandura edo tentsio honi, irrikazko joera eta jarrera honi. Adibidez: «Kimu bat aterako da [Daviden aita den] Jeseren zuhaitz-hondotik, adaxka bat erneko da haren sustraietatik» (Isaias 11,1).

Jesusek bere piztuera eta munduaren mundu berria izan ditu gogoan bere bizia ematean. «Gizonaren Semea… hil egingo dute, baina hirugarren egunean piztu egingo da» (Mateo 17,22-23).

Itun Berriak zeru berria eta lur berria proposatzen eta eskaintzen dizkigu: «zeru berria eta lur berria ikusi nituen, suntsituak baitziren lehengo zerua eta lehengo lurra» (Apokalipsia 21,1).

Gaurko ebanjelioan, Jesusek Jerusalem hiriaren hondamendia eta munduaren azkena iragarri ditu. Lukasek bere ebanjelioa idatzi duenean, Jerusalem hiria suntsitua zegoen ordurako. Halere, ebanjelariak Jesusen hitz horiek beren hartan gorde ditu. Hain zuzen ere, Jesusen hitzek esanahi berezia dutelako. Askotan eman nahi izan zaiena ez bezalako bat. Ikasleek beste jakin-min bat dute: «noiz gertatuko da hori guztia?» Gaurko egunean ere ez da falta horrelakorik. Adibide bikaina dugu Jehovaren testiguena. Ba al dakizue zein izan duten azken iragarpena munduaren azkenaz? Joan den mendearen, XX. mendearen, erdi aldera iragarri zuten, munduaren azkena 1984an izango zela.

Jesusen mezua beste bat da. Jerusalem desegingo dute. Munduaren azkena etorriko da. Gerlak eta lurrikarak eta urakanak eta bestelako hondamendiak ez dira izango munduaren azkenaren seinale. Azken hori baino lehen, pertsekuzio eta neke handiak jasan beharko dituzue. Izan PAZIENTZIA. Izan EROAPENA. Izan EUSPENA. Izan IRAUPENA.

Horra, senideok, Jesusen mezua gaurko ebanjelioan. Baina mezua ez da hor bukatzen. Batetik, dio: «Hori guztia zeuen testigantza egiteko aukera izango duzue. Kartzela, pertsekuzioa, sufrimendua: dena ez da gauza ezkorra: Jesusez eta haren heriotzaz eta piztueraz testigantza egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Bestetik, konfiantza eta esperantza izateko eskatu digu: «zuen buruko ile bakar bat ere ez da galduko; zeuen pazientziaz eta iraupenez salbatuko duzue zeuen arima».

Azkenik, konfiantza eta esperantza horiei dagokienez, ez genuke ahaztu behar lehen irakurgaian Malakias profetak esan diguna: «Nire izena ohoratzen dutenak hegoetan osasuna daraman zuzentasunaren eguzkiak argituko ditu».

Anai-arrebok, gora bihotza, eutsi goiari, ez gara bizi bakarrik mundu honetan. Zuzentasunaren eguzkia den Jesus dugu geure gidaria, geure bidea, geure egia, geure bizia, geure indarra, geure kontsolamendua.

Dionisio Amundarain