Salba al daiteke bankari aberats bat?
Urteko 31. igandea C (2016-10-30)
Bankariak eta zerga-biltzaileak
Gaurko ebanjelioko protagonista zerga-biltzaileen buru eta aberats bat da. Izen honek ez dio iradokitzen ebanjelioaren gaur egungo irakurle bati judu-herriak lanbide honetako kide batez sentitu ohi zuen gorroto eta mespretxurik: erromatarren zerbitzurako egiten baitzuen lan eta zapaltzen herria zergak biltzean. Antzinako zerga-biltzaile hark ez du zerikusirik gaur egungo bankari batekin. Halere, duela zenbait urtez gero jende askorengan bankari batek eragiten duen gorrotoak laguntza eskaintzen du ebanjelioa ulertzeko, zerga-biltzaileez egindako historia luze batek baino handiagoa. Batez ere, ikustean, bankaria aberastu egin dela eta beren dirua halakoaren bankuan ezarri zutenek den-dena edota kasik dena galdu dutela.
Aberats guztiak infernura bidaliko al ditugu?
Orain arte, Lukas, bere ebanjelioan, ez da mugatu pobreak defenditu eta etorkizun askoz hobe bat iragartzera. Gainera, oso gogor kritikatu izan ditu aberatsak. Magnificat kantikan, Mariaren ahoan ipini ditu hitz batzuk, klausurako moja batenak baino egokiago anarkista batenak liratekeenak; Jainkoa goratzean, hau esan baitu Mariak: «tronutik beheratzen baititu boteretsuak eta goratzen apalak, asetzen ondasunez gose direnak eta esku hutsik bidaltzen aberatsak».
Eta Jesus are latzago mintzo da Lautadako Hitzaldian (Mateoren Mendiko Hitzaldiaren parekoan): «Ai zuek, aberatsok, bai baituzue zeuen poza! «Ai zuek, orain aseak zaudetenok, gose izango baitzarete! «Ai zuek, orain barre egiten duzuenok, aiene eta negar egingo baituzue!» (Lukas 6,24-25). Negar eta lantu egiten duen aberatsaren adibiderik argiena aberatsaren eta Lazaroren parabolakoa da, ez baitu gozatu ahal izango betikotasun zoriontsurik.
Aberats bakar bat ere ez dela salbatuko esan nahi al du honek? Jesusi jarraitu nahi dion, nahiz eta, bere aberastasunei uko egin ezin dielako, azkenean atzera egin duen aberatsaren pasadizoak probatzen du, aberats bat salba daitekeela aginduak betetzen baditu (Lukas 18,18-23).
Zer gertatzen da aberats ustiatzaile baten kasuan? Erantzuna Lukasek dakar gaurko ebanjelioan; segidako puntu hauetan laburbil dezakegu irakaspen hori.
Zakeoren kasua (Lk 9,1-10)
1.-Jesusek ez dio eskatu bazkaltzera gonbida dezan; beraren etxean ostatu hartu nahi duela esan dio. Gauza askoz ere pertsonalagoa da hau. Jesusek, berriro bideari ekingo dionean, presente jarraituko du Zakeoren etxean eta bizitzan.
2.-Jesusen jokabidea eskandalagarri gertatu da. Oraingoan eskandalizatu direnak ez dira izan fariseuak eta lege-maisuak, laiko otoizlari eta teologo aditu den jende hori, baizik eta Jesusen beraren jarraitzaile eta aldeko guztiak izan dira, orain arte aberatsei egin dizkien kritikak txalotu dituztenak.
3.- Honetan datza Jesusen eta beronen aldekoen arteko aldea: zerga-biltzaileen burua hartzeko moduan. Jesusek pertsonatzat hartu du hura eta bere izenaz dei egin dio («Zakeo, jaitsi zaitez…»); Jesusen aldekoek, berriz, mespretxatu egin dute («bekatari bat» da). Aberatsa gaitzesten duen ideologia dute hauek gidari; Jesusek, berriz, fedea du gidari («Zakeo ere Abrahamen semea da») eta galdua dena bilatu eta salbatzeko bere misioa. Zakeoren historiak seme hondatzailearen parabola eta ardi eta moneta galduen parabola dakarzkigu gogora.
4.-Zakeoren jokabideak aldaketa errotikoa eta guztiz gogorra esan nahi du. Jesusek ezer eskatu gabe, bere ekimen hutsez, bere ondasunen erdia emango die Zakeok behartsuei, eta prest dago lau halakoa itzultzera, norbaitez baliatu izan bada. Zakeo ez da subprimeen bankariak bezalakoa. Eta hau da Lukasek irakatsi nahi duena: hipotesiz zuzengabea den aberatsa ere konberti eta salba daitekeela; alabaina, ez dela aski Jesus bazkaltzera gonbidatzea; aldaketa sakona behar zaiola eman bizierari, arlo ekonomikoan bere ondorioak dituena.
5.-Azkenik, Jesusek Zakeorekin izan duen jokabideak esaera zaharra dakar gogora: «Eulia eztira lasterrago ozpinera baino». Jesusek kritikatzen eta gaitzesten ahal zuen Zakeo. Beste behin ere txalotuko zuten bere jarraitzaileek. Baina herria ustiatzen jarraituko zuen Zakeok.
Testu bikain bat
Lehen irakurgaia, Jakinduria liburutik (11,22−12,2) hartua, ebanjelioaren osagarri bikaina da. Jende askok uste du Itun Zaharreko Jainkoa izaki krudel eta epaile zorrotz bat dela, bekatariaren etsai errukigabea. Gaurko testu hau irakurriko duenak ideiaz aldatu beharra izango du: Jainkoaren jarrera Jesusek Zakeorekin izan duena bera da.
José Luis Sicre