Urteko 32. igandea C 2016-11-06
HOMILIA

Anai-arrebok!

Saduzearren itsutasuna oso baliagarria izan da guretzat. Saduzearrak Jesusen garaiko talde nagusietako bat zen. Ez zuten sinesten, ez piztueran, ez betiko bizian. Soilik, bizitza honetan sinesten zuten: diruan eta boterean. Gainera, uste zuten, aberats izatea Jainkoaren bedeinkazioaren seinalea dela. Barre egiten zioten israeldar askok piztueraz zuen fedeari.

Beste talde handi bat, fariseuena zen. Hauek sinesten zuten piztueran. Baita betiko bizitzan ere. Baina uste zuten, betiko bizitza hori mundualdi honetako bizitzaren kopia bat izango dela; klon bat-edo. Bizi hau bezalakoa izango dela.

Esan behar da, piztuerari buruzko fedea, israeldarren artean, oso berandu sortu zela. Bi liburutan ageri da aipamen garbirik piztueraz: Daniel 12,1-4an (K.a. II. mendearen hasierakoa da liburua) eta 2 Makabearren liburuan, gaurko lehen irakurgaian (liburu hau ere K.a. II. mendean idatzia da, mendearen bukaeran). Nola sortu zen? Segur aski, gogoeta honetatik: Jainkoak ezin utzi ditu betiko galtzen, beragatik eta beraren aginduen alde bere bizia ematen duen jendea.

Saduzearrek egindako galderaz baliatu da Jesus bi gauza azpimarratzeko. Alde batetik, esan die, Jainkoa bizidunen Jainkoa da, eta ez hildakoen Jainkoa. Bestetik, piztueraz lortutako bizia ez da mundualdi honetakoa bezalakoa. Pizten direnak ez dira ezkontzen. Aingeruak bezala bizi dira.

Senideok, puntu eta sinesmen hau azpimarratu beharra dugu: Jainkoa bizi direnen Jainkoa da. Baina bizi hori nolakoa den ez dakigu. Jainkoa bera, bere baitan, bere izaeran, bere esentzian, zer den ez dakigu. Baina Jainkoa bada. Jainkoa maitasun da. Erruki da. Piztua den Jesus ere bada. Ez dakigu bizi hori nolakoa den. Gauza bera berpizten diren gizon-emakumeen kasuan ere: badira; ez dakigu nolako bizia duten.

Hain juxtu, heriotzaz eta piztueraz hitz egitean ez dugu hitz egiten gaur egun garai bateko ziurtasun eta zehaztasunez. Bizitzeko kreatuak gara, esaten dugu gaur, eta biziaren aldeko apustua egitea dagokigu mundualdi honetan berean.

Zaila dela? Bai. Baina geurekin dugu Jesus berpiztua, nola ez badakigu ere. Hona Carmelo Urso kazetari eta idazle venezuelarrak dakarkigun parabola anonimo eder bat.

«Gau batean amets egin nuen, hondartzan nenbilela Jainkoarekin. Ibilaldikoan, nire bizitzako pasadizo asko zeruko pantailan proiektatzen ziren.
Pasadizo bakoitza gertatu ahala, nabaritzen nuen hanka-arrasto batzuk eratzen zirela hondartzako harean: batzuk nireak ziren eta besteak Jainkoarenak.
Batzuetan, bi arrasto-pare agertu ohi ziren eta beste batzuetan pare bat bakarrik. Honek asko kezkarazi ninduen; zeren eta konturatu bainintzen, nire bizitzako eszenarik tristeenak islatzen zituztenean, penaturik, larri eta jota sentitzen nintzenekoak islatzen zituztenean, soilik arrasto-pare bat bakarrik ageri ohi zela harean.
Orduan, esan nion Jainkoari: “Jauna, Zuk promes egin zenidan, zuri jarraitzen banizun, nire ondoan ibiliko zinela zeu ere. Baina, nabaritu dut, nire bizitzako unerik zailenetan, arrasto-pare bat bakarrik gelditzen dela harean. Zergatik, zure premiarik handiena nuenean, ez zinen ibiltzen nirekin?»
Eta berak erantzun zidan: “Ene seme. Mugarik gabe maite zaitut nik, eta inoiz ez zaitut utziko bakarrik une zailetan. Harean hanka-marka pare bat bakarrik ikusten zenuenean, neure besoetan hartzen eta eramaten zintudalako zen…».

Senideok, Jainkoa bizidunen Jainkoa da, eta bizirik ikusi nahi gaitu. Eta berak digu eusten eta eusten, bera delako bizia. Bizia ez ezik, baita bizirik jarraitzeko egia eta bidea ere. Ez diezaiogun uko egin berak luzatzen eta eskaintzen digun eskuari.

Dionisio Amundarain