Urteko 28. igandea C 2016-10-09
HOMILIA
Anai-arrebok!
Gaurko irakurgaiek, barru-barrutik ateratzen zaigun jarrera bat gogoratzen digute: esker ona. Bai aberatsa, bai sarigarria dela eskerrak ematea! Eskerrak, ama; eskerrak, aita; eskerrak, eskerrik asko, mila esker… Txikitatik ikasi dugu: «zer esaten da?», galdetzen ziguten gurasoek norbaitek karamelu bat ematen zigunean. Eta bai zoroa dela barru-barruan dugu jarrera hori ito nahi izatea!
Horixe gogoratzen digu gaurko ebanjelioak. Jesus Galileatik Samarian barna doa. Bat-batean, 10 lepradun hasi zaizkio oihuka: «Erruki zaitez gutaz». Eta Jesusek: «Zoazte apaizengana». Agindua betetzera doazela, sendaturik sentitu dira. Eta hamarretatik bat, Jainkoa ozenki goratuz, Jesusengana itzuli da, eta haren aurrean ahuspeztu, eta eskerrak ematen hasi.
Senideok, gauza asko dira hemen, kontuan hartzekoak. K.a. 721ean, Sargon asiriar enperadoreak Samariako jenderik prestatuena Asiriara eraman zuen, eta Samaria jende asiriarraz bete. Samarian batzuk besteekin nahasten joan ziren; sinesmen gauzetan ere bat. Horregatik eta ondoren gertatu ziren beste harreman kaxkar askorengatik, samariarrak eta israeldarrak ez ziren batere ondo konpontzen.
Jesus harritu da: «Ez al dira hamar sendatuak? Atzerritar bat bakarrik etorri al da Jainkoa goratuz, niri eskerrak ematera?» Jesusek berak atzerritar deitu dio samariarrari. Jesus ez ezik, beste edozein harritzeko modukoa da gertatua. Bederatzi juduek nahiago izan dute tradizioari eutsi, edozeini barruak esan ohi dionari kasu egin baino. Eskerrak eman baino.
Izan ere, eskerrak ematea ez du gizakiak kanpotik datorkion agindu bat, baldin eta gizaki bezala bizi bada. Nork bere bizia gogoan izatea da guztia. Norbera zer den gogoan izatea.
Adibidez, hona zen dioen K.a. 70. urtean jaio zen erromatar poetak handiak, Virgiliok, paganoak: «Ibaiak ura daraman bitartean, mendiak itzala egiten duten bitartean, zeruan izarrak ikusten diren bitartean, bizirik iraun behar du esker oneko gizakiaren gogoan hartua duen mesedearen oroitzapenak».
Eta Biblian, zenbat eta zenbat aldiz, ageri den esker ona! Hor dugu beste inora joan gabe ere, gaurko lehen irakurgaiko Naaman. Paganoa izanik ere, bere burua sendaturik sentitu duenean, sendatua ez ezik, salbatua sentitu da: hemendik aurrera –dio− ez dut gurtuko Israelgo Jainkoa beste inor.
Eta 8. Salmo zoragarria, osoa, baina laburtzeko, bi txatal: «Jauna, gure Jauna, bai harrigarria zure izena mundu osoan (8,2), «zer da gizakia, zu hartaz oroitzeko?» (8,5).
Eta Rut liburukoa. Noemi israeldarra, erbestera joan beharrean gertatu da; han senarra hil zaio, eta Israelera itzultzea erabaki du. Berekin du Rut erraina, atzerritarra, hau ere alarguna. Bere herrian gelditzeko esan dio Noemi amaginarrebak. Eta Rut-ek: «Zu nora, hara joango naiz ni. Zu non bizi, han biziko naiz ni. Zure herria izango dut neure herri, eta zure Jainkoa izango dut neure Jainko» (Rut 1,16).
Ez genuke bukatuko. Hasieran esandakoa: barru-barrutik ateratzen zaigun jarrera bat da esker ona; horixe baieztatzen digun La-Tse-k ere; K.a. VI. edo IV. mendean bizi izan filosofo handia; taoismoa sortu zuena; dio: «Bihotzaren oroitzapena da esker ona».
Senideok, hausnar dezagun zer garen. Zer? Geure osotasun guztia kontuan harturik: neure «neua», neure ingurunea, neure kreatzailea, neure helmuga. Eskerrak naturagatik, eskerrak animaliengatik, eskerrak gizadiagatik eta gizadiari, eskerrak Elizagatik eta Elizari, eskerra Jainko Jaun kreatzaileari, eskerrak Kristo salbatzailea bidali digu Jainko Jaunari, eskerrak Kristo Jaun anaia, adiskide eta bidelagunari, eskerra Espiritu Santu bihotz-emaileari.
Dionisio Amundarain