Nola hartzen dugu piztuera:
serioski ala txantxetan?

Urteko 32. igandea C. (2016-11-06)

Agian, zenbait jendek erantzun liezaioke galdera horri: «ez serioski, ez txantxetan, ez zait axola». Alabaina, ostrukak bezala, burua harean ezkutatzea ez da erarik hobena giza bizitzako galdekizun handienetako honetara, handienera ez esatearren, hurbiltzeko: hil ondoren ba ote da ezer? Igande honetako irakurgaiek bi jarrera oso desberdin eskaintzen dizkigute: gaiari oso serios heltzen diotenena (Makabearren liburuko zazpi anaiena) eta arazoaz txantxetan ari direnena (saduzearrena).

Israeldarrak eta piztueraz fedea

Jende askok pentsa lezakeenaren kontra, Israel herriak ez zuen izan piztueraz ideia argirik Jesusen aurreko mende guztietan. Aitzitik, jakindakotzat eman ohi zuten, gizakia, hiltzen zenean, Xeolera jaisten zela; eta han zoriontasuna ezinezkoa zen moduko biziera bizitzen zuela, Jainkoa ikusi gabe. Ezekias errege otoizlariak (K.a. VIII. mendean) jaulki duen otoitzak oso argi adierazten du iritzi tradizionala (Isaias 38,18-19).

Hildakoen Egoitzan ez dago zu goresterik,
hildakoek ezin zaituzte zu laudatu,
hilobiratuek ezin zure leialtasunean itxaron.
Biziek, biziek bakarrik, zaituzte goresten,
orain nik goresten zaitudan bezala.

Juduak piztueran sinesten, Itun Zaharreko azken mendeetan hasi dira; testigantzarik argienak K.a. I. mendekoak ditugu: Danielen liburuan eta Makabearren bigarren liburuan. Fede hau ezartzean eragin handia izan zuen, inolaz ere, ideia honek: Jainkoari eta haren aginduei leial izateagatik hil zirenek sari bat hartu beharko zutela beste bizian. Danielen liburuko azken ikuspena hitz hauekin bukatzen da: «Eta zu, Daniel, izan leial azkena arte. Orduan hartuko duzu atseden, eta garaiaren azkenean altxatuko zara saria jasotzeko» (12,13).

Piztuera serioski hartzen dutenak

Makabearren 2. liburuak, 7. kapituluan, legenda bat dakar amaren ondoan hil diren zazpi anaiez: horretan argi eta garbi baieztatzen da fedea piztueraz. Kapitulu horretako zati bat da igande honetako lehen irakurgaia.

Piztuera txantxetan hartzen dutenak: saduzearrak

Piztuerari buruzko fedea bete-betean onartu zuten fariseuek. Saduzearrek, berriz, uko egin zioten, berritasuna omen zelako, eta ezbaia eragin zuten Jesusekin gaiaz. Jesusen garaiko talde erlijioso-politiko handietako bat eratzen zuten saduzearrek; beste hiru talde handiak fariseuak, esenioak eta sikarioak edo zeloteak ziren. Saduzear izena Salomonen garaian apaiz nagusi izan zen Sadok-en izenetik dator. Alderdi hau gehienbat apaizek osatzen zuten; baziren, ordea, tartean sekularrak ere. Ezaugarririk nagusiena, aristokraziakoak izatea zuten. Bereziki, aberatsen aldeko dira; herria ez dute beren alde. «Doktrina hau jende gutxik aitortzen du, baina gizarte-egoera altukoak dira» (Flavio Josefo, Antigüedades de los Judíos XVIII, 1,4).
Aristokrata izatearen ezaugarriaz gain, bazuten beste ezaugarri bereizle bat ere: lotesletzat Torah idatzia bakarrik aitortzen zuten (Pentateukoa) eta uko egiten zioten denbora joan ahala gehituz joanak ziren legearekiko iruzkinak. Esandakoaren ondorioz, beren ikuspen erlijiosoa guztiz kontserbadorea zuten: 1) ukatu egiten zuten gorputzaren piztuera, baita edozein motatako superbizipen pertsonal ere; 2) ukatu egiten zuten aingeruen eta espirituen existentzia; 3) baieztatzen zuten «ongia eta gaizkia gizakiaren aukera direla, eta honek bere gustura egin dezakeela bata zein bestea; ondorioz, Jainkoak ez duela inolako eraginik gizakiaren egintzetan, eta gizakia bera dela bere zori onaren edo txarraren kausa.
Jesusengana hurbildu direnean, ez dizkiote aurkeztu hiru arazoak, baizik lehena bakarrik: piztuerarena.

Saduzearren argudioa: leviratuaren legea

Aurkeztu duten argudioa oso laua da; laua baino gehiago, ironikoa, antzinako lege batean oinarritua. Israelen, asiriarren eta hititen artean bezala, familia-ondasunen ondorezkoa eta egonkortasuna lege baten bidez bermatu nahi izan zuten, latineko «leviratuaren legea»delakoaz (levir, koinatua), honela dioenaz:

«Bi anaia elkarrekin bizi eta bietako bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, alarguntsa ez da beste senitarteko gizon batekin ezkonduko; koinatua ezkonduko da berarekin, koinatuari dagokion eginbeharra betez. Emakumeak izango duen lehen-semeak hildako anaiaren izena hartuko du; horrela, ez da haren izena israeldarren artetik ezabatuko» (Deuteronomio 25,5-6).

Saduzearrak, garaiko juduen artean aski hedatua zegoen ustetik abiatzen dira: ezkontza-bizitzak bere horretan jarraitzen zuela piztuera ondoren. Hartara, nola konpontzen ahal da emazte bat bera izan duten zazpi anaien kasua? Saduzearren galdera burutsua da; ez dute, berez, piztuera ukatzen; aitzitik, onartu egiten dutela ematen du («piztuko direnean»); baina hain handia den zailtasun hori proposatzen dute, non arerioa garaitu egin dutela uste baitute, piztuera hori ukatu beharra izateraino garaitu ere.

Jesusen erantzuna

Jesus honetara mugatu da: orainaldiko bizitzaren eta gerokoaren arteko alde errotikoa adieraztera. «Bizitzaldi honetan, gizon eta emakume ezkondu egiten dira; baina hildakoen artetik geroko bizirako eta piztuerarako duin joko direnak ez dira ezkonduko». Saduzearrentzat, geroko bizia oraingoa berregite huts bat izango litzateke (emakume askok eta baita gizonezko askok ere esango luke: horretako ez du merezi piztea). Jesusentzat, berriz, harremanak erabat aldatuko dira: gizon eta emakume, «Jainkoaren aingeruak bezalako» izango eta biziko dira.
Aingeruekin konparatze hau ulertzeko, juduen aldez aurreko idazki batzuek, adibidez Henok-en Liburuak, islatzen duten burubide dualista hartu behar da kontuan. Burubide horretan bi izaki-mota bereizten dira: haragizkoak (gizakiak) eta espiritualak (aingeruak). Lehenengoek ezkondu beharra dute, ugaltzea bermatzeko. Bigarrengoek ez dute halako beharrik. Lehenengoei, Jainkoak «emakumeak eman dizkie ernal ditzaten eta seme-alabak izan; egintza guztia agortu ez dadin». Eta aingeruei esan diete: «Zuek, hasieran, espiritualak izan zineten, betiko bizia, hilezkorra, zenutela, munduaren belaunaldi guztietarako. Horregatik ez dizuet eman emakumerik, zeruko espiritualen egoitza zeruan dagoelako» (Henok 15,4-7). Testu honetan, ugaltzearen ikuspegitik bakarrik hartzen da emakumea, eta ezkontzak ez du beste xederik: gizakiaren superbizipen hutsa.
Testu honen argipean, aingeruekin konparatzeak esan nahi du, gizadia forma berriko beste existentzia berri batera igaroko dela, existentzia hilezkorrera, zeinetan ez baita izango ugaltzen jarraitu beharrik. Jesusen hitzetatik ezin atera da beste ondoriorik berpiztuen bizitzaz. Soilik, saduzearrek agertu eta bizi duten nahasmendua argitu nahi izan du; saduzearrek eta garaikide gehienek puntu honetan. Arraroa dena, hau guztia Jesusek aingeruengan ere sinesten ez duen talde erlijioso bati esan izana da.

Piztuera

Zailtasuna askaturik, piztuera badela probatzera jo du. Rabinoek piztuerari buruzko fedea hiru baliabidetan oinarritzen zuten:

1) Liburu Santuko aipamenak (hurrengo ataltxoak ikusi ahalko dituzu);
2) hildakoen piztueraz Itun Zaharrak dakartzan kontakizunak (Eliasena eta Eliseorena);
3) arrazoizko argudioak.

Jesus hiru horietako lehenaz bakarrik baliatu da; Jainkoak Moisesi esandako hitzez, sutan zen sasian agertu zitzaionean: «Abrahamen Jainkoa naiz ni, Isaaken Jainkoa eta Jakoben Jainkoa». Komeni da gogoan hartzea, judu orok egunean hiru aldiz errezatu behar izaten zituen hemezortzi bedeinkazioetako bat eratzen zutela hitz hauek. Beraz, saduzearrek ezagutzen eta askotan errepikatzen zituzten hitzak ziren, baina haietatik ondorio logikorik atera gabe: «Jainkoa ez da hildakoen Jainkoa, baizik bizi direnen Jainkoa». Mentalitate kritiko bati, argudiatze modu hau harrigarriro ahula irudi dakioke. Alabaina, ez da hain ahula. Alderantziz, garbi jartzen du saduzearren ikuspuntuaren ahuldadea, hainbat gauza aitortzen baitute ondorioak onartu gabe. Debate teologiko baten ikuspuntutik, jatorragoa da dena ukatzea, zerbait baieztatu eta horri dariona ukatzea baino.
Urte batzuk geroago, Korintoko kristau batzuek saduzearren jarreraren antzekoa bizi zuten. Onartzen eta aitortzen zuten Jesus berpiztu zela, baina ukatu egiten zuten gainerakoak piztuko garela. Bizitza honetarako balios jotzen zuten ebanjelioa, baina ukatu behin betiko beste biziaz egiten duen promesa. Kontraesan horri egiten dio eraso Jesusek.
Nire interpretazioa zuzena bada, testu honek ez dio balio izango ateo bati piztuera badela frogatzeko. Jesusek saduzearrekin izan duen debatea fedearen mailakoa da, eta aurretiko egia batzuk onartzearen mailakoa. Testua, egokiago, fede-jendearentzat da, gu bezalakoarentzat, aitortzen duen fede horren ondorio logikoak ateratzeko dudak dituenarentzat.

Piztuera frogatzeko rabinoek erabili ohi zituzten testuak

Jakin-mina goxatzeko-edo bildu ditut testu hauek. Ikuspuntu kritiko batetik, batzuek ez dute baliorik, puntaren puntatik hartuak dira. Baliotsuena azkena da, Isaiasena. Gogora dezadan, juduek ez dituztela hartzen inspiratutzat Makabearren liburuak, eta, beraz, ez direla baliatzen gaurko lehen irakurgaiaz argudiatzeko.

Deuteronomio 4,4: «Zuek, Jaunari zeuen Jainkoari atxikirik iraun zenutenok, bizirik zaudete oraindik guztiok».
Deuteronomio 11,9: «Luzaro biziko zarete esnea eta eztia darizkion lurraldean, Jaunak zuen arbasoei, beraiei eta ondorengoei emango ziela zin eginez agindutako lurraldean».
Deuteronomio 31,16: «Jaunak esan zion Moisesi: “Begira, zeure arbasoekin atseden hartuko duzu”».
Isaias 26,19: «Zure hildakoak bai, berpiztuko dira, haien gorpuak altxatuko! Lurpean etzanak esnatuko dira eta pozez oihuka ekingo. Izan ere, zuk, Jauna, argia bidaltzen duzu ihintza bezala, eta lurpetik argira ateratzen hildakoak».

José Luis Sicre