Urteko 29. igandea C 2016-10-29
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko bi irakurgai, lehena eta ebanjelioa, otoitzaz mintzo zaizkigu. Otoitz egin beharraz. Eta otoitzaren indarraz.
Otoitz egin beharra. Jende askorentzat ez da izaten oso erraza behar hori sentitzea. Hona oso denbora-tarte labur batean entzun izan ditudan bi iritzi kontrajarri. Pertsona biak Fatiman egonak. Batarentzat, Fatimako giroa oso lehorra, oso hotza. Bestearentzat, giro eder eta gozoa, esanguratsua.
Behar hori sumatzeko, sentiberatasun berezia behar da. Jakina, fede-sentiberatasuna. Eta hori Jainkoaren dohaina da. Fatima aipatu dudanez, zerk edo zeinek eman zien hango hiru haur haiei, Andre Mariarekiko, Jesu Kristorekiko, Hirutasun Santuarekiko, gizadi osoarekiko agertu zuten sentiberatasun handi hura; adin horretako haurrek, eskuarki, inolaz ere sentitzen ez duten bezalakoa? Erantzuna argi dago: agertu zitzaizkien Aingeruak eta Andre Mariak otoitz egiteko eman zizkieten otoitzek; otoitz-formulak ulertzeko goitiko dohainek. Guk ere eskatu beharko genituzkeen dohainek.
Baina gaurko bi irakurgaiak otoitz-mota berezi batez ari zaizkigu: eskari-otoitzaz. Ezer ere ez genuke ulertuko otoitz-mota horretaz esaten digutenaz, garai hartako ikuspegia eta gaur egungo ikuspegia bereiziko ez bagenitu.
Lehen irakurgaia. Moises otoitzean ari da, Jainkoari eskatzen, suntsi eta akabatu ditzala amalektarrak. Zuzena iruditzen al zaizu eskari hori? Ez, ez eta mila bider ez. Israeldarrak bezain maite ditu Jainkoak amakletarrak.
Ebanjelioa. Epaile gaiztoa eta alarguna. Parabola hau Jainkoari aplikatzeko, aski al genuke esatea, Jainkoa ez dela gaiztoa, epaile hori bezala? Aski al genuke esatea, alargun hori bezain temati izan behar dugula Jainkoarekin? Ez, ez eta mila bider ez.
Beharrezkoa da parabola horren testuingurua kontuan hartzea. Gogoan dugu joan den igandeko pasadizoa: 10 lepradunena. Pasadizo haren ondoren, galdera hau egin zioten fariseuek Jesusi: «Noiz etorriko da Jainkoaren Erregetza, Jainkoaren Erreinua?» Eta Jesusek ez zien eman zuzeneko erantzun zehatzik. Soilik, hauxe esan zien: «Erreinu hori etorriko da». Erreinu hori berandutzen ari dela-eta kontatu du Jesusek gaurko parabola: «egin otoitz etengabe, berandutzen ari dela-eta ez kikildu, ez koldartu, ez galdu animorik».
Eskari-otoitzaz asko hitz egin izan da. Asko idatzi. Labur adierazteko, antzinakoek uste zutenaren kontra, Jainkoak ez ditu konponduko mundu honetako arazoak. Jainkoak ez du «justiziarik» egingo. Jainkoa pobreekin dago. Zapalduekin dago. Zapaldua ez du babestuko zapaltzaileari «zuzentasuna» eginez. Espero baldin badugu, Jainkoak errealitatea aldatuko duela: oker handia. Espero baldin badugu, besteek aldatuko dutela: oker handia. Uste baldin badut, Jainkoak kasu egin didala eta nik eskatua eman didala: oker handia.
Beste hau da arazoa: munduko errealitatea guk geuk aldatzea. Gogoan izan beharko genuke, 16/17. mendekoa holandar Grotius (1583-1645) idazle handiak esandako hura: «etsi Deus non daretur» (Jainkoa ez balitz bezala saiatu behar dugu); hori bera esan zigun naziek erail zuten Bonhoeffer teologo protestanteak: «Jainkoaren aurrean bizitzera deituak gara, baina jainkorik gabe». Hau da, Jainkoak gauzak konpondu zain egon gabe.
Halere, otoitzak arnasa hartzea bezain garrantzizkoa izaten jarraitzen du. Eskari-otoitzean, geure buruari eskatzen diogu, baina gogoan izanik Jainkoa geurekin dugula. Eta bihotzean arazoren bat dugunean adiskide bati esan beharra sentitzen dugun bezala, hala sentitzen dugu bihotzean dugun Jainkoari geure arazoak esan beharra. Konfiantzazko adiskidea dugulako. Norbaiti bihotz-bihotzez esan beharra dugulako.
Izan dezagula geure bihotzean, Jainkoa geurekin dugulako konbentzimendu bizia.
Dionisio Amundarain