Santu Guztiak (2016-11-01)
HOMILIA
Anai-arrebok!
Jai handia eta pozgarria ospatzen dugu gaur: SANTU GUZTIEN JAIA. Horien artean gure familiartekoak, gurasoak, anai-arrebak, adiskideak. Baina baita munduko azken txokoan bizi izan den gizon eta emakume xalo, apal, umil, maitale … hura ere.
Askotan, santuak esatean eliza katolikora mugatu izan gara. Baina katoliko hitzak esan duena hartu behar dugu kontuan: cat-holiko da hitza; holos-etik dator; holos horrek guztiak esan nahi du.
Santu Guztiak ulertzeko moduak garrantzi handia du. Jainkoaz dugun irudia edo imajina islatzen du. Eta
Jainkoa ez da Eliza Katolikoarena bakarrik.
Jainkoa ez da kristauena bakarrik.
Jainkoa ez da gurea bakarrik: guk bezala pentsatzen duena; ez da, historian gure onerako bakarrik parte hartzen duena.
Jainkoa Jainko da: guztiena da: herri guztiena kultura guztiena, erlijio guztiena, ateo guztiena..
Oraindik denbora asko ez dela, Vatikano II.a kontzilioaren aurretik, teologo katoliko famatuk era oso mugatuan hartzen zuten arazo hau guztia. Herri-mailan hitz egiten genuenean ere halaxe gertatzen zen: kontatzen zuena katoliko izatea zen, gutxienez kristau izatea.
Adibidez, bereizketa egiten genuen kristau-maitasunaren eta maitasun filantropiko baten artean; kristau-maitasunaren eta kristau ez zen batek adiskide bezala bizi zuen maitasunaren artean. Fededuna ez zen pertsona bat, izan zitekeen pertsona oso ona; baina haren eskuzabaltasuna sentimendu gizatar hutsa zen.
Ikuspegi horren arabera, giza historian izan diren pertsonaia handiak (Sokrates bat, Gandhi bat…) heroiak ziren, baina santu ez. Halakoak ez genituen hartzen gaurko jai honetako santuen artean.
Vatikano II.a kontzilioarekin goitik bera aldatu da ikusmolde hori. Beste modu batean interpretatze dugu Biblia, eta Jesus bera.
Hona zer esan digun, adibidez, gaurko lehen irakurgaiak (Apokalipsi liburua 7,9): «Ondoren, gizatalde handi bat ikusi nuen, inork kontaezin ahalakoa; nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea zegoen, tronuaren eta Bildotsaren aurrean zutik, soineko zuriz jantziak eta palma-adarrak eskuetan».
Honen aurretik, Israelgo 12 leinuetako aukeratuak aipatu ditu idazleak, eta segidan dator «gizatalde handi hau». Ez dira salbatu israeldarrak bakarrik, baita «nazio, arraza, herri eta hizkuntza guztietako jendea» ere. Apokalipsi liburu hori idatzi zenean, «nazio» esatea, erlijioa esatea zen: nazio bakoitzak bere Jainko propioa zuen.
Eta gaurko bigarren irakurgaiari jarraituz, Jainkoa aurrez aurre ikusiko dugunean, garbi ikusiko dugu, Jainkoa ez dela mugatzen erlijio jakin bateko kideak salbatzera.
Ebanjelioan, azkenik, Zoriontasunak entzun ditugu. Zoriontasun horiek gizon-emakume guztientzat balio dute; ez dute eskatzen erlijio jakin bateko izatea; eskatzen dutena, maitasuna da, pobreekiko jarrera berezia, bihotz garbia, zuzenaren gose-egarria, bakearen alde borroka egitea…
Oinarri-oinarriko erlijio hori hots egin du Jesusek. Bide hori hartzeko eskatu digu Jesusek. Santu Guztien Eguna ospatzen dugun honetan bide horrekiko geure lotura estutu eta indartu beharko genuke. Jesus ez ezik, Andre Maria ez ezik, Eliza Katolikoan kanonizatutako santuak ez ezik, beste jende asko eta asko daukagu eredu. Horien guztien artean, geure gurasoak, anai-arrebak, osaba-izebak, adiskideak, zuzentasunagatik beren bizia ematen duten geure ingurukoak… Santu izateak ez du esan nahi akatsik ez zutela; esan nahi du, hondo-hondoan zuzenaren aldeko bidea hartu eta bizitzen saiatu zirela.
Eskerrak, Jauna, hainbat eta hainbat lekuko eta testigu, hainbat eta hainbat eredu eman dizkiguzulako.
Dionisio Amundarain