Urteko 22. igandea A 2014-08-31
HOMILIA

Anai-arrebok!
Jeremias eta Jesus, Jesus eta Jeremias: biek jasan dute tentaziorik, Jainkoagandik hartu duten misioa eta egitekoa bertan behera uzteko. Biek gainditu dute tentazio hori. Jeremiasek, bihotzean sua izango balu bezala sentitu du hitz egin beharra, tentazioak eskatzen dionaren kontra. Jesusek, bere konfiantza eskaini dion Pedroren ahoberokeriaren kontra, Jainkoaren asmoari eutsi dio.

Jeremias Kristo aurreko 650garren urte inguruan jaio zen. Oso gazterik sentitu zuen profeta izateko Jainkoaren deia. Baina beldurra ematen zion eginkizun horrek: arrisku handikoa misioa zen. Gero eta handiagoa egin zitzaion beldurra. Herriak gustuko ez zuen moduan hitz egin beharra zen Jeremiasi beldurra ematen zion arrazoia. Beldurra eta tentazioa. Halere, Jeremiasen hitzak dira: «Liluratu nauzu, Jauna, eta nik lilura nazazun utzi dizut».

Jesusek, aurreko igandean, dohatsu deklaratu zuen Pedro. Hain zuzen, «Zu, Mesias zara. Jainko biziaren Semea zara», aitortu zuen Pedrok. Gaur, Pedro hark berak, beste adierazpen bat egin du. Jesusek esan die ikasleei, zaharrek, apaizek eta lege-maisuek Jerusalemen gaizki tratatuko dutela eta hilko. Eta Pedrok bota dio: «Ez dakizuke horrelakorik gerta». Bere misioa eta bokazioa burutik kendu nahi dio Jesusi. Pedrok eta gainerako ikasleek Jesusen mesianismoaz beste ideia bat dute: handi-mandi, garaile, aintzatsu imajinatzen dute.

Basamortuko hiru tentazio haiek dakarzkigu burura Pedroren ateraldi honek. Tentazio haietan bezala, tentazioa sentitu du Jesusek Pedroren hitz hauetan. Basamortuko tentazio haietan, Jesusek aski bare erantzun dio deabruari. Pedroren kasuan, berriz, haserre eta asaldaturik ageri da. Askotan, etxekoak, adiskideak izan ohi dira tentaziorik handiena eta beldurgarriena. Halaxe ikusi du Jesusek Pedroren parte hartze hau.

Halere, Jesusek ez du etsi. Badaki, bere egitekoa aurrera eramateko, jende ahulaz baliatu beharko dela: haragizko eta hezurrezko jendeaz. Eta ikasleen taldetxo hori formatzen jarraitu du. Nire ondoren etorri nahi duenak, har beza bere gurutzea.

Azkeneraino eutsiko dio Jesusek gurutzea bera ere hartu beharrari. Getsemanin esango dio ezpata atera duen ikasle bati: «uste al duzu ezin diodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko lizkidake berehala ondoan» (Mt 26,53). Baina ez. Jesusek, Aitak bezala, gizakia libre izateko egina du. Jesus ez da etorri gizakia, inor ere, zapaltzera.

Eta libre izatea kostatu egiten da. Benetako libre izatea ez da txantxetako gauza. Besteak beste, norberarentzat eta besteentzat profeta izatea eskatzen du libre izateak. Eta profeta izatea ez da igarkizun zoroetan jardutea. Profeta izatea, zer zaren eta gizakia zer den aztertzen saiatzea da. Mundua zer ari den eta zer ari beharko lukeen aztertzea. Gustagarri izan ala ez, egiaren bila saiatu eta aldarrikatzea.

Alabaina, egiazko profeta ez da jarduten nolanahi. Gauza bat noiz, non eta nori esan kontuan hartuz jarduten da. Egiazko profeta ez da jarduten obsesionaturik puntu bakar baten inguruan, oso garrantziskoa izanik ere puntu hori. Egiazko profetak badaki gizakia ahula dela. Salatua izatea baino gehiago, esperantzaren irrintzia behar duela.

Jesus ez da mintzatu gurutzea hartu beharraz, piztuera aipatu gabe. Xedea edo helmuga ez da gurutzea. Piztuera da jomuga: pertsona bere heldutasunera iristea, bere betera iristea. Maitasunez eta adiskidetasunez kreatu eta salbatu duen Aitaren altzora iristea. Joan den ostegunean (abuztuaren 28an) ospatu dugun Agustin handiaren esapidea gauzatzea du helburu gizakiak: «zeuretzat egin baikaituzu [Jauna] eta larri dago gure bihotza zugan atseden izan arte» (Aitorpenak 1. liburua I,1.).

DIONISIO AMUNDARAIN