Urteko 31. igandea C 2016-10-30
HOMILIA
Anai-arrebok!
Lukasen ebanjelioan asko azpimarratzen den gai bat dugu gaur ebanjelioan: Jesusen maitasuna, Jesusen errukia. Zakeo gizon aberats eta zerga-biltzaileen buruaz errukitu da. Adierazi nahi digu, giza izaera desberdinena bizi dutenei ere, bere salbazioa eskaintzen diela Jainkoak.
Lukas ebanjelaria 19. kapituluko gaurko pasadizo hau, Zakeorena alegia, prestatu digu aurreko kapituluan, 18. kapituluan:
• 18,9-14an, tenplura otoitz egitera joan diren fariseuaren eta zerga-biltzailearen parabola dakar: fariseua harro-harro; zerga-biltzailea apal-apal;
• 18,16-17an, Jesusek esan digu, haur bat bezalako egiten ez dena ez dela sartuko Jainkoaren erreinuan;
• 18,18-23an, aholku eske datorkion aberatsari, dena saldu eta pobreei emateko esan dio;
• 18,28-29an, dena utzi dutenen saria zein izango den adierazi die ikasleei;
• 18,31-34an, nekaldia iragarri die hirugarren aldiz;
• 18,35-39an, Jerikon itsua sendatu du; ikusi nahian zebilenari ikusmena eman dio; ez, ikusmen fisikoa bakarrik, baizik barne ikusmena ere bai.
Pasarte hauek guztiak Zakeoren pasadizoaren argigarri ditugu.
Zakeo gizon aberatsa da; 18. kapituluko aberats hark ez bezala, onartu egin du Jesusen aholkua.
Jesus ikusi nahian dabil. Eta 18. kapituluan Jesusek esan bezala, haur bihurtu da Zakeo: aberats eta kargu handiko izan arren, eta barregarri bihurtzeko beldurrik gabe, haur bat bezala, arbola baten gainera igo da. Haur egin da Zakeo.
Jendeak bekatari handitzat dauka Zakeo. Baina jakin du Jesusen gonbita onartzen.
Jesusekin mahaian, auskalo zertaz hitz egin zuen. Baina solasaldi hark izan zituen ondoriotatik atera dezakegu, ez zutela hitz egin dirua metatu beharraz. Izan ere, bere ondasunak banatzea erabaki zuen.
Batez ere, Jesusen hitz hauek dira guk gogoan hartu beharrekoak: Gaur salbazioa sartu da etxe honetan; izan ere, gizon hau ere Abrahamen semea da.
Bai. Zakeo Jesus ikusi nahian ibili da. Ez da izan ikusmina bakarrik. Bazuen barruan beste zerbait. Dena den, kontuan izan beharko genuke San Agustinek dioen hau: «Jauna, ez nintzen ni zure bila ibiliko, zu aldez aurretik nire bila ibili ez bazina».
Horrelakoa da Jainkoa. Horrelakoa da Jesus. Maitasuna. Errukia. Lehen irakurgaiak esan digu: «Guztiei barkatzen diezu, guztiak zeureak dituzulako, Jauna, biziaren adiskidea».
Ez dezagun dudarik izan. Guri ere deika ari zaigu Jesus. Bizieraz aldatzera. Ez diezaiogun egin ezentzunarena. Ez diezaiogun debekatu gure etxean sartzea. Berarekin bat egitera deitzen digu; beraren ikasle izatera; Zakeok bezala, gauza askori uko egitera; kristau izaten uzten ez diguten gauza guztiei uko egitera. Esperientzia horixe bera bizi izan dute beste askok eta askok. Konbertitu ziren, duintasuna lortu zuten, bizia eskuratu zuten. Egiogun harrera on bat Jesusen begiratuari.
Dionisio Amundarain